Urpeko meatzaritza

Itsaspea, esplotatua izateko bidean

Itsasoko Zuzenbidearen Hitzarmenari lotutako herrialdeak nazioarteko uretan itsaspeko meatzaritza arautu ala ez eztabaidatzen ari dira Jamaikan. Talde ekologistek debekatzeko eskatu dute.

Itsaspeko meatzaritzaren aurkako protesta bat, iaz, Pragan. MARTIN DIVISEK / EFE
Itsaspeko meatzaritzaren aurkako protesta bat, iaz, Pragan. MARTIN DIVISEK / EFE
inaut matauko rada
2024ko uztailaren 26a
14:00
Entzun

Trantsizio energetikora bultzatzeko mineralen beharra asko handitu denez, herrialde eta enpresa askok lurretik itsasora jo nahi dute metal horiek eskuratzeko. Hala ere, gaur egun nazioarteko uretan ezin dira meatzaritza jarduerak egin helburu komertzialekin, eta hori aldatu nahi dute hainbat herrialdek. Itsasoko Zuzenbidearen Hitzarmena sinatua duten 169 herrialdeen ordezkariak Jamaikan daude azken asteotan, eta hartu behar duten erabaki garrantzitsuena hori da: zer egin itsaspeko meatzaritzarekin.

Gaur amaitzekoa da Itsas Hondoaren Nazioarteko Agintaritzaren Kontseilua, Jamaikan —edizio hau ixtean oraindik bilduta zeuden ordezkariak—. Erabaki eztabaidatua dute ebazteko, izan arautzeko bidea hasteko, izan luzamendu bat onartzeko. Herrialde askok interes handia dute ahalik eta lasterren arautzeko. Norvegia, Erresuma Batua, Errusia, Japonia eta Txina dira horietako batzuk, baina Nauru ari da eragiten gehie. 12.000 biztanleko herrialde horrek 2021ean eskatu zuen hurrengo 24 hilabeteetan araudi bat onartzeko, urpeko meatzaritzan hasi ahal izateko.

Hitzarmeneko klausula bati esker egin du hori, eta iturri batzuek diote aurten eskatuko duela meatzaritzan hastea. Kanadako The Metals Company enpresarekin lotuta dago Nauru, eta hori arduratuko litzateke ustiaketaz. Nauruk enbaxadore berria du Itsas Hondoaren Nazioarteko Agintaritzan (ISA), David Aingimea, eta kargua hartzean azaldu zuen meatzaritza erregulatzeko konpromisoari eutsiko diola: «Nauru harro dago ISAn duen rol aktiboarekin. Nazioarteko komunitate gisa, mineralen sektorea modu jasangarri batean bultzatzeko eta laguntzeko zeregina dugu», azaldu zuen. Urpeko meatzaritza arautzeko Nauruk dituen arrazoietako bat da klima aldaketak gehien eragingo dien herrialdeetako bat dela, eta funtsak behar dituela horri aurre egiteko.

31

ISAk eman dituen lizentziak. ISAk 31 lizentzia eman ditu urpeko meatzaritza ikertzen hasteko, helburu ez-komertzialekin. Horietako bost Txinari eman dizkio.

Nauruk araudia onartzeko eskatu zuenetik, horren bertsio bat eztabaidatzen ari dira, baina herrialde asko horren aurka daude. Hogeik baino gehiagok eskatu dute luzamendua edo debekua, tartean Costa Ricak, Brasilek, Espainiak, Ekuadorrek eta Frantziak. Ezadostasunak ikusita, litekeena da orain bertan erabakirik ez hartzea; baina hurrengo astean ISAren batzarra bilduko da, eta orduan har dezakete erabakiren bat. Erregulatzearen alde erabakita ere, araudia datorren urtean zehaztuko lukete ziurrenik.

Ustelkeria salaketak

Urpeko meatzaritzarekin negozio handia dago jokoan. ISAko egungo presidenteari, Michael Lodge britainiarrari, aurten amaituko zaio bigarren agintaldia, eta aurkari bat du hurrengo aukeraketan: Leticia Carvalho brasildar ozeanografoa. Egungo presidentea arautzearen aldekoa da, eta Carvalho, berriz, gehiago itxarotearen aldekoa, eta alde biak bestea salatzen ari dira, ustelkeriagatik eta hauteskundeak baldintzatzeagatik.

Hainbat hedabidek, agintarik eta diplomazialarik Lodge eta haren aliatuak salatu izan dituzte funtsak bidegabeki erabiltzeagatik, Carvalhori hauteskundeetatik erretiratzeko presioa egiteagatik eta botoak erosteagatik. ISAk erantzuna eman zion hilabete hasieran The New York Times-ek argitaratutako artikulu bati, eta azaldu Lodgeren aurkako akusazio guztiek oinarri faltsuak dituztela. Datorren astean izango da hautaketa, batzarrean.

Ekologistak, aurka

Herrialde, enpresa, ekologista eta zientzialari asko patxada eskatzen ari dira urpeko meatzaritzari buruz; eta askok debekatzeko eskatzen dute. Izan ere, gutxi ikertu da itsas zabaleko meatzaritzak eragingo lituzkeen kalteei buruz. Ikerketa batzuek diote mineral zutabeak sortuko lituzkeela eta metal astun asko askatu, itsasoko ekosistemen kaltetan. Greenpeace da urpeko meatzaritza arautzearen aurka ari diren elkarteetako bat, eta Jamaikan dauden ordezkariei esan die ingurumenari emateko lehentasuna.

Aste honetan jakin da, hain justu, zientzialari talde batek oxigeno iluna topatu duela itsasoaren sakonean. Metal multzo batzuek sortzen dutela uste dute, eta arriskuan daudela, meatze konpainia batzuek ustiatu egin nahi dituztelako metal horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.