Hor zuen eserlekua, duela hogei hilabete azkenekoz erabili zuena. Ia negarrez eman zion agurra, eta ia negarrez atera zen Espainiako Kongresutik. Baina ez zen betirako agurra izan: itzalean, politikoki bigarren mailan, hala igaro du Pedro Sanchezek hogei hilabeteko epe luzea, itzultzeko abagunerik egokienaren zain. Bitartean, militanteen konfiantza berreskuratu du, eta alderdian agintea sendotu. Hori guztia, gaurko egunaren zain, agian. Agian plan batean zehaztu zituen eman beharreko pausoak; agian haren bide orriaren azken geltokia zen egunotako mozioa; edo agian ez, eta asteotako gertakarien zain zegoen, itzalean, aukera baliagarri baten zain. Duela hogei hilabete inbestitu zuten PPko Mariano Rajoy, Ciudadanosen aldeko botoekin eta PSOEren abstentzioarekin. Gauza asko gertatu da hogei hilabetean. Gauza asko, nahikoa eta behar adina, Sanchezek botererako saltoa egiteko. Hogei hilabeteren ostean, xede horrekin itzuli da Espainiako Kongresura, bere eserlekura: EAJren eta Kataluniako alderdi independentisten bila, falta ziren boto erabakigarrien bila, egoera aldeko zuela jakinik, PP eta Rajoy boteretik kentzeko. Hori lortzeko, prest dago PPk EAJrekin negoziatu eta adostu zituen aurrekontuak erabiltzeko, eta Kataluniako Gobernu berriarekin «zubiak eraikitzeko». Sanchez lehen lerrora itzuli da, eta bertan geratzeko asmoa du.
Eserlekua utzi zuen PSOEren abstentzioaren parte ez izateko; alderdiak boterera goratu zuen PP, eta Rajoy boteretik kentzeko izan zen atzo Sanchez Espainiako Kongresuan. Baina oldarraldi hori ezkutatzeko beharra zuen: «Mozioa ez zegoen gure planen artean, eta ni hautagai izatea ez zegoen nire planen artean. Baina beharrezkoa da. [Rajoyri] Zure erantzukizun faltagatik gaude gaur hemen». PSOEren idazkari nagusi eta presidentegaiak argi zuen atzokoa aukera ezin hobea zela Rajoy botatzeko, eta lehen hitza esan zuenetik nabari zitzaion jarreran: hitzezko komunikazioak Rajoy zuen jomugan, eta gogor mintzatu zen haren kontra; hizketaz kanpoko komunikazioa, berriz, herritarrei begirakoa zen, presidente bati eskatzen zaizkion keinuetan eta posturetan oinarritua. Irudikatu behar zuen Rajoy botako zuela, baita haren tokia hartuko zuela ere. Betiere bi ideia, bi aukera bakarrik zeudela ohartarazita: «erantzun konstituzionalari» baiezkoa, ala «birsortze demokratikoari» ezezkoa.
Kostatu zitzaion, eta hasieran bazirudien Espainiako presidenteari eraso egitera mugatuko zela, baina PSOEren presidentegaiak, mozioa aurkezteko arrazoiak azaldu eta behin eta berriz Rajoyri dimititzeko eskatu ostean, bere programaren berri eman zuen. Diskurtsoaren parte garrantzitsuena zen, eduki horren araberakoa baitzen mozioaren arrakasta. «Egonkortasunerako programa» EAJri eta Kataluniako alderdi independentistei begira egin zuen, haien botoei begira, argitu gabe noiz eta nola beteko dituen neurriak: batetik, eustea joan den astean Kongresuak onartu zituen aurrekontuei, PPk EAJrekin adostuei, jeltzaleen botoa lortzeko —PSOEk kontra bozkatu zuen—; bestetik, elkarrizketa eskaintzea Kataluniako gobernu berriari.
Ardatz bera, hiru zatitan
Bozketarako keinu estrategikoenak eginda, Sanchez bere gobernu «sozialista, parekide eta europazalearen» neurri politiko eta sozialei begira jarri zen, zeinek egonkortasuna «bermatuko» duten hauteskundeak baino lehen, betiere adostasun «zabalak» bilatuz. «Egonkortasun instituzionalari» dagokionez, Sanchezek hitzeman du Mozal legearen «alderdi gogorrenak» indargabetuko eta Kongresuak onarturiko ebazpenak eta adostasunak «errespetatuko» dituela, besteak beste. «Egonkortasun ekonomikoari dagokionez», PPren aurrekontuak erabiliko ditu: «Nire alderdiak, estatu mailakoa den heinean, betebehar hori hartzen du kontuan, izan oposizioan edo izan gobernuan».
Hirugarren, egonkortasunari dagokionez, Sanchezek «egonkortasun sozialean» jarri zuen arreta gehien. Gero eta emakume gutxiagok bozkatzen dute PSOE, eta, galera horri begira, Genero Indarkeriaren Estatu Ituneko neurri guztiak indarrean jartzeko konpromisoa hartu zuen: «Herrialde hau martxoaren 8an aldatu egin zen. Gizarteak ez du onartzen genero arrakalarik». Noiz eta nola egingo duen, ordea, airean dago oraindik.
Espainia. Rajoyren aurkako zentsura mozioa
Itzaletik atera da lehen lerroan geratzeko
Sanchezek «egonkortasuna» oinarri duen programa bat aurkeztu du; iragarri du adostasun «zabalak» lortzen saiatuko den gobernu «sozialista, parekide eta europazale baten» buru izan nahi duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu