Gilbert Achcar (Dakar, 1951) Nazioarteko Harremanetako irakaslea da Londresko Unibertsitatean. Senegalen jaio zen, eta Libanon hazi, eta Hezbollahren eta Israelen arteko gatazka izan du ikergai. Ekialde Hurbileko gatazken inguruan idatzi du; besteak beste, The 33-Day War: Israel’s War on Hezbollah in Lebanon and its Consequences, 2007an (33 eguneko gerra: Israelek Libanon Hezbohllaren aurka egindako gerra eta haren ondorioak). Haren ustez, Israelek Hezbollahko kideen aurka azken egunetan egindako erasoak «azken abisu bat» dira, eta Palestinako gatazka eskualdera hedatzeko arriskua dagoela ohartarazi du.
Non ditu sustraiak Hezbollahren eta Israelen arteko gatazkak?
Sortu zenetik, Hezbollah Israelekin nolabaiteko gerra batean murgilduta egon da. Israelek 1982an Libano inbaditu ostean sortu zen Hezbollah; 1985ean, hain zuzen. Israelgo okupazioaren aurkako borroka hori izan da Hezbollahren identitatearen ezaugarri nagusia; beren buruari erresistentzia islamikoa esaten diote. 2000. urtean Israelgo armada Libanotik joan zen arte, garrantzi handia izan zuten borroketan. Gero, armak ez uztea erabaki zuten, arriskuak hor jarraitzen duela iritzi diolako.
Eta gaur egungo gatazkak?
Joan den urriaren 8an hasi zen, Hamasek Israelen aurka eraso egin eta biharamunean. Israel iparraldea bonbardatzen hasi ziren. Eraso horien helburua Israelgo armadaren arreta desbideratzea izan da; betiere gerra bete-betean hasi gabe.
Hezbollahk Gazarekiko elkartasun ekintza bezala ulertzen ditu erasoak. Are gehiago, behin baino gehiagotan esan dute bonbardaketak etengo dituztela Gazarako menia bat sinatzen dutenean. Israelek, ordea, Gazako eta Libanoko fronteak bereizten ditu.
Nor da Hezbollahko kideen gailu teknologikoen eztanden erantzulea?
Oso argi dago: Israel izan da. Haren zerbitzu sekretuak espezializaturik daude halako erasoetan. Diotenez, Hezbollahko kideren batek susmoa zuen zerbait gaizki zegoela tresna horiekin, eta, horrek hankaz gora jarri ahal zuenez plana, eztandak aurreratzea erabaki zuen Israelek. Izan ere, tresna horien eztanda askoz eraginkorragoa izango litzateke Israelek gerra bete-betean hasteko orduan lehertuko balitu.
Uste duzu gerra bat piztu daitekeela Ekialde Hurbilean, beste herrialdeen parte hartzearekin?
Israelek Hezbollahren aurkako gerra bete-betean hasten badu, Iranek erantzun egin beharko du. Izan ere, Hezbollahk argi adierazten du Iranen indar militarren parte dela. Iranek ez balu ezer egingo, sinesgarritasun oro galduko luke.
Eta Iran gerran sartzea da Israelentzako benetako arrisku bakarra. Iranek iragan apirilean erakutsi zuen gai dela Israelen aurka misilak eta droneak jaurtitzeko. Hezbollahk 150.000 misil inguru dituela esaten da; baina Iranek askoz gehiago ditu. Biek Israel bonbardatzen badute, AEBen laguntza beharko du.
Zer rol du Hezbollahk Libanon?
Estatu barruan dagoen estatu bat da Hezbollah, nolabaiteko estatu paralelo bat. Estatu baten ezaugarri guztiak ditu: armada, Polizia, komunikazio iturriak, ekonomia propioa —Iranek finantzatua, noski— eta zerbitzu publikoak; osasuna, besteak beste. Xiiten estatua da Libano barruan. Hego Libanon eta hego Beiruten hainbat gune kontrolpean dituzte; xiita gehien duten guneak.
Zein da Hezbollahren ideologia nagusia?
Hezbollahren ideologiak bi ezaugarri nagusi ditu. Alde batetik, fundamentalismo islamikoa du oinarri. Irango Errepublika Islamikoaren ideiei jarraitzen diete kideek, eta Khomeini dute gidari [iraultza islamikoaren buru izan zen 1979an]. Kontrolatzen dituzten eskualdeek Iranen duten antzeko sistema bat dute.
«Estatu barruan dagoen estatu bat da Hezbollah, nolabaiteko estatu paralelo bat»
Bestetik, haien identitatearen —eta irandarren— alde garrantzitsu bat Israelekiko oposizioa da. Iranen kasuan ez bezala, Hezbollahrentzat da zerbait ideologikoa soilik: hortik harago doa. Okupazioa eta bonbardaketak direla eta, oso presente dago Israel Libanoko herritarrengan.
Israelek esan du gerra «fase berri batean» sartu dela. Zer esan nahi du?
Presioa areagotzen ari dira, soldaduak iparraldera mugitzen ari dira. Gazan gerra intentsiboaren fasea amaitu dutelako egin dute hori. Hala ere, ez dute Hezbollahren aurkako gerra bat hasiko AEBen oniritzirik gabe. Hezbollahren aurkako gerra batean hura eskualdera zabaltzeko arriskua duenez, AEBen laguntza behar du Israelek. Gaur-gaurkoz, [AEBetako presidente Joe] Bidenen administrazioa Libanon gerra bat hastearen aurka agertu da.
Zer espero dezakegu datozen hilabeteetan?
AEBetako hauteskundeen emaitzen araberakoa izango da. [Israelgo lehen ministro Benjamin] Netanyahu bozei oso adi dago. Donald Trumpek irabaztea nahi du, noski. Netanyahuk ez zuen onartu Bidenek proposatutako su etena, eta, horrela, opari bat egin dio Trumpi. Trumpek irabaziko duela uste badu, ez du eraso handirik egingo hura Etxe Zurira heldu arte; gero, Trumpek kargu hartutakoan, haren babesarekin egingo du eraso.
Kamala Harrisek irabaziko duela uste badu, berriz,
baliteke gerra aurreratzea Bidenen presentziaz baliatuta. Bi hilabetez egongo da Biden Etxe Zurian hauteskundeen ostean, eta tarte horretan ahul egongo da presidentea. Biden Israelen aldekoegia da haien aurkako neurririk hartzeko.