Ituna COP15 goi bileran: Lurraren %30 babestuta, 2030. urterako

Afrikako estatu batzuek salatu dute entzungor egin dietela haien kritikei. Sinatzaileek adostu dute funts berri bat sortzeari buruz hitz egitea

Hartz inurrijale bat, Costa Rican; herrialde horrek munduko biodibertsitatearen %6 biltzen du. J. ARGUEDAS / EFE.
Igor Susaeta - Gorka Berasategi Otamendi
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Espezieen desagertze azkartua galgatzeko asmoarekin, COP15 NBE Nazio Batuen Erakundearen natur aniztasunari buruzko goi bileran adostu dute planetaren %30 kontserbatzea. Azken bi asteetan Montrealen (Quebec) egindako biltzarrean parte hartu duten ia 200 herrialdeek akordio hori lortu dute goizaldean. AEBak ez daude, ordea, itunaren sinatzaileen artean.

Adostutakoaren arabera, «bereziki garrantzitsuak» diren ekosistemak babestuko dituzte. Herrialdeek zortzi urteko epea dute helburu horri dagozkion neurriak hartzeko. Hori bai, ez dute zigorrik ezarri konpromisoak betetzen ez dituztenentzat. Azken xedea da 2050erako etenda egotea orain arriskuan dauden espezieen galera, baita egungo desagertze tasa globala hamar aldiz apalagoa izatea ere.

Mundu osoko 3.000 zientzialariren ikerketa batek ohartarazi duenez, izaki bizidunen espezieen %10 desagertuta egongo dira mende amaierarako, neurririk hartu ezean. Lur planeta dinosauroen desagertzetik izan den espezie galerarik handienean da, askok seigarren espezie desagertze masibotzat jo duten prozesuan.

Txinak eta Kanadak bultzatu dute akordioa. Horiek izan dira biltzarraren antolatzaileak. COP15 bilera Txinan egitekoa zen, 2020an, baina COVID-19aren pandemiak atzeratu du.

Adituen arabera, estatuek akordioa betetzen baldin badute aldaketa handiak eragingo ditu nekazaritza industrialean, enpresen hornidura kateetan, eta kontserbazioan komunitate indigenek izango luketen rolean. Izan ere, itunean helburutzat jaso dute 2030erako erdira jaistea nekazaritza intentsiboan erabilitako ongarriak, eta neurri berean murriztea pestizidei eta produktu kimiko arriskutsuei lotutako arriskuak.

Egipton egin zen COP27 NBEren klima aldaketari buruzko bilkuran gertatu bezala, COP15 biltzarrean ere finantzaketari buruzkoak izan dira desadostasunik handienak. Hegoaldeko eta iparraldeko herrialdeen arteko zatiketak porrotaren amildegiaren ertzeraino bultzatu ditu negoziazioak. Azkenean, akordioaren berri eman dute, baina, Afrikako zenbait herrialdek salatu dutenez, «behartua» izan da. Presidentetzari, zeina Txinaren esku baitzegoen, egotzi diote ez duela kontuan hartu haiek kontra egotea. Kamerunek «iruzurra» salatu du; «estatu kolpea» izan da, Ugandaren iritziz, eta, Kongoko Errepublika Demokratikoak adierazi du kontra zegoen arren akordioa egintzat jo dela.

Afrikako hiru herrialde horiek baso eremu handikoak dira, eta garrantzitsua da biodibertsitatea babesteko duten egitekoa. Kongoko Errepublika Demokratikoa, esaterako, munduko bigarren oihan tropikal handienaren jabe da.

Latinoamerikako herrialde gehienek atsekabea adierazi dute, iritzita Huang Runqiu Txinako Ingurumen ministro eta COP15 goi bileraren presidentearen portaerak kalte egin diola akordioari.

Afrikako estatuen eta garabidean diren beste batzuen lehentasuna zen biodibertsitatea babesteko funts berri eta bereizi bat sortzea, eta diru ekarpen handiagoa eskatu diete estaturik aberatsenei. Iparraldeko herrialdeek onartu dute funts berri bat eratzea, baina NBEren egungo finantzaketa mekanismoaren barruan, eta funts bereizi bat eratzeko elkarrizketak abiatzera konprometitu dira.

Jarritako helburuak betetzeko behar den diruari dagokionez, itunean adierazi dute 2030. urtea baino lehen urtero 200 milioi euro «mobilizatuko» dituztela, iturri publiko eta pribatuetatik. Horretarako, herrialde garatuek 19 milioi euroko ekarpena egin beharko diete, urtero, 2025erako, garabidean diren herrialdeei, eta ekarpen horrek gutxienez 29 milioi eurokoa izan beharko du 2030etik aurrera.

Montrealgo akordioak 2010ean onartu zen Aichiko akordioa ordezkatuko du. Orduan 2020rako ezarri ziren hogei helburuetako bat bera ere ez da bete. Montrealgo bilkurak Aichik eragindako etsipena amaitzeko ere izan du helburu. Hala, ezarri dituen xedeak errazagoak dira neurtzeko; beraz, errazago ikusi behar litzateke estatuek zenbateraino betetzen dituzten konpromiso horiek.

Beste konpromiso batzuk

Lurraren %30 babestuko dutela ez ezik, sinatzaileek hitzeman dute degradatutako eremuen %30 berreskuratuko dituztela hamarkada amaierarako; gainera, larrialdi neurriak adostu dituzte desagertzeko arriskuan diren espezieak babesteko, eta ingurumenari kalte egiten dioten jarduera ekonomikoetarako diru laguntzak erreformatuko dituzte —urteko 500 milioi euro inguru dira—. Halaber, enpresei eta finantza erakundeei eskatuko diete eman dezatela beren jarduerak ingurumenean eragiten duen kaltearen berri. Ez dituzte, ordea, legez horretara derrigortuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.