Helburu komertzialeko itsaspeko meatzaritza abiatu ezinik dabil nazioarteko uretan, eta sektore hori behingoz erregularizatzea eta martxan jartzea nahi dutenek beste kolpe bat hartu dute, Itsas Hondoaren Nazioarteko Agintaritzak (ISA) Leticia Carvalho brasildarra hautatu baitu idazkari nagusi. Michael Lodge britainiarra ordezkatuko du Carvalhok, aldeko 79 botorekin; Lodgek 34 lortu zituen, joan den ostiralean egindako bozketan. Carvalho eszeptikoagoa da itsaspeko meatzaritzaren arloan, eta arautu aurretik gehiago itxarotearen aldekoagoa da, jarduera horrek itsas hondoan zer eragin izango duen zehatzago jakin arte.
Itsas meatzaritzaren aurkako hainbat elkarte ekologistak pozik hartu dute aldaketa, batez ere aurreko agintariei ustelkeria eta gardentasun falta leporatu dietelako, baina baita idazkari nagusi berriak itsaspeko meatzaritzari buruz duen ikuspegiagatik ere. «Idazkari nagusiak ozeanoen osasuna jarri behar du ISAren jardunaren erdigunean. Espero dugu lema har dezala gobernuekin lan egiteko, ISAren bidea aldatzeko eta interes publikoaren zerbitzura jarduteko. Izan ere, meatzaritzaren industriaren interesek gidatu dute ISA denbora luzez», azaldu zuen joan den astean Marta Martin-Borregonek, Greenpeaceko ozeanoen arduradunak.
Nauru herrialdeak du presarik handiena urpeko meatzaritza ahalik eta lasterren arautzeko. Kanadako The Metals Company meatzaritza enpresarekin dago aliatuta Nauru, eta 2021ean sektorea arautzeko eskatu zuen. Are gehiago, Nazio Batuen Erakundearen Itsasoaren Zuzenbidearen Hitzarmeneko klausula bat erabilita, ISA behartu zuen ondorengo bi urteetan araudi bat eztabaidatzera eta onartzera. Hori dela eta, azken urteetan konferentzia asko egin ditu ISAk negoziazioetan aurrera egiteko, baina itsaspeko meatzaritzak sortzen dituen zalantzek eta herrialde batzuen posizioak akordioa oztopatu du.
Soslaia
- Izena: Leticia Carvalho
- Adina: 51 urte
- Jaioterria: Rio de Janeiro, Brasil
- Lanbidea: Ozeanografoa. Nazio Batuen Erakundearen Ingurumen Programako Itsasoen eta Uren arloko koordinatzailea izan da, eta orain ISAko idazkari nagusi izateko hautatu dute.
Gero eta herrialde gehiago ari dira bat egiten itsaspeko meatzaritzaren araudia atzeratzeko eskatzen dutenekin. Guztira 32 dira jarduera hori atzeratzeko edo debekatzeko eskatu dutenak; azken bilera honetan, Tuvalu, Guatemala, Austria, Honduras eta Malta batu dira zerrendara.
2025erako, «ezinezko»
Naururen eskariak negoziatzera behartu ditu herrialdeak, baina ez dira ados jarri araudi bat onartzeko orduan. 2022an eta 2023an, ISAren kontseiluko sei bilera egin dituzte, hiru urte bakoitzean, eta 2024ko bigarrena izan da joan den ostiralean bukatu zena. Itsaspeko meatzaritzari buruz erabaki bat hartu behar izateak berekin ekarri du ohi baino nazioarteko gailur gehiago egitea, eta hainbat herrialdek, besteak Kanadak, Bangladeshek, Costa Ricak, Alemaniak, Irlandak eta Fijik, bilera kopurua murrizteko eskatu dute, lan handiegia eskatzen duelakoan. Hori dela eta, aurten ez dute beste goi bilerarik egingo, eta hurrengoa 2025eko martxoaren 3an hasiko da. Datorren urtean beste bi goi bilera egitea aurreikusi dute, martxoan lehena, eta ekaina eta uztaila bitartean bigarrena.
Erabaki horren aurretik, bazirudien itsaspeko meatzaritzari buruzko nazioarteko araudi bat onartuko zutela 2025ean, baina, azken gertakarien ostean, Deep Sea Conservation Coalition elkarte ekologistak uste du «guztiz ezkinezkoa» izango dela datorren urtean sektorea arautzea. Greenpeaceko Louisa Cassonek joan den astean adierazi zuen azken bost urteetan asko aldatu dela gobernuen jarrera urpeko meatzaritzaren inguruan: «Inoiz ez dugu izan itsaspeko meatzaritzaren hain aurka dagoen mugimendu globalik».
ISA, industriak mugitua
Azken urteetan, hainbat elkarte ekologistak, norbanakok eta hedabidek salatu dute ISAk harreman estua izan duela meatzaritza industriarekin eta hori bera arautzea nahi duten herrialdeekin. Michael Lodgeren ustezko azpijokoek azken hilabeteetan hartu dute oihartzuna, baina ez industriarekin ustez dituen harremanengatik, baizik eta joan den asteko bozketa baldintzatzeagatik. AEBetako eta Erresuma Batuetako hainbat hedabidek argitaratutako erreportajeen arabera, Lodgek mugimenduak egin ditu boto batzuk erosteko edo baldintzatzeko, nahiz eta haren aldekoek ere beste hainbeste leporatu dioten Carvalhoren aldekoei.
Industriak ISArekin duen harremana Climate Home News agerkariak azaleratu zuen iaz, uztaileko bileraren ostean. Azaldu zuen meatzaritza industriako hainbat enpresatako 33 ordezkari antzeman zituztela negoziazioen «lehen lerroan», The Metals Companyko kontseilari ordezkaria tartean, eta, era berean, salatu zuen bestelako erakundeek ezin izan zutela parte hartu negoziazioetan. Horrez gain, iazko negoziazioetan parte hartu zuten ordezkarietako batek hedabide horri azaldu zion azken urteetan ohikoa izan dela meatzaritza enpresetako ordezkariak bilkuran egotea, baina iaz lehenengoz «gela txikietako negoziazioetan» parte hartu zutela.