Ebola. Gaitzaren hedapena Afrika mendebaldean

IZURRIAREN EPIZENTROA, BAKARTUTA

Ebolak bortitz jo du Afrika mendebaldea. Liberia, Ginea eta Sierra Leonari oldartu, eta, oraingoz, 3.880 hildako eragin ditu. Osasun sistemen baliabide gabeziak eta nazioarteko herrialdeen laguntza eskasiak zabalkundeari trabak jartzea zaildu dute: kutsatuen kopurua gora doa egunetik egunera.

Gizon bat, Sierra Leonako Freetown hiriko bazter batean, kaleak hutsik direla, ebolaren hedapena saihesteko gobernuak ezarritako hiru eguneko etxeratze aginduari muzin eginda, irailean. TANYA BRINDA / EFE.
Oihan Vitoria.
2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Asaldura berebizikoa sortu du nazioartean Madrilen ebolaz kutsatu den erizainaren kasuak. Han-hemengo hedabideen fokupetik ihes egin ezinik ibili da egunotan, mundu guztiko lerroburu nagusien protagonista. Zeharkatu du marra gorria, gurutzatu du Afrikako muga. Eta berariaz piztu dira alarmak; beldur, psikosi, ezjakintasun eta gaitza zabaltzeko arriskuen bueltan.

Birusaren sorlekuan, nolanahi ere, berdin jarraitzen du egoerak. Zazpi hilabeteren ostean, okerrera baino ez du egin: erabateko krisi politiko eta ekonomikoan, osasun zerbitzuak hankaz gora dira, eta urriegia da laguntza. Ur bizietan murgilduta daude Liberia, Ginea eta Sierra Leonan. Ebolagatik kutsatu eta hil direnen kopurua handitu eta handitu ari da etengabe; langarik gabe. Oihartzuna, dena den, ez da Europako kasuen adinakoa. Izurritearen epizentroa izanda ere, alboratuta dauzkate. Kaiolan sartuta. Bazter batean lagata. Itzalpe ilunera kondenatuta.

1976. urtean identifikatu zuten aurrenekoz ebola, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Sudanen; 602 lagun kutsatu, eta 402 hil ziren orduan. Geroztik, alabaina, dozena bat epidemia izan dira. Denetan larriena, aurten Ginea, Liberia eta Sierra Leonan zabaldutakoa. Afrika mendebaldea jo du birusak, lehen aldiz: Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, oraingoz, 8.000 pertsonatik gora kutsatu eta 4.000 hil ditu inoizko izurrite okerrenak.

Lehenbiziko ebola kasuak joan den martxoan baieztatu zituzten, Ginean. Hala ere, hiru hilabete lehenago, iazko abenduan hasi zen bazterrak asaldatzen. Sukar handiak eta goragaleak jota, 2 urteko haur bat artatu zuten Meliandoun. Bi egunera zendu zen, modu harrigarrian. Astebetera hil ziren umearen arreba, ama, amona eta beste lagun bat. Gerora jakin zuen OMEk ebolagatik galdu zutela bizia. Alarma denak piztu zituzten.

Nahierara, alderik alde hedatu zen ordura arte birus kutsakorra, bidean inolako oztoporik aurkitu gabe. Basoz inguratuta dago Meliandou, Liberia eta Sierra Leonarekin mugan. Gaitzaren hedapena erraztu zuen horrek. Urteetan baso horietan bizitako ehiztariak jo dituzte birusaren eramailetzat, kutsatutako animaliak jateagatik.

Nekeza zen ebola kasu berriak detektatzea; areago, horrenbeste gaixotasunen artean. Oharkabean hasi ziren eritasunak nahasten, eta jendea leku batetik bestera mugitzen. Ezegonkortasun eta bizi-baldintza kaskarrek Liberia eta Sierra Leonara zabaldu zuten ebolaren birusa. Baita Nigeria eta Senegalgo bizpahiru tokitara ere, oraingoz «egonkor» diren arren.

Birusa, kontrolik gabe ihesi

Epidemia garaiz atzemateko mediorik ez eta, ezinegona nagusitu zen mediku, herritar eta erakundeen artean. Konturatu orduko, ihes eginda zegoen birusa, kontrolik gabe. Kolerak eta infekzio gaixotasun frankok larriki jotako herrialdeak dira, baina halakorik ez dute sekula ikusi: jendea hil eta hil, arrazoi zehatzik jakin gabe. Mugarik Gabeko Medikuak ere kezkaz zeuden. Ikertu eta ikertu, martxoaren bukaeran baieztatu zuten ebola zela. Afrika mendebaldea hartu zuen izuaren epidemiak. Larrialdi egoera ere aplikatu zuen OMEk, baina sutea piztuta zegoen ordurako. Birusaren txingar hedatua sugar bilakatu zen, itzaltzeko asmorik gabe.

Izurriaren sugar biziek kutsatu gabeko tokiak hartu zituzten bizkor. Gasolina bota eta su emanda birusa Konakry hirira (Ginea) iritsi zenekoa izan zen mugarria. Birusaren indar erakustaldiak milaka herritar kutsatu zituen han. Denera, 768 lagun hil dira Ginean.

Gaitza Liberiari oldartu zaio bortitzen: 3.834 lagun kutsatu ditu, eta 2.210 hil; hein handi batean, osasun sistema eskasak eraginik. Birusa hamabost konderritatik hamalaura heldu da jadanik, eta, azken astean, 113 kasu berri zenbatu dituzte, denak egun berean kutsatuak. Liberiakoa da egoera kezkagarriena, ezbairik gabe: 4,5 milioi biztanle edukita, 45 erizain baino ez dituzte. 120 gelako erietxe bat zabaldu berri dute Monrovian, eta berehala kolapsatu da. Erabatekoa da larrialdi egoera, eta Liberiako presidenteak bertan behera laga ditu etzi egitekoak ziren senaturako bozak.

Umezurtz, eta bakardadean

Biziki larria da egoera Sierra Leonan. Gaitza ziztu bizian hedatzen ari da eskualdez eskualde, eta kasuak bikoizten dabiltza astetik astera. Estualdian dira: hiru eguneko itxialdia amaiturik, 765 ebola kasu berri atzeman dituzte. Baliabide askirik ez dute, halere. Soilik 327 ohe dauzkate eriak artatzeko. Kutsatuen zifrek ez dute etenik. Ugariak dira oraindik ere: batez beste, orduro bost pertsonak harrapatzen dute ebola Sierra Leonan. Orain arte, 1.148 zendu dira epidemiaren eraginez. Save The Children elkarteak salatu du, halaber, milaka umezurtz hiltzen ari direla kale bazterretan, bakardade erabatekoan. Arriskuan dago, orobat, ebolaz hildakoen gorpuak karrikan eta etxeetan pilatzeko, grebari ekin baitiote Freetown hiriburuko lur-emaileek, iragan asteko soldata jaso ez eta; birusak eragindako hilotzak lurperatzeaz arduratzen dira behargin horiek.

Herrialdeotako gobernuek segurtasun neurriak martxan jarri dituzte hedapena geldiarazteko: etxeratze aginduak, itxialdiak... Baina alferrik. Hutsalak ahalegin guztiak. Egoera kontrolatu ezinik dabiltza, eta nazioartera jo dute. Nazio Batuen Erakundearen laguntzaz aparte, eskasa izan da herrialdeen erantzuna. Azken boladan, tantaka, baina iristen ari da laguntza apurka-apurka: Erresuma Batuko Gobernuak aste honetan iragarri du 750 soldadu, hiru helikoptero eta erietxedun itsasontzi bat igorriko dituela Sierra Leonara, ebolari aurre egiten laguntzeko. AEBetako Gobernuak ere 200 soldadu dauzka Liberian, eta beste ehun Senegalen. Orotara, 4.000 inguru bidali asmo ditu.

Ez da aski, ostera, kaltetutako herrialdeek salatu berri dutenez. «Berba gutxiago» eta «konpromiso gehiago» hartzeko eskatu diote nazioarteari: «Herrialdeen erantzuteko abiadura birusarena baino askoz ere motelagoa da».

Sistemen ahuleziak, agerian

Iragan iluna dute Liberiak, Gineak eta Sierra Leonak: gizarte krisi sakonen ondorioz urteak egin dituzte gerra zibiletan, eta berreraikitzeko bidean harrapatu ditu birusak. Momentu okerrenean egin behar izan diote aurre epidemiari, eta agerian geratu dira ahulezia ugari: osasun, hezkuntza, segurtasun eta koordinazio zerbitzuei dagokienez, batik bat. Begi bistakoak izaten ari dira, gainera, herrialde horietako erakundeen gabeziak. Gaixotasunak hiriguneak hartu ditu, eta bakartzeak zaildu. Pobreziak, lanik ezak... Izurritea are gehiago zabaltzea eragin dute.

Liberian ez da giro. Tentsioa nabari da, eta, gaur-gaurkoz, birusari aurre egiteko oztopo nagusietako bat dira herritarren arteko liskarrak. Egoerarekin kexu, osasun zerbitzuko behargin hainbati eraso zieten iragan astean. Ibilgailuak ere hautsi zizkieten. Egoera baretu artean herrialdetik alde egitea erabaki dute mediku ugarik. Giroa, ordea, bor-bor dago. Ebola gainditu eta senda-agiria eskuratu dutenei ere oldartzen hasi zaizkie zenbait herritar, haserre.

Eriak sendatzeko ahaleginean, mediku asko hil dira, ebolarekin hartu-emana izanik. Osasun zentro batzuk ere itxi dituzte, birusa harrapatzeko «arriskuagatik».

Sierra Leonako Kailahun hirian gaixoak artatzen zituen sendalari bat ere bazegoen, arrakasta handikoa. Dozenaka eri hartu zituen etxean bertan. Birusa kutsatu zioten azkenean, eta zendu egin zen. Ehunka lagun joan ziren hiletara, eta, ohiturari jarraituz, hilotza garbitu zuten lurperatu baino lehen. Hamalau emakume kutsatu ziren. Ginean ere ebolaz zendutakoen %60 hiletetan kutsatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.