Jean Biancucci Unione Naziunaleko diputatua da Korsikako Asanblean. Edmond Simeoni buru den A Chjama Naziunale alderdiko kidea da. Itun konstituzionala babesten du, nahiz eta ez dagoen ados estatuek egiten duten interpretazioarekin.
Zein arrazoi ditu A Chjamak Europako Konstituzioaren aldeko botoa eskatzeko?
Katalunian eta Euskal Herrian deszentralizazioa dago estatu espainiarrarekiko, baina Frantzia Europako azken estatu-nazioa da. Europa duela 40 urtetik martxan dagoen egitura handi bat da eta, gure ustez, subiranotasun handiagoa ahalbidetu dezake. Nahiz eta ez den AEBak bezalakoa izango, estatu federalak edukitzera irits daiteke. Euroak garapen hori azkartzen du.
Itunak gutxiengo nazionalak behar bezala hartzen ditu kontuan?
Europak Frantziak baino hobeto onartzen du norbere berezitasunekin bizitzeko eskubidea. Korsikan estatus berezia daukagu bretoiekin, altsaziarrekin edo euskal herritarrekin alderatuta, baina ez da nahikoa inolaz ere eta Europa historiaren zuzeneko aldera eramango gaituen haizea izan daiteke.
Ituna onartzeak zein onura eragin diezaioke Korsikari?
Gaur egun, eztabaida dezakegunaren mugara iritsi gara Frantziarekin. Ez du negoziazioa bakarrik baztertzen, baita ezein aurrerapauso politiko, sozial, kultural eta instituzional ere. Blokeo egoeran gaude eta Europak egoera honetatik atera gaitzake.
Konstituzioa 2006aren amaieran jarriko da martxan. Ordura arte, Korsikaren autonomian urratsak egiteko aukerarik ikusten duzu?
Gaur egun eztabaidagai dagoen Europan izaera ultra-liberala da nagusi; ez da elkartasunaren Europa. Hazkunde ekonomikoa lehenesten da. Hori ez da guk nahi dugun Europa. Hala ere, ezin diogu bizkarra eman, 10 edo 15 urteko epean norabidea alda daitekeelako. Ezetz esaten badugu, berriz, dena amaituko da. Autonomia eskubidea jasotzen ez duen arren, posible da etorkizunean onartzea.
Bastiako alkate Emile Zuccarellik ezezkoa bozkatuko du, bere alderdiak (PRG) baiezkoa eskatu duen arren.
Uhartearen garapenaren aurka daudenek bozkatuko dute ezezkoa.
Unione Naziunalek ez du oraindik ofizialki erabaki zer boto eskatuko duen. Ezadostasunek tira-birak sor ditzakete?
Ez, eztabaidatzeak aukera ematen duelako guztien iritzia entzuteko. Oraingoz, gure alderdiak eta PNCk sostengu zabala eman dio Konstituzioari, eta independentisten artean ere badaude aldeko botoa emango dutenak.
Erreferendumaren inguruko kanpaina prestatzen hasi zarete?
Zuhur jokatuko dugu, badakigu-eta eskuinaren zati handi batek baiezkoa bozkatuko duela, ez konbentzituta daudelako, Parisek agintzen duena betetzeko baizik. Halako kontsultek ez dute herritar askoren interesa pizten, ez bakarrik Korsikan oro har baizik. Baina bi hilabete falta dira oraindik kanpaina hasteko.
«Ituna babesteak blokeo egoeratik atera gaitzake»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu