Finlandiako Poliziak adierazi du Errusiatik ateratako petroliontzi bat atxikia dutela, eta ikertzen ari direla «sabotaje larri bat» egin ote duen Baltikoan dagoen itsaspeko komunikazio kable baten aurka.
Kablea 170 kilometro luze da, eta Finlandia eta Estonia lotzen ditu. Finlandiako Poliziaren arabera, atzo eguerdian egin zuten sabotajea azpiegitura horren kontra, eta inguruan zegoen Eagle-S ontziari leporatu diote hori. Cook uharteetako bandera du, eta, Finlandiako Poliziaren arabera, Errusiaren «ezkutuko flota baten» parte da.
Izan ere, azken urteetan Baltikoko itsaspeko zenbait kable hondatu dituzte —baita moztu ere—, eta inguruko estatuetako agintariek Errusiari leporatu diote sabotajeak egitea. Horrelako azken kasua joan den hilabetean gertatu zen: Finlandiaren eta Alemaniaren arteko telekomunikazio kable bat eta Lituaniaren eta Suediaren arteko Interneteko bertze bat aldi berean hondatu ziren. Alemania sabotaje ekintza gisa ikertzen ari da kasu hori, eta Suediako eta Lituaniako Defentsa ministroek zuzenean Errusiari leporatu zioten, eta hura ekintza horiekin «gerra hibridoa» egiten ari dela adierazi zuten.