Garrantzi militar eta geopolitiko nabarmeneko akordio bat lortu dute AEBek, Erresuma Batuak eta Australiak, hau da, AUKUS aliantzako hiru herrialdeek: adostu dute propultsio nuklearreko itsaspeko mota bat garatzea. Hori da, hain zuzen, Asia hego-ekialdean eta Ozeanian Txinak duen presentziari kontrapisua egiteko 2021eko irailean martxan jarritako egitasmoak orain arte eman duen pausorik argiena. San Diegon (AEB) egin dute iragarpena goizaldean —atzoko arratsaldea han—, AEBen armadaren ontzidiak Ozeano Barean duen base militar nagusietako batean, eta ekitaldian parte hartu dute Joe Biden Etxe Zuriko maizterrak, Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak eta Anthony Albanese Australiakoak.
Adierazpen bateratu batean zehaztu dutenez, fase asko edukiko ditu garapen prozesuak, eta bukaerara iritsiko da Australiak eta Erresuma Batuak propultsio nuklearreko SSN-AUKUS itsaspeko berriak egiten dituztenean, AEBen teknologia baliatuta. Izan ere, Bidenek azaldu duenez, 65 urtean lehen aldiz beren itsaspeko nuklearrek duten teknologiari buruzko informazioa emango dute.
Hasteko, Australiak Virginia motako propultsioko hiru itsaspeko erosiko dizkie AEBei 2030eko hamarkadan, eta beste bi gehiago erosteko aukera izango du, gainera. Horietako bakoitzak 3.200 milioi euro inguru balio du. Oharrean jaso dutenez, Erresuma Batuak hamarkada horren amaierarako prest edukiko ditu itsaspeko berriak, eta Australia, berriz, 2040ko hamarkadan bukatzekoa da.
Erresuma Batuak propultsio nuklearreko zazpi itsaspeko ditu orain, baina, adostu dutena aintzat hartuta, berriek horiek ordezkatuko dituzte, eta asmoa da hemeretzi ontzi nuklear edukitzea. Sunakek azaldu duenez, helburua da, batetik, hiru armadek gaitasuna edukitzea batzuen zein besteen ontziak erabiltzeko, eta, bestetik, horretarako teknologia partekatzea. Downing Streeteko 10. zenbakiko ugazabak ohartarazi du, bide batez, «Txinaren asertibitate gero eta handiagoa» eta Iranen eta Ipar Korearen jokabide «ezegonkorra» «mehatxu bat» direla munduarentzat. «Errealitate horren aurrean, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure herrialdeen erresistentzia gaitasuna sendotzea».
Ikusi gehiago: Zer da AUKUS?
Itsaspeko arrunten aldean, zeintzuek diesel erregaia baliatzen duten funtzionatzeko, erreaktore nuklear batek propultsatzen ditu iragarritakoak, eta denbora gehiago iraun dezakete ur azalera atera gabe. AEBek, Errusiak, Txinak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Indiak badituzte jada propultsio nuklearreko itsaspekoak, eta, iragarritakoa betez gero, Australia bilakatuko da gisa horretako itsasontziak dituen zazpigarren herrialdea.
Finean, eskualdean Txinaren gaitasun militarrei aurre egiteko erabaki bat da hartutakoa. Bidenek justifikatu du esanez AEBek hamarkadatan «babestu» duela «Indo-pazifikoko egonkortasuna», eta eskualdeko herrialdeek «etekin handia» atera diotela horri.
Txinaren eta Errusiaren kritikak
Iazko otsailean batzartu zirenean, Xi Jinping Txinako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak adierazi zuten kezka sortzen ziela AUKUSek, eta gaur, aliantzako herrialdeen iragarpenaren ondoren, antzera mintzatu dira Pekin eta Mosku. Txinaren Atzerri Ministerioko bozeramaile Wang Webinek agerraldi batean esan du erabakiak eskualdeko «egonkortasuna eta bakea» kaltetuko dituela, eta soilik balioko duela «arma lasterketa bat» elikatzeko. Penny Wong Australiako Atzerri ministroak, ordea, Wangen hitzak deitoratu ditu, iritzita ez direla gertaeretan oinarritzen. Erresuma Batuko The Guardian egunkariari emandako elkarrizketa batean adierazi du «argi» dagoela Australia ez dela ari arma nuklearrak erosten, eta bakea duela akuilu.
Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek auzitan jarri du AUKUSekoen asmoa, eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ekitaldi publiko batean nabarmendu du «mundu anglosaxoia» ari dela horrekin, eta, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen Asiaranzko hedatzearekin, «urte askotarako gatazka baterako» oinarriak ezartzen.
Bestalde, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak iragarri du, gaur, Australiak egin duela eskaera bere kontroletarako akordioa egokitzeko, modu horretan material fisionagarria erabiltzeko aukera eduki dezan itsaspekoak egiterakoan.