Aragoiera Lapapyp, eta katalana Lapao. Ez da gustu txarreko broma bat, baizik eta Aragoiko Gorteek hango bi hizkuntzari eman dieten izendapen berria. Aragoierari eta katalanari erkidego horretan zeukaten lege babes murritza kentzeaz gain, izena bera ere erauzi egin diete PPk eta PAR Alderdi Aragoiarrak. Katalanofobiak eragindako zentzugabekeria. Katalanaren dialektoari valentziar deitzea, edo balear, eta hizkuntza izaera emateaz gain Akademia sortzea, hutsaren pare utzi dute Aragoin.
Aragoiko hizkuntzen legeak indargabetu egin du 2009an, Marcelino Iglesias sozialista presidente zela, PSOE eta CHA alderdien babesarekin onartutako legea. Hizkuntza ofizial bakartzat espainiera izendatu arren, aragoiera eta katalana ere berezko hizkuntza gisa onartu zituzten, eta bakoitzari bere eremuan administrazio bababes bat eman zieten. Halaber, toponimoak berezko hizkuntzetan ere ofizialtzat jotzen zituzten. Orain, babes hori galdu egin dute, errepideetako kartelak bi hizkuntzatan jartzea «dirua botatzea» litzatekeela argudiatuta.
Mendeetako izatea duten bi hizkuntza, sigla batzuen bidez izendatu dituzte orain PPk eta PARek, adostasunik lortu gabe eta presaka. Aragoiera, Lapapyp edo Lengua aragonesa propia de las areas pirenaica y prepirenaica (Pirinioko eta pirinioaurreko eremuetako berezko hizkuntza aragoiarra); eta katalana, Lapao edo Lengua aragonesa propia del area oriental (Ekialdeko eremuko berezkohizkuntza aragoiarra).
Oposizioko alderdiek —PSOE, CHA eta IU— hizkuntzen lege berria landu behar zuen batzordea utzi egin zuten bere garaian, Aragoiko gobernu taldearen asmoekin kexu. Atzo gogor gaitzetsi zuten gorteek legea onartzea: «Erabat lotsagarria» eta «rigore akademikorik gabea» iritzi diote. Ia 200 emendakin aurkeztu zituen oposizioak, baina PPk eta PARek denak atzera bota zituzten.
Institut d'Estudies Catalans erakundearen Filologia sailak adierazi du hizkuntzen izenekin eginiko nahaste-borrastea, «nahita edo nahi gabe, zentzuaren eta konbentzio zientifikoaren aurkakoa» dela, eta «jardun legegile demokratikoaz bestekoa». Aragoiko Eskola Kontseiluak ere gaitzetsi egin du hizkuntzen lege berria.
Europako Karta urratzen du
Aragoiko hizkuntzen lege berriak Espainiako Konstituzioaren 3. artikulua urratzen duela eta Europako Hizkuntza Gutxituen Kartarekin ez datorrela bat jakinarazi du Plataforma per la Llengua katalan hizkuntzaren aldeko elkarteak. Hizkuntzaren batasuna ez errespetatzeaz gain, Aragoin katalana hautazko ikasgaia baita soilik, eta, administrazioaren agirietan eta funtzionamenduan erabiltzeko bermerik ez izateaz gain, toponimoek ofizial izateari utzi baitiote.
Kataluniako Generalitatearen izenean, Françesc Homs bozeramaileak «alferrikako bereizketa» iritzi dio Aragoin katalanari beste izen bat ematea, eta adiera berria ez ulertzeaz gain ez duela bat egiten erantsi du. Parlamentuko alderdi guztiek ere, PPk salbu, Aragoin hartu duten erabakia gaitzetsi dute. CiUk oso larritzat jo du Aragoiko lege berria, eta katalan hizkuntzaren batasuna «eztabaidaezina» dela nabarmendu du. «Ahal duen guztietan» katalana erasotzea egotzi dio ERCk PPri: «Aragoikoak ezjakintasuna irudi lezake, baina fede txarra da». PSCk, berriz, «arrazoi politikoak» ikusi ditu lege berriaren atzean. ICVk Madrilera begiratu du, «Estatuari [katalan] hizkuntzaren batasunaren aldeko adierazpen bat» eskatzeko. CUPek, berriz, iraintzat hartu du katalanaren izendapen berria. Eta PPCko diputatu Enric Millok, beste lurraldeetako gobernuen erabakiak ez dituela baloratzen esan ondoren, nola edo hala saihestu du Aragoin alderdikideek egin dutena kritikatzea: «Neuri galdetuz gero han hitz egiten dutena zer den, katalana da; baina beste modu batera deitzea ere badago».
Izena bera ere kendu diete hizkuntzei
Aragoieraren eta katalanaren ordez, Aragoin Lapapyp eta Lapao hizkuntzak hitz egiten direla jaso dute lege berri batean PP eta PAR alderdiek. Berezko hizkuntzei lege babesa ere kendu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu