Giani Farci. Spaciada Sa Bregungia taldeko kidea

«Jada ez dago zertan lotsatu sardinieraz aritzeagatik»

Farcik «funtsezkotzat» jo du haurrak alfabetatzea, sardiniera hurrengo belaunaldietara pasatuko dela bermatzeko. Datorren irailean, murgiltze ereduko haurtzaindegi bat jarriko dute martxan, Cagliarin.

MARCO SANTOPADRE.
Marco Santopadre
Cagliari
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
«Sardinieraz hitz egin behar da familian, eskolan, telebistan, kalean, leku publikoetan. Aukera izan behar dugu sardinieraz nonahi aritzeko. Ukatuak dauzkagu eskubide linguistikoak, eta sardiniarrak berak ere ez dira konturatzen».

Duda izpirik ez du Gianni Farcik. Sardiniaren hego-ekialdeko herrixka batean jaio zen, baina urte ugari da Cagliarira joan zela bizitzera, uharteko hiri nagusira. Militantzia politikoan ibilia da, eta, azken urteetan, sardiniera ikertzen aritu da, hura hobeto ezagut dadin. Horrez gainera, hizkuntz politikan ere aritu da, eta haur liburu batzuk sardinierara itzultzen ere bai.

Duela urtebete pasatxo, haur bat izan zuen. Orduan, seme-alabak sardinieraz mintzo den gizarte batean hazi nahi dituzten guraso batzuk ezagutu zituen, eta hizkuntz ekintzaile bihurtu zen. Zenbait galdera egin dizkio BERRIAk.

Zertan datza zuen ekina?

Oso talde txikia gara, baina helburu handi bat dugu. Gurasoek izan ohi duten joera bat irauli nahi dugu: elkarrekin oso maiz sardinieraz aritu arren seme-alabekin hizkuntza horretan ez egiteko joera, hain zuzen. Horrexegatik hautatu genuen Spaciada sa Bergùngia izena taldearentzat: sardinieraz, kito lotsa. Jendeak jada ez du zertan lotsatu sardinieraz aritzeagatik seme-alabekin, edo eskolan, edo bankuan, edo auzitegian, edo ezkonegunean.

2021eko neguaren amaieran sortu zen Spaciada Sa Bregungia. Modu formalean ez gara elkarte bat, nahiago dugulako egitura horizontala izan eta erabakiak batzarretan hartu. Sassariko, Urzuleiko eta Sardiniako beste zenbait tokitakorik ere badago taldean.

Nondik piztu zen beharra hala haurrak nola helduak sardinieraz alfabetatzeko?

Haurrak sardinieraz alfabetatzea funtsezkoa da bermatzeko gure hizkuntza hurrengo belaunaldietara pasatuko dela. Hala egin ezean —eta tamalez horixe ari da gertatzen—, hemendik urte batzuetara oso jende gutxik erabiliko du gure hizkuntza, eta hiztun gehienak zaharrak izango dira, gainera.

Sardiniar herriak etorkizuna izatea nahi badugu, haren hizkuntza salbatu behar dugu. Horixe dugu ezin ukitu den azpiegitura nagusia.

Sardiniarrak gabetzeko prozesua, ordea, oso aurreratuta dago, eta, horregatik, heldu askok, hirietakoek batez ere, ez dakite gure hizkuntza, edo ez dute erabiltzen. Hori dela eta, helduak trebatzeko premia ere piztu zen. Sardinian elkarte asko dabiltza horretan; Cagliarin, esaterako, Lingua Bia ari da [hizkuntza bizia].

Nola dago sardiniera egun?

Sardinieraren argazki bat egingo bagenu gaur egun, esan beharko genuke uharteko biztanle dezentek erabiltzen eta ulertzen dutela oraindik. Aldiz, haren egoeraren film bat egiten badugu, hau da, begiratzen badugu zer bilakaera izan duen, ikusiko dugu oso gaizki dagoela. Europako zenbait tokitan, aspalditxotik erabiltzen ari dira tokiko hizkuntzak biziberritzeko politikak; Sardinian, berriz, ez da halakorik egin, eta beldur gara, gainera, ez dela sekula irmo egingo. Horren ondorioz, azken urteetan, eremu handia galdu du ezagutzaren aldetik. Eta eremu urbanoetan gertatzen ari da hori batez ere, uharteko hiririk handienean bereziki, Cagliarin.

Zer fasetan dago eskola sisteman sardiniera sartzeko prozesua?

Esan genezake ia hasi ere ez garela egin. Irrigarria da eskolarako adinean dauden haurretatik zenbatek duten aukera ordu batzuk sardinieraz emateko —urtean hirurogei ordu gehienez—. Tartean diren eragileetako bakar batek ere ez du benetako interesik sardiniera eskolara eramateko.

Eskatzen dugu sardiniera nahitaezkoa izan dadila eskola guztietan, maila guztietan, eta sardiniera ardatz izango duten murgiltzeak abia daitezela ikastetxeetan.

Horregatik ari zarete ahaleginean Cagliarin murgiltze ereduko haur eskola bat zabaltzeko?

Diglosiaren mende dauden hizkuntzak biziberritzeko metodo bat da murgiltze ereduko eskolak sortzea. Guraso batzuekin batera, Cagliarin murgiltze ereduko haurtzaindegi bat sortzeko proiektu aitzindari batean ari gara lanean. Donazioak biltzen ari gara orain, eta egitasmoak abiarazten proiektua herritarrei esplikatzeko. 2022ko irailean jarriko da martxan haurtzaindegi hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.