Itzali gabe, ez dira indartu

Krisi politikotik ateratzeko Emmanuel Macronek iragarritako neurriak gorabehera, Jaka Horiek 24. larunbatez jarraian egin dute protesta. Aurreko asteetan baino jende gutxiago atera da kalera

Milaka herritarrek bat egin zuten, atzo ere, Jaka Horien mugimenduarekin. Argazkian, Parisen egindako mobilizazioa. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Krisian dago Emmanuel Macronen agintaldia. Horregatik, datozen hilabeteetan krisi horretatik ateratzeko neurri sorta bat proposatu zuen Frantziako presidenteak, lehengo ostegunean. 2017ko maiatzean hasi zuen agintaldia hankaz gora jartzeko ahalegina egin dutenak Jaka Horiak izan dira, batez ere. Macronek proposamen batzuk planteatu ditu, baina ez ditu mugimenduaren aldarrikapen nagusiak onartu: ez aberastasunaren zerga (ISF) berreskuratzea, ez boto zuria kontuan hartzea, ez eta Herri Ekimen Erreferenduma (RIC) legeztatzea ere.Lehengoan Eliseoan ordubetez egindako planteamenduak hutsalak, zehaztasunik gabekoak, izan zirela leporatzen diote Jaka Horiek presidenteari. Beraz, 24. larunbatez jarraian kalera atera ziren atzo ere.

Macronen iragarpenek ez dituzte protestak itzali, baina indartu ere ez dituzte egin. Barne Ministerioak emandako datuen arabera, atzo aurreko larunbatetan baino jende gutxiago atera zen kalera Frantzian. 23.600 bat izan ziren; antolatzaileen esanetan, ordea, 60.000 inguru —98.000 lehengo astean— Hori bai, azaroan, Jaka Horiak errepublika osoan errepide asko blokeatzen hasi zirenean, 300.000 bat herritar mobilizatu ziren.

Frantziako zenbait komunikabideren arabera, mugimenduan bertan desadostasunak izan ziren atzo berriro kalera atera ala ez erabakitzeko orduan. Ekintzaile batzuen iritziz, egokiagoa zen datorren asteazkenerako, maiatzaren 1erako, deituta dauden mobilizazioetarako indarrak gordetzea.

Parisko mobilizaziora CGT sindikatuak deitu zuen, eta manifestazioarekin bat egin zuten Frantziako ezkerreko alderdiek, PCF Alderdi Komunistak, NPAk, eta LFI Frantzia Intsumisoak. Macronek plazaratutako neurriak kritikatu zituzten, eta gobernuari eta Medef enpresaburuen elkarteari erantzutera deitu zuten. Mobilizazioetan ez zen istilurik egon.

Estrasburgon ere protesta egin zuten. Barne Ministerioaren zenbakien arabera, atzo kalera atera ziren 23.600 horietatik 2.000 bat Estrasburgon bildu ziren. Jaka Horien zenbait taldek nazioarteko deialdia egin zuten atzo. Izan ere, hilabete eskas barru egingo dira Europako Parlamenturako hauteskundeak —maiatzaren 26an—, eta, hain zuzen, Estrasburgon dago legebiltzarraren egoitza. Le Mondeegunkariak argitaratu zuenez, Belgikako, Alemaniako, Suitzako, Luxenburgoko eta Italiako manifestariek ere parte hartu zuten mobilizazioan. Europako Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren egoitzen bueltan mobilizazioak egitea debekatu zuen Bas-Rhin departamenduko prefeturak, eta manifestariek horien ingurura heltzeko ahalegina egin zuten. Tentsioa ere izan zen, poliziek negar gasa jaurti zutelako herritarrak sakabanatzeko ahaleginean. Prefeturak adierazi zuen «beharrezkoa» izan zela gasa jaurtitzea, eta jakinarazi zuen 26 pertsona atxilotu zituztela poliziek.

Presidentearen mezuaz

Elabe institutu demoskopikoak egindako inkesta baten arabera, Macronen mezua ez zitzaien sinesgarria iruditu Frantziako herritarren %65i. Eta %77rentzat, neurriak ez dira nahikoa izango Jaka Horien mugimendua eteteko. Christope Castanar Barne ministroak ostiralean adierazi zuenez, ez da aurreikusten bestelako neurririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.