«Inoiz baino estuagoa da AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Japoniaren arteko kooperazioa». Horixe esan zuen Joe Biden AEBetako presidenteak atzo, Etxe Zurian Japoniako lehen ministro Fumio Kishidarekin egindako bilkuran.Hizpide izan zituzten Indo-Pazifikoaren segurtasuna, eta, ondorioz, bi herrialdeen arteko aliantza militarra, eta baita ekonomikoa ere. «AEBak erabat konprometituta daude Japoniarekin duten aliantzarekin», adierazi zuen atzo Bidenek.
Dena den, Bidenen eta Kishidaren asmoak ez dira edonola piztu. Txinak nabarmen handitu du bere gaitasun militarra azken urteotan, eta gero eta presentzia eta indar handiagoak ditu Indo-Pazifikoan. Ipar Koreak, gainera, inoiz baino misil gehiago jaurti zituen iaz —Japonia bizilagun du—, eta, Kishidaren arabera, Ukrainako gerraren ondorioz, «ahula» da Asia ekialdeko segurtasuna. Gertakari horiek ere bultzatu dituzte indarrak batzera.
Etxe Zuriko segurtasun kontseiluko bozeramaile John Kirbyren arabera, bi agintariek helburu dute Indo-Pazifikoan «bakea eta segurtasuna bermatzea», eta, horretarako, kooperazio militarra handituko dute. Bada, AEBek nabarmen zabalduko dute uhartedian duten presentzia. Asteazkenean bildu ziren bi herrialde horietako Atzerri ministroak, eta iragarri zuten AEBek tropa gehiago hedatuko dituztela Okinawa uhartean —Japonian 54.000 soldatu dituzte—. Halaber, Asiako herrialdean duten gaitasun militarra handituko dute.
Gaur-gaurkoz G7koen taldekoburuzagitza du Japoniak, eta azken astean Mendebaldeko potentzia handienekin bildu da lehen ministroa. Erantzun positiboa izan dute haren bisita diplomatikoek, segurtasun aliantzak zabaldu baititu, adibidez, Kanadarekin. Ostegunean hango presidente Justin Trudeaurekin elkartu zen, eta harreman ekonomikoa eta militarra sakontzea adostu zuten. Trudeauk esan zion eurek ere handituko dutela Indo-Pazifikoan duten presentzia militarra.
Paradigma aldaketa
Datorren hamarkadarako Japoniaren defentsa plana iragarri zuen Kishidak iragan hilean. Gastu militarra BPG barne produktu gordinaren %2koa izango da 2023 eta 2027 artean; NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren estatuen adinakoa. Bigarren Mundu Gerraz geroztiko gastu militarrik handiena egingodu. Japoniako biztanle gehienek neurria begi onez ikusten duten arren, zergak igo beharko dituzte gastu militarra finantzatzeko, eta, inkesta baten arabera, horren aurka daude herritarren %61.
Japoniak eta AEBek indartu egingo dute beren arteko aliantza
Joe Biden AEBetako presidentea eta Fumio Kishida Japoniako lehen ministroa atzo elkartu ziren, Etxe Zurian. Kooperazio militarra handituko dute, Txinak Indo-Pazifikoan duen «indarrari» aurre egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu