Jada 121 dira jende olde baten ondorioz Indian hildakoak

Jende pilaketa ospakizun erlijioso batean izan da, herrialdearen iparraldean. Poliziaren txostenaren arabera, baimendutako pertsona kopurua hirukoizten zuten ekitaldian bildutako ikusleek.

Jende oldean harrapatutako biktimen arrastoak, Hatraseko barrutian, Indian, atzo. HARISH TYAGI / EFE.
Jende oldean harrapatutako biktimen arrastoak, Hatraseko barrutian, Indian, atzo. HARISH TYAGI / EFE.
2024ko uztailaren 3a
14:13
Entzun

Jada 121 hildako zenbatu dituzte Uttar Pradeshen, India iparraldeko estatuan, atzo ospaturiko ekitaldi erlijioso batean bilduriko jende olde batean. Polizia txostenaren arabera, agintariek baimendutako pertsona kopurua halako hiru bertaratu zen ospakizunera; hau da, 250.000 lagun. Hil nahiz zauritu diren gehienak emakumeak direla ziurtatu du Poliziak.

Uttar Pradeshko Hathras barrutian ospatu zuten atzo satsang hinduen ekitaldia, Bhole Baba guru ezagunak zuzendutakoa. Ikusleak guruaren oinak ukitzen saiatzen hasi zirenean gertatu zen jende oldea. Ondorioz, eserita nahiz makurtuta zeudenak pilatuta gelditu ziren «kontrolik gabeko» ikusleriaren azpian, txostenean adierazita dagoen bezala. The Guardian egunkariak jaso dituen testigantzen arabera, euria ere hasi zuenez, jendea irristatu egin zen, eta han inguruko lubaki batera erori zen.

Poliziak adierazi du ekitaldiaren antolakuntzaren aurkako salaketak erregistratu dituela. Gainera, Bhole Baba gaur atxilotzea espero dute, oraindik ez badakite ere non dagoen ospakizunetik alde egin zuenez geroztik. Hainbat txostenek diotenez, guruaren benetako izena Suraj Pal da, baina aguazil kargua utzi ondoren Bhole Baba deitura hartu zuen. Milaka jarraitzaile ditu, eta Indiako herrixketan emanaldi ugari eskaini ohi ditu.

Indiako lehen ministro Narendra Modik hitzeman du biktimak «ahalik eta gehiena» laguntzen ahaleginduko dela gobernua, sorospen eta erreskate lanetan «konpromisoa» hartuz. Bestalde, Uttar Pradeshko Hezkuntza sailburuorde Sandeep Singhek eskatu du ezbeharraren erantzuleen aurkako «neurri zorrotzak» hartzeko.

Ez da lehen aldia

Sarri gertatzen dira jende pilaketak eragindako ezbeharrak Indiako ospakizun erlijiosoetan. Ekitaldi jendetsuetako segurtasun eskasa nahiz horiek gauzatzen diren lekuetako azpiegitura prekarizatuak dira arrazoi nagusiak, hainbat ikerketak ondorioztatu dutenez. Rajesh Kumar Jha Indiako Parlamentuko kideak ohartarazi zuen segurtasun protokoloak «behar bezala» hartu ezean atzoko ezbeharraren gisako gehiago gertatuko direla.

Besteak beste, 2013an 115 lagun hil ziren Madhya Pradesh estatuan, hango tenplu baten ondoko zubia erortzeko zorian egoteak izua eragin baitzuen, eta jende pilaketak sortu. 2011n, berriz, 100 pertsona hil ziren India hegoaldeko Kerala estatuko ekitaldi batean. Nolanahi ere, 2008ko irailean Jodhpur tenpluaren sarbidean pilaturiko jende oldeaz geroztik —150 hildako— izan den gertakaririk larriena da atzokoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.