Itxialdia ezarri dute Herbehereetan

Erresuma Batuan hirukoiztu egin dira omikron kasuak, eta 10.000ren langa igaro dute

Mark Rutte. BART MAAT / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Aste honen hasieran iragarri zuen Herebehereetako Gobernuak urtarrilaren erdira arte jarraituko zutela tabernek arratsaldeko bostetan ixten, baina atzokoan neurri zorrotzagoa iragarri zuen Mark Rutte lehen ministroak: erabateko itxialdia. Gaurtik urtarrilaren 14ra arte egongo da indarrean neurria, eta soilik oinarrizko beharrak asetzen dituzten saltokiak egongo dira zabalik.

Joan den asteartean iragarri zuen Ruttek urtarrilerako omikron aldaera nagusi izango zela herrialdean —azken datuen arabera, 109 pertsonak eman dute positibo aldaera horretan, baina adituek ohartarazi dute egiaz litekeena dela gehiago izatea—. Joan den astetik, %25 egin dute behera koronabirus kasuek herrialdean, baina atzo beste 14.742 positibo eta 50 hildakoren berri eman zuten.

Azken olatuari aurre egiteko, gobernuak ebatzi du itxi egingo dituztela eskolak, zinemak, jatetxeak eta beharrezkoak ez diren negozio oro. Horrez gain, kalean gehienez bi pertsona elkartu ahal izango dira, eta etxean egiten diren bileretan gehienez ere kanpoko bi pertsona sartu ahalko dira —Gabon gauean laura igoko dute kanpotik joandakoen gehienezko kopurua; baina ez dute salbuespen bera ezarriko Urtezahar gauean—.

Neurri gehiago

Erresuma Batuan, egoera okerrera doa oraindik: 90.418 kasuren berri eman zuten atzo; horietatik 10.000 baino gehiago, omikron aldaerarenak. Azken aldaera horren kasuak hirukoiztu egin dira 24 orduan, eta kezka zabaldu dute agintarien artean. Londresko alkate Sadiq Khanek ohartarazi zuen atzo egoera «larria» dela, eta elkarlana eskatu zien hiriko instituzioei.

Khan ez zen izan neurriak eskatu zituen bakarra. Osasun adituek itxialdia ezartzeko aholkatu zioten Erresuma Batuko Gobernuari, eta ohartarazi zuten «oso arriskutsuak» izan daitezkeela Gabon garaian egiten diren etxe barruko ospakizunak, kutsatzeak zabalduko dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.