Jada 80 inguru dira matxinoek Burkina Fason bahitutako emakumeak

Inork ez du bere gain hartu gertatutakoa, baina Al-Qaedarekin eta EIrekin lotutako talde islamisten erasoak ohikoak dira herrialde horren iparraldean

Jada 80 inguru dira matxinoek Burkina Fason bahitutako emakumeak.
Igor Susaeta.
2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Burkina Fasoko Gobernuak herenegun jakinarazi zuen armatutako matxino batzuek 50 bat emakumezko bahitu zituztelaurtarrilaren 12an eta 13an, herrialdearen iparraldean, Arbinda eskualdean. Hango iturri ofizial batek Radio France Internacional irratiari atzo adierazi zionez, ordea, 80 inguru dira bahitutakoak. Inork ez du bere gain hartu gertatutakoa, baina Al-Qaedarekin eta EI Estatu Islamikoarekin lotutako muturreko talde islamistak 2015az geroztik ari dira atentatuak eta bahiketak egiten Burkina Fasoko eremu horretan.

Iturri ofizialen esanetan, emakumeak Arbinda eskualdeko bi herrixkatako aldirietan bahitu zituzten, fruituen bila joanak zirenean. Radio France Internacionalen zehaztu zutenez, hiru multzotan hartu zituzten gatibu: aurrenekoan 45 bat emakume; bigarrengoan, hogei inguru; eta hirugarrengoan, hamabost. Talde islamistek ezarritako blokeoaren ondorioz, jaki eskasia pairatzen ari dira hango herritarrak, eta Elikaduraren Munduko Kontseiluak azpimarratu du Burkina Fasoko 3,5 milioi biztanlek elikatzeko arazo larriak dituztela —23 bat milioi biztanle ditu—. Hain zuzen, Arbindako gizarte zibileko lider bozeramaile batek egoeraren larritasunaz ohartarazi zuen azaroan: «Herritarrei erreserbak bukatu zaizkie, eta giza hondamendi baten atarian daude». Kontuan hartu behar da, gainera, gatazkaren eraginez Burkina Fasoko toki askotan ezin dela lurra landu. NBE Nazio Batuen Erakundeak esan izan du milioi bat lagun inguru ari direla blokeoa jasaten.

Saharaz hegoaldeko Afrikan dago Burkina Faso, mendebaldean, eta ez du itsasorako aterabiderik. Pobrezia handia da, eta egoera politikoa ez da inondik inora egonkorra. Militarrek bi estatu kolpe eman zituzten iaz. Urtarrilekoan, kargutik kendu zuten 2015az geroztik herrialdeko presidente izandakoa, Roch Marc Christian Kabore, eta junta militarrak hiru urteko trantsizio epe bat onartu zuen. Irailean, baina, militarrek beste kolpe bat eman, eta Ibrahim Traore kapitainak aurreko junta indargabetu zuen.

Lider berriak nabarmendu zuen lehentasun zuela matxinoek hartutako lurrak berreskuratzea. Ikerketa taldeen eta eskualdeetako buruzagien arabera, gobernuak herrialdearen erdia du kontrolpean, gutxi-asko. Muturreko talde islamistek milaka lagun hil dituzte azkeneko urteotan, eta bi milioi desplazatu eragin; hau da, herrialdeko biztanleen %10. Al-Qaedaren eta EIren adarren arteko borrokak ere ohikoak dira.

«Beharbada, bahisari bila»

Segurtasun Ikerketen Institutua Malin dago —Burkina Fasoren mugakidea da—, eta, hango ikertzaile Fahiraman Rodriguez Konek The New York Times egunkariari esan dionez, EIren tokiko adarrak, adibidez, emakumezkoak bahitu izan ditu Nigerian eta Afrikako beste herrialde batzuetan, baina Burkina Fason ez da ohikoa izan. «Beharbada, xantaia estrategia bat da, edo bahisari bat nahi dute».

Hori bai, azkeneko urteotan islamistek aldika-aldika egin izan dituzte zibilen kontrako erasoak herrialdean. Bi adibide. Batetik, 2021eko abuztuan Arbindara bidean zihoan konboi bati eraso egin zioten, eta 65 zibil hil zituzten. Eta, bestetik, 2019ko abenduan 35 zibil hil zituzten Arbindan bertan egindako eraso batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.