Janzkera kontrolatzearen aurka biluzi den emakume bat atxilotu dute Iranen

Amnesty Internationalek eskatu du berehala aske uzteko, eta, bitartean, ikaslea torturatik eta tratu txarretatik babesteko. Buruko zapia erabiltzea inposatzeko planak bere hartan dirau oraindik.

Barruko arropatan geratzeraino biluzi zen atxilotu dute Iranen. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2024ko azaroaren 4a
14:00
Entzun

Emakumeen janzkeraren afera albiste da berriz ere Iranen. Gobernuak emakumezkoen janzkera gehiegi kontrolatzen duelako salatzeko, oraindik identifikatu ez duten ikasle batek kalera barruko arropa soilik jantzita irtetea erabaki zuen, joan den astean, Teheranen. Atxilotu egin zuten, eta oraindik ez dago haren berririk.

Amnesty International GKE gobernuz kanpoko erakundeak emakumea berehala aske uzteko eskatu du, eta gertatutakoa argitzeko ikerketa independente bat martxan jartzeko. «Irango agintariek berehala eta baldintzarik gabe utzi behar dute aske emakumea», galdegin du GKEak sare sozialetan. «Eta, bitartean, torturatik eta tratu txarretatik babestu behar dute, eta abokatu batekin eta bere familiarekin harremanetan dagoela ziurtatu».

Dirudienez, emakumea Basij paramilitarrekin liskar bat izan ostean atxilotu zuten Teherango Azad Unibertsitatean. Sare sozialetan zabaldu diren bideoetan ikus daiteke emakumea arropa kentzen, protestari ekiteko. Beste batean, kaleko jantzitako gizon batzuk ageri dira ikaslea auto batean sartzen. 

Unibertsitateko ikasleen Amir Kabir hedabidearen arabera, paramilitar bat jazarri zitzaion emakumeari buruan zapirik ez eramateagatik, eta jo egin zuten atxilotzean.

Amini eta Badri

Janzkerarena gai delikatua da Iranen. Duela bi urte herrialdea astindu zuten Mahsa Aminiren heriotzak eragindako protestek. Amini beloa «gaizki jantzita» eramateagatik atxilotu zuen Moralaren Poliziak, eta hiru egunez koman egon eta gero hil zen. Poliziaren arabera, gaitz batek eragin zuen heriotza. Familiak, ordea, ukatu egin zuen Aminik osasun arazoak zituela.

GKEen arabera, bostehun lagun baino gehiago hil ziren heriotza hark eragindako protestetan —horietako 71, adingabeak—, eta 60.000 lagun inguru atxilotu zituzten. NBE Nazio Batuen Erakundeak aurten bertan egotzi dio Irani «gizateriaren aurkako krimenak» egitea hilabete haietan.

Beloa eramateari utzi dioten emakumeak badira ordutik, eta, kontrola berrezartzeko xedez, herrialdeko Guardia Iraultzaileak Argia plana abiatu zuen apirilean. Hala, Polizia kalera itzuli zen beste behin, buruko zapirik ez daramatenei hura erabiltzea inposatzeko. Eta beste biktima bat izan zen uztailean: 31 urteko Arezu Badri paralitiko utzi zuen Irango Poliziak, hura tirokatu eta gero, herrialde iparraldeko Nur hirian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.