Malko artean esan du adio Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak. Otsailaren 7an agintea utziko duela iragarri du gaur, Alderdi Laboristaren urteko lehen bilkuran. «Erantzukizun handia dakar lan pribilegiatu honek, eta ez dut lan hori behar bezala betetzeko adina indar», esan du. Uda da orain hego hemisferioan, eta adierazi du oporretan indarberritzea espero zuela, baina ez duela lortu: «Jarraituko banu, kalte egingo nioke Zeelanda Berriari». Hala ere, parlamentari postuari eutsiko dio datorren urrira arte.
Harrabotsa handia eragin du haren erabakiak. Dimitituko zuen zurrumurruak zabaldu ziren iazko urte amaieran, baina Ardernek horiek gezurtatu, eta esan zuen ez zuela kargua uzteko asmorik. Handik aste gutxira, ordea, «akituta» dagoela adierazi du. Gaineratu du agintean egin dituen sei urteak «oso zailak» izan direla, eta horrek asko eragin diola.
Lehen ministro karguan egon den sei urteotan, aurrekaririk gabeko zenbait egoerari egin die aurre Ardernek. Haren agintaldiaren erdi-erdian egin zuen eztanda COVID-19aren pandemiak. 2019an eskuin muturrak bi meskitei egin zien eraso Christchurchen, eta, urte berean, White Island sumendia piztu zen —22 hildako utzi zituen—.
Koronabirusaren pandemiaren kudeaketarengatik mehatxuak jaso ditu azken bi urteotan. Zehazki, txertoen aurkako taldeen aldetik. Hala ere, adierazi du politikan jasan dituen oztopoak eta zailtasunak ez direla «haren erabakiaren arrazoi nagusia». Adierazi du bere bizitzako «urterik oparoenak» izan direla.
Herritarrek ontzat eman dute haren lana. 2020ko hauteskundeetan gehiengo handia eman zioten, eta haren alderdiak bakarrik gobernatzeko aukera. Inoiz ez da halakorik gertatu herrialdean 1996. urtetik. Dimisioaren berri ematean, honako mezu hau plazaratu die herritarrei: «Espero dut nire agintaldiaren ondoren herritarrek jakitea posible dela atsegina baina indartsua, ulerkorra baina irmoa, optimista baina errealista izatea».
37 urterekin herrialdean inoiz aukeraturiko emakumezko lehen ministrorik gazteena bihurtu zen, 2017. urtean. Karguan zegoela, ama izan zen, eta bi eginkizunak normaltasunez bateratzen saiatu zen; besteak beste, haur txikia Nazio Batuen Erakundearen Asanblea Nagusira eramaten, 2018an. Halakorik egiten lehenengo buruzagia izan zen, eta irudiak zeresana eman zuen.
Igandean bozkatuko dute Alderdi Laboristako legebiltzarkideek haren ordezkoa. Hautagaiak ez badu lortzen bi herenen sostengua, alderdiko militanteek bozkatuko dute. Foku mediatikoa alderdiko zuzendariorde eta Finantza ministro Grant Robertsoni zuzendu da. Baina hark adierazi du ez duela Alderdi Laboristako lidergoa nahi.
Hauteskundeetara begira daude
Datorren urriaren 14an dituzte hauteskundeak Zeelanda Berrian, eta, irudi du laboristek ez diotela eutsiko orain arte izan duten nagusitasunari. Azken hilabeteotan egindako inkesten arabera, aurrea hartuko die oposizioko Alderdi Nazionalak.
Hala ere, Ardernek adierazi du beherakada horrek ez duela eraginik izan haren dimisioan. Are, gaineratu du «erronka horri aurre egiteko aurpegi berriak behar» dituztela.
Nazionalen buru Christopher Luxonek ez du adierazpenik egin bozen harira. Baina lehen ministroaren ibilbidea txalotu du: «[Ardernek] ekarpen esanguratsua egin dio herrialdeari. Mundu mailako paisaia politikoan Zeelanda Berriko ordezkari indartsua izan da».
Nazioarteko zenbait agintarik ere omendu dute haren lana. Australiako lehen ministro Anthony Albanesek hitz hauek eskaini dizkio haren Twitterreko kontu ofizialaren bidez: «[Arnerdek] inteligentzia eta indarrarekin nola agindu erakutsi dio munduari. Inspirazio iturri handia izan da askorentzat, eta, niretzat, oso lagun on bat».
Jacinda Ardern has shown the world how to lead with intellect and strength.
— Anthony Albanese (@AlboMP) January 19, 2023
She has demonstrated that empathy and insight are powerful leadership qualities.
Jacinda has been a fierce advocate for New Zealand, an inspiration to so many and a great friend to me. pic.twitter.com/QJ64mNCJMI