AEBetako eta Europako migrazio politikak. Kanpoko mugak.

Itzalpeko mugazainak

Migrazioaren gorakadari aurre egiteko, Afrika iparraldeko eta Erdialdeko Amerikako zenbait estaturengana jo dute AEBek, EBk eta Europako herrialdeek, migratzaileak euren mugetatik kanpo mantentzeko, edo haien asilo eskaerak han kudeatu ditzaten.

LIBYA TUNISIA MIGRATION
Dozenaka migratzaile Tunisiaren eta Libiaren arteko mugan, iragan uztailean. EFE
maddi iztueta olano
2023ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Ondasun apurrak bizkar gainean hartuta, egunero-egunero milaka lagunek ekiten diete Europarako eta AEB Ameriketako Estatu Batuetarako bideei, jaioterriko gatazka armatuetatik, ezegonkortasun ekonomiko edota politikotik, indarkeriatik eta klima larrialdiak eragindako arriskuetatik ihesi. Baina galdera baten erantzuna jakin ez eta txanda-pasa egiten duenak nola, hala jotzen dute Europako herrialdeek eta AEBek Afrika iparraldeko eta Erdialdeko Amerikako hainbat estaturengana, migratzaileak euren mugetatik kanpo mantentzeko edo horien asilo eskaerak han kudeatu ditzaten.

Batzuek diote historiak errepikatzeko joera duela, eta, migrazioaren aferan, 2015eko migrazio krisiaren zantzuak gero eta hurbilago ikusten dituzte Europako estatuek. Frontex migrazioa kontrolatzeko Europako agentziaren arabera, aurten 355.300 pertsona inguru iritsi dira Europara, 2016tik inoizko gehien. Ia denak, Mediterraneotik. «Europako Batasunak [EB] dio ez duela pertsona horiei guztiei asiloa edo babesa emateko gaitasunik», azaldu du Anastasia Karatzas European Policy Centreko analistak. Argudio hori tarteko, erakundeak «migrazioa elkarlanean kudeatzeko» hitzarmen bat sinatu zuen Tunisiarekin joan den uztailaren 16an, 986 milioi euroren truke.

Hain justu, diru horren zati bat erabiltzen dute migratzaileentzat zentro gehiago eraikitzeko, mugetan Polizia kontrol gehiago jartzeko, horietan lan egiten duten polizia agenteak «entrenatzeko», eta etorkinak identifikatzera bideratutako tresna berriagoak erosteko, besteak beste. Orain, Tunisiarekin adostutakoaren antzeko itun bat Egiptorekin sinatzeko presioa egiten ari da Europako Batzordea. «Migrazio politikak kanporatzearen helburu nagusia da [Europako] kanpoko mugetara migratzaile gutxiago iristea, EBko barne mugen sisteman gaur egun dagoen presioa kudeatu ahal izateko», Karatzasek dioenez.

Edonola ere, «Europa ez da orain hasi» migrazio politikak kanporatzeko estrategia erabiltzen. Migratzaileak Europako lurretara iritsi ez zitezela bermatzeko, EBk bi migrazio hitzarmen adostu zituen Libiarekin eta Turkiarekin, 2015eko migrazio krisiaren harira.

«Migrazio politikak kanporatzearen helburu nagusia da [Europako] kanpoko mugetara migratzaile gutxiago iristea, EBko barne mugen sisteman gaur egun dagoen presioa kudeatu ahal izateko». 

ANASTASIA KARATZAS. European Policy Centreko analista

Halaber, migrazioa kudeatzeko kanpora begira jarri dira toryak Erresuma Batuan. Iazko apirilean, akordio bat adostu zuten Ruandako presidente Paul Kagamek eta Erresuma Batuko orduko lehen ministro Boris Johnsonek (2019-2022), Mantxako kanaletik iristen diren asilo eskatzaileak Ruandara bidali eta asiloa han eska dezaten Erresuma Batuan eskatu beharrean —duela hilabete inguru, plana legez kanpokotzat jo zuen herrialde horretako Auzitegi Gorenak, eta joan den astean beste akordio bat egin zuten—. Bestalde, Italiak eta Albaniak adostu zuten, joan den azaroan, Mediterraneotik heldutako errefuxiatuak Albanian eraikiko dituzten zentroetara bidaltzea. Asmoa da zentro horietan euren asilo eskaerak kudeatzea, eta baimenik jasotzen ez dutenak jaioterrira itzularaztea.

Zeresan eta kritika handiak eragin izanagatik, gero eta estatu gehiagok uste dute migrazioaren kudeaketa kanpora eramatea izan daitekeela krisiaren irtenbidea. Hauteskundeen atarian, eta eskuin muturra arrakasta aparretan dagoen honetan, Erresuma Batuak aurkeztutakoaren antzeko plan baten alde agertu da Alemaniako Batasun Kristau-Demokrata (CDU). «Hori egingo bagenu sei edo zortzi astez jarraian, asilo eskaeretan beherakada nabarmena ikusiko genuke», esan zuen hilaren 16an CDUko kide Jens Spahnek. Haren arabera, halako akordio bat sinatzeko prest egongo lirateke Ruandarekin, Ghanarekin, Moldaviarekin edo Georgiarekin. Hain justu, Europako Batzordeak proposatutako eta estatu kideek iragan urrian adostutako migrazio itunari eman diote oniritzia asteon Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak.

Mugikortasun Segurua

Europara bakarrik ez, aurten gero eta migratzaile gehiago ari dira iristen AEBetako hegoaldeko mugara ere. Horietako batzuen asilo eskaerak kudeatzeko, Etxe Zuriak Mugikortasun Segurua izeneko programa bat jarri zuen abian joan den uztailean. Baina asilo eskaerak ez dituzte AEBetako mugan egingo; Kolonbian, Guatemalan eta Costa Rican baizik.

Hainbat egoitza ireki dituzte herrialde horietako zenbait eremutan, nahiz eta migratzaileek sakelako telefonoko CBP One aplikazioaren bidez soilik egin dezaketen asilo eskaera. «Oso hitzordu gutxi egoten dira; hortaz, migratzaileek hilabeteak ematen dituzte zain», dio Kaliforniako Unibertsitateko migrazio legeetako aditu Hiroshi Motomurak. Gainera, Erdialdeko Amerikako estatu horietara iristen diren migratzaile guztiek ezin dute bide hori erabili. Kolonbiako egoitzetan Kubako, Haitiko eta Venezuelako etorkinen asilo eskaerak kudeatzen dituzte; Costa Rican, Nikaraguako eta Venezuelako migratzaileenak; eta Guatemalan, berriz, hango herritarrenak. 

«Aspalditik, gutxienez 1970eko eta 1980ko hamarkadetatik, migratzaile andana iritsi dira AEBetara hegoaldeko muga zeharkatuz; gehienak, hona lanera zetozen mexikarrak. Uste dut migrazioaren sorburuak beste batzuk direla orain, eta migratzen duen taldea ere bestelakoa dela», azaldu du Motomurak. Hain justu, azken urteotan gero eta gehiago dira Mediterraneotik edo Europa ekialdetik Europara sartzen saiatu ordez Hego Amerikara bidaiatu eta hortik iparralderanzko bidea egiten duten Afrikako eta Asiako etorkinak. 

Asilo eskaera sakelakoaren bidez egiteko baliabiderik ez duten edo horretarako ezaugarriak betetzen ez dituzten migratzaileek badute beste aukera bat: hegoaldeko muga zeharkatzea, eta asiloa mugan bertan eskatzen saiatzea. Edonola ere, «oso zaila da, edo ia ezinezkoa». «Bidenen [Joe Biden, AEBetako presidentea] kabineteak asilo hautagaitzarako presuntzio bat jarri du indarrean, zeinak dioen aplikazioaren bidetik jo ez duten migratzaileek ez dituztela betetzen asiloa jasotzeko baldintzak».

Legedien linboan

Kezka nagusi bat eragin dute AEBek, EBk eta Europako zenbait herrialdek beste estatuekin adostu dituzten akordioek: ea migratzaileak kanporatzeko estrategiak migratzaileen giza eskubideak eta, oro har, herrialde bidaltzaileen legediak urratzen dituen. Italiaren eta Albaniaren hitzarmena jarri du adibidetzat Karatzasek hori azaltzeko: «Albaniara bidaltzen dituzten migratzaileak Italiako legediak babestuko lituzke, baina Albania EBren parte ez denez, ez lituzkete erakunde hartako araudiek babestuko. Beraz, legedien arteko linbo arraro batean gelditzen dira migratzaileak».

Bataren eta bestearen erdibideko espazio horretan egoteak zuzeneko ondorioak ditu etorkinentzat. AI Amnesty Internationalek eta HRW Human Rights Watch erakundeek birritan salatu dituzte euren txostenetan Tunisian eta Libian migratzaileek jasaten dituzten erasoak —Afrika erdialde eta hegoaldekoek, batez ere—: atxiloketa arbitrarioak, mugazainen indarkeria, eta baztertze sistematikoa, besteak beste. «[Libiak eta Tunisiak] EBren dirua erabiltzen dute euren mugetan migratzaileak miatzeko eta Europara joatea eragozteko. Beraz, nola jakin dezakegu, bene-benetan, EBren diru horrek ez dituela, nolabait, giza eskubideen aurkako urraketak finantzatzen?», galdetu du Karatzasek.

«Uste dut migrazioaren sorburuak beste batzuk direla orain, eta migratzen duen taldea ere bestelakoa dela». 

HIROSHI MOTOMURA.Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea

AEBen eta Erdialdeko Amerikako estatuen arteko akordioei erreparatuta, harekin bat egiten du Motomurak. «AEBetako legediak baimentzen du gisa horretako hitzarmenak egitea, baina legedi horrexek orobat agintzen du herrialde horietan zenbait baldintza betetzeko, eta ez dut uste estatu horietako batek berak ere migratzaileentzat seguruak izateko baldintzak betetzen dituenik». Horrek bi legedi urratzen ditu aldi berean: AEBetakoa batetik, eta nazioartekoa bestetik.

Halere, irudi du bai AEBak, bai EB, bai Europako estatuak saiatuko direla, oraindik ere, migrazioaren kudeaketaren erantzukizunari ihes egiten; Karatzasen arabera, oraintxe ez baitago beste irtenbiderik. «Europa barruko migrazio politiketan ados jarriko bagina, ez genieke hainbesteko arreta jarriko kanpoko mugei, edo ez genituzke EBtik kanpoko herrialdeekin halako hitzarmenak adostuko. Halere, estatu kideek gero eta sormen handiagoa daukate EBren araudiari izkin egiteko».

Politikarako tresna bat

Ukrainako gerraz eta Israel Gazan egiten ari den erasoaldiaz gain, Mendebaldeko kabineteen eztabaida politikoen erdigunean dago migrazioaren afera, batez ere datozen hilabeteetan hauteskundeak egingo dituzten herrialdeetan. Horietan, gainera, gero eta babes handiagoa lortzen ari dira migrazioaren inguruko muturreko diskurtsoak dituzten eskuin muturreko alderdiak. «Ezkerrak oraindik ez du irabazia migrazioaren diskurtsoa. Herrialde baten arazoen sorburuak zein diren argitzen saiatzea baino errazagoa da migratzaileak erruduntzat jotzea», dio Karatzasek.

Migrazioa da, halaber, AEBetako Alderdi Errepublikanoa eta Alderdi Demokrata banatzen dituen alor nagusietako bat. Bidenek konpromiso irmo batekin hasi zuen agintaldia: Donald Trump presidente ohiak (2017-2021) ezarritako migrazio politikak baztertzea, eta asilo sistema «gizatiar eta justu bat» eraikitzea.

Baina, Motomuraren ustez, halako erreforma bat ezin da agintaldi bakarrean egin. «Sistema eraginkor batean, banan-banan entzun behar dira asilo eskatzaileen bizipenak, babesa behar duenari babesa emateko, eta irizpideak betetzen ez dituztenak deportatzeko. Baina oraintxe hori ezin da egin, sistemak ez duelako nahikoa babes ekonomiko jende horren guztiaren prozesuak aurrera eramateko. Belaunaldi batean egin daiteke, baina bost urtean ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.