Itxaropen izpiak Filipinetan

Soilik Vatikanoan eta Filipinetan da legez kanpokoa dibortzioa. Aurtengo maiatzean onartu zuten, ordea, erabateko dibortzioaren lege proiektua Filipinetako Ordezkarien Ganberan; Senatuaren onespena beharko du orain.

Dibortzioaren aldeko agerraldi bat, Filipinetan. DIVORCE PILIPINAS COALITION.
Dibortzioaren aldeko agerraldi bat, Filipinetan. DIVORCE PILIPINAS COALITION.
2024ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun

Vatikanoaz gain, Filipinak dira dibortzioa legez kanpokotzat jotzen duten munduko beste herrialdea. Milaka eta milaka bikotekidek euren lotura formalizatzeko duten ezintasuna, ordea, baliteke aurten amaitzea. Erabateko dibortzioaren lege proiektua iragan maiatzean onartu zuten Filipinetako Ordezkarien Ganberan —Kongresuaren behe ganbera da, eta Senatua da goi ganbera—, aldeko 131 botorekin eta aurkako 109rekin. Senatuan bozkatzekoak dira abuztuan, eta, ondoren, Ferdinand Marcos Jr. presidentearen onespena beharko du lege bihurtzeko; 2022an hitzeman zuen dibortzioa legeztatuko zuela, presidentetzara iritsi zenean, baina bere agintaldia amaitu baino lehen —2028ko maiatzean dira egitekoak hauteskundeak— Kongresuan onartu nahi dituen bost neurrien artean ez dago dibortzioarena.

Bikoteko kide batek indarkeria fisikoa jasan duen kasuetan ere, legezko banaketa da filipinarren aukera bakarra: «Bikotekidearengandik bananduta bizi zaitezke, baina ezin zara berriz ezkondu», zehaztu du Filipinetako Dibortzioaren Koalizioa (DPC) taldeak, emailez. 2018an sortu zuten, eta Filipinetako dibortzioaren aldeko hainbat erakundek osatzen dute. Ezkontza baliogabetzea da euren ezkontza legalki amaitu nahi dutenen beste alternatiba bat: ezkontza «inoiz» ez zela gertatu aitortzen duen prozedura legala da, eta hura lortzeko baldintzak hauek dira: bikoteko kide bat aurretik ezkonduta egotea eta iruzur ekonomikoa gertatzea.

«Garestia» izaten da ezkontza baliogabetzeko prozesua, DPCk azpimarratu duenez: abokatu bat kontratatzeko 4.000 euro inguru ordaintzen dute, Janine Aranas abokatuak Al Jazeera hedabideari adierazi dionez. Horregatik, muturreko erabakiak hartzen dituzten emakumeen kasuak ohikoak dira Filipinetan: hala nola islamera pasatzea —xariaren menpe daude gai pertsonaletan, eta dibortzioa eskatzeko aukera dute— edota atzerrira joatea, prozedura abiatzeko. Halere, ezkontza baliogabetu duten bikotekide filipinarren kopurua nabarmen igo da azken urteetan: mila ziren 2008an, eta 8.000 2017an, Filipinetako Prokuradore Nagusiaren Bulegoak argitaratutako datuen arabera.

2018an ere adostu zuten Ordezkarien Ganberan dibortzio lege bat, aldeko 157 botorekin. Baina Senatuan ez zuenez arrakastarik eduki, bere ibilbidea han amaitu zen. Gainera, orduko presidente Rodrigo Duterte haren aurkakoa zen. DPC osatzen duten kideak «itxaropentsu» daude, ordea, eta uste dute maiatzean onarturikoa lege bihurtuko dela 2025ean egitekoak diren Senaturako hauteskundeak baino lehen: «Uste dugu gure senatariek gizalegez jokatuko dutela, eta filipinarren eskubidea dena bete. Beharrezkoa da».

Erabateko dibortzioaren legea Edcel Lagman parlamentariak proposatu zuen. X kontuan azaldu zuenez, «dibortzioa ez da ezkontzak eta familiak hausten dituen munstroa», eta ezkontza katoliko bateko bikote bat banatzea «ez da bekatua». Errolda ofizialaren arabera, Filipinetako 110 milioi biztanleetatik %78 katolikoak dira, eta %7 inguru, berriz, musulmanak. Jayeel Cornelio soziologo filipinarraren ustez, konstituzioaren arabera herrialde laikoa izan arren, Filipinetako Eliza katolikoak «lobby indartsua» du gobernuan eta kongresuan.

«Filipinetako Eliza katolikoak lobby indartsua du gobernuan eta kongresuan»

JAYEEL CORNELIO, soziologoa

«Elizak kongresukide askorekin lan egiten du, hartzen duten erabakietan eragina eduki dezan», adierazi du Corneliok, dei telematiko batean: «Politikagintzan muturra bete-betean sartu dute, bai goi ganberan eta bai behe ganberan, eta euren ikuspuntu erlijiosoak ezartzen dituzte». Halere, argitu du dibortzioaren aurkako jarrera duten legegile edo gizarte talde guztiak ez direla katolikoak, asko ebanjelikoak eta protestanteak baitira, edota Eliza katolikoa baino «kontserbadoreagoak» diren hainbat kristau taldeetakoak.

Filipinetan erlijioak dibortzioaren aurkako jarreran duen rolaren barruan, ezinbestekoa da Iglesia ni Cristo erlijio komunitatea aipatzea. Filipinetako Estatistiken Bulego Nazionalak dioenez, bi milioi inguru kide ditu, eta, dibortzioaren aurkako adierazpenak egin dituen arren, ez du «lobby sendorik» bi ganberetan, Cornelioren iritziz: «Haatik, azken urteetan asko hedatu da mundu osoan, batez ere Filipinetan, Latinoamerikan eta Afrikan». Euren jarraitzaileen artean dibortzioaren aurkako ideiak zabaltzen ditu Iglesia ni Cristok, baita legezko banaketaren, ezkontza baliogabetzearen edota abortuaren aurkakoak ere.

Geroz eta babes gehiago

1898tik 1940ra iraun zuen AEB Ameriketako Estatu Batuen okupazioan, Filipinetan dibortzioa eskatzeko aukera zegoen. Corneliok, ordea, aitortu du garaia baino «aurreratuagoa» zen neurri bat zela: «Ordurako dibortzioaren aurkako erresistentzia indartsua zegoen Filipinetan, gaur egun baino kontserbadoreagoa eta erlijiosoagoa». Kolonizazio garaia behin amaituta, ordea, Filipinetan idatzi zen kode zibil berrian legez kanpo gelditu zen dibortzioa, eta geroztik egoera ez da aldatu. «Askoren ustez ez da beharrezkoa, eurentzako familia baita filipinarra izatearen oinarrizko balioa», soziologoaren arabera.

Filipinetako egungo gizartean dibortzio lege bat izateko «aurrerapauso handiak» egiten ari direla uste du Corneliok. Datuek hori erakusten dute, behintzat: Social Weather Stations ikerketa instituzioak 2005ean eginiko inkesta batean, filipinar helduen %43 dibortzioaren alde zeuden, eta %45 aurka; 2017an %50 zeuden legeztatzearen alde, eta %43 aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.