Izua, Kongo ibaian alde batetik bestera

Egunero Kongoko Errepublika Demokratikoko milaka herritar ari da kanporatzen Brazzaville azken hilabetean. Kinshasak eta giza laguntza taldeek «basakeriaz» jokatzea leporatu diote Kongoko Errepublikari

Xabin Makazaga.
2014ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Berdin die paperik gabeak diren, edo Kongoko Errepublikan egoitza baimenik ba ote duten. Brazzavillek hilabete darama Kongoko Errepublika Demokratikoko biztanleak, bereizi gabe, ibaiaren beste aldera kanporatzen. Mbata ya Mokolo operazioa (Zaharren zaplaztekoa, lingala hizkuntzan) apirilaren 6an hasi zuen Kongoko Errepublikak, «delinkuentziaren gorakadari» aurre egiteko —paperik gabeko immigranteei egotzia—, eta, Lambert Mende Kongoko Errepublika Demokratikoko gobernu eledumaren arabera, jada 72.731 pertsona kanporatu dituzte indarrez.

Indarrez, eta indarkeriaz. VSV Ahotsik Gabeen Ahotsa gobernuz kanpoko erakundeak, behintzat, «basakeriaz» jokatzea egotzi dio Kongoko Poliziari, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Euskal Batzordeak zabaldu duen berrian: «Tratu laidogarri eta krudela eman diete, baita paperak behar bezala zeuzkatenei ere».

Brazzavillen paperik gabe bizi «eta hiriburuko zenbait auzotan segurtasun gabezia eragiten duten atzerritarren kontra» ekin dio Kongoko Errepublikak, eta jomugan Kongo ibaiaren beste aldeko herritarrak jarri ditu.

Kongoko Errepublikako Poliziak ez du, baina, kanporatu dituzten herritarrak delituren batean nahasita dauden ikertu, Ahotsik Gabeen Ahotsaren arabera.

Kinshasak gogor salatu du auzoko agintarien jarduteko modua: «Tortura, bortxaketa eta arpilatzeak» egin dituzte operazioan parte hartu duten poliziek, Atzerri Gaietarako ministro orde Celestin Tunda wa Kasenderen arabera. Eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Ministroen Kontseiluak ere txosten batean azaldu du kanporatze behartuetan Brazzavillek ez dituela errespetatu nazioarteko nahiz eskualdeko gutxieneko arauak: «Gure herritarrei estortsio bidez ordainarazi egin diete, eta torturak eta lintxamenduak eragin dizkiete zenbait poliziak nahiz Brazavilleko gazte talde xenofoboek».

Bi herrialdeak banatzen dituen ibaia Kongoko Garraio eta Portu Sozietatearen ontzietan igaroarazten diete kanporatutako lagunei. Egunean 5.000 ari dira kanporatzen, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen arabera, eta horien artean guraso edo paperik gabekohaur rak daudela salatu dute.Trauma kasuak ugariak dira, Cecille Kutenalu medikuak Okapi irratiari adierazi dionez, eta haurrak konbultsioekin eta malariarekin ere iristen dira. Muturreko egoeraren erakusle, ibaia zeharkatzeko unean erditu ziren bi emakume apirilean.

Kinshasako Cardinal estadioan kanporatuentzako harrera gune bat atondu dute Kongoko Errepublika Demokratikoko agintariek. Fides agentziaren arabera, 30.000 lagun artatu eta identifikatu nahi dituzte han. Eginkizun zaila, Kongoko poliziek agiriak kendu egin baitzizkieten aberrira itzularazitako migratzaile askori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.