Rosalea Hamilton. Abokatua

«Jamaikan arrasto handia utzi du iragan kolonialak»

Aberastasunaren banaketa desorekatua Jamaikaren iragan kolonialaren ondorio da, Hamiltonen ustez. Errepublikaren eta demokrazia zuzenaren aldekoa da abokatua.

ROSALEA HAMILTON.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Jamaikako erregea Charles III.a da, baina gobernua eta oposizioa errepublikaren aldekoak dira. Erreferendum bat antolatzeko asmoa dute, estatuburutzaz herritarrek erabaki dezaten. Rosalea Hamilton abokatu eta ekonomialaria (Kingston, Jamaika, 1958) Jamaikako Zuzenbide eta Ekonomia Institutuko zuzendaria da, eta Jamaika errepublika bihurtzearen alde dago.

Ikusi gehiago:Commonwealtharen etorkizuna jomugan

Nola aldatuko litzateke Jamaika errepublika bihurtuko balitz?

Aldaketek denbora behar dute, eta jamaikarrei ahotsa ematean, herritarrak subirano bihurtzean, gertatuko dira. Dena den, aurreikus dezaket Jamaikako Errepublikak herritarren bizi kalitatea hobetzea ekarriko duela.

Zer arazo nagusi dituzue Jamaikan?

Krimena eta hezkuntza. Hilketa tasa oso handia da, eta gutxi batzuek baino ez dute kalitatezko hezkuntza jasotzeko aukera.

Iraganeko britainiar inperialismoaren ondorio dira?

Bai. Jamaikan arrasto handia utzi du iragan kolonialak. Boterea eta aberastasuna pertsona gutxi batzuen eskuetan dago: gutxiengoak bizi kalitate oso handia du, eta gehiengoak, oso txikia. Jamaikarren %20 berea ez den lurretan ari da lanean; ez dituzte etxebizitza egokiak, eta ikasketa oso gutxi izan dituzte. Gainera, arrazakeria eta klasismoa oso handiak dira Jamaikan.

Jamaika errepublika bihurtzeak konponduko ditu arazo horiek?

Konpondu ditzake, baina ez edonola. Guyana, Trinidad eta Tobago, eta Dominika errepublika bihurtu ziren, baina gobernuen boterea nabarmen indartu zuten, eta herritarren ahotsa oso mugatua da oraindik. Nire ustez, Jamaikako Errepublikak deszentralizazioaren eta demokrazia zuzenaren alde egin beharko luke, herritarrek erabakiak hartzeko gaitasuna izan dezaten.

Herritarrak errepublikazaleak dira?

Errepublika bihurtzearen ikuspegiak aldatzen ari dira. Azken inkesten arabera, jamaikarren %27 baino ez da monarkiaren aldekoa. Duela hamarkada bat %40 zen.

Gizarteko sektore jakinen bat da monarkiaren aldekoa?

Adineko pertsona gehienak monarkiaren alde daude, baina belaunaldi gazteak errepublikazaleak dira, iragan kolonialarekin eta utzi dituen ondorioekin lotzen baitute monarkia. Dena den, Jamaikak, errepublika bihurtuko balitz, Commonwealth erakundeko kide izaten jarraituko luke. Horrek ez du eztabaidarik piztu.

Commonwealthak mesede egiten dizue?

Nire ustez, ez. Gezurra da kide guztiek estatus bera dutela, eta, gainera, Jamaikaren gisako herriei ez die laguntzarik ematen garapena bultzatzeko.

Andrew Holness Jamaikako lehen ministroak konpentsazio ekonomiko bat eskatu dio Erresuma Batuari, iraganeko esklabotzaren erantzule izateagatik.

Erresuma Batuko errege familiak esklabotza eta pertsonen trafikoa bultzatu zituen Jamaikan, eta gure arbasoen odolarekin eta izerdiarekin etekinak atera zituzten. Konpentsazio ekonomiko bat eman behar digute, baita barkamena eskatu ere.

Egingo dutela uste duzu?

Egin beharko lukete, guk justizia behar dugulako. Hala ere, ez dut uste egingo dutenik.

Ezagutuko duzu Jamaikako Errepublika?

Bai. Erreferenduma egitean, gehiengoak erregea estatuburutzatik kentzearen alde bozkatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.