Itsasoko tenperaturak 0,23 gradu egin du gora 2022tik 2023ra

Ozeanoek inoiz baino bero gehiago xurgatu dute iaz. Industrializazioaren garaiarekin alderatuz gero, %50 CO2 gehiago dago itsasoan.

(ID_13403812) -FOTODELDIA- INDIA TIEMPO CICLÓN INUNDACIÓN
Abenduan Channain, Indian, izandako uholdea. IDREES MOHAMMED / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urtarrilaren 11
15:30
Entzun

Advances in Atmospheric Sciences aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, ozeanoetako tenperaturek «larriki» egin dute gora: 2022koen aldean, itsasoko ur azaleko tenperaturak 0,23 gradu egin du gora 2023an. Are gehiago, 1981 eta 2020 arteko batez besteko tenperaturari erreparatuz gero, 2023koa 0,54 gradu igo da. Iaz El Niño fenomenoa hasi zen munduan —oraindik nabaritzen da haren eragina—, eta adituek ikerketan esan dute horrek eragina duela, baina atmosferan metaturik dagoen CO2 kantitatearen ondorio ere bada. Izan ere, industrializazioaren garaiaren (1850-1900) aurretik baino %50 gehiago dago egun.

Berotegi efektuaren eragina neurtzeko itsasoetako uren tenperatura erabili izana ez da ausaz hartutako erabakia. Ikerlariek azaldu dutenez, urtetik urtera «gutxi» aldatzen da aldagai hori, eta planetak jasotzen duen beroaren %90 xurgatzen dute ozeanoek. Gizakiek sortutako berotegi gasak areagotzeak desoreka eragin du lur planetan sartzen den erradiazioaren eta irteten denaren artean. Horren ondorioz, itsasoen tenperaturak ez ezik, itsasoaren mailak ere egiten du gora.

Iazko iraila izan da inoizko hilabeterik beroena ur azalari dagokionez. Izan ere, 1981 eta 2010 arteko batez besteko tenperaturekin alderatuz gero, 0,67 gradu igo dira 2023koak. Horren atzean El Niño dagoela adierazi dute ikerlariek, ur azalaren azpitik 100 eta 500 metro artean dagoen ura azalera ateratzen baitu fenomenoak, eta itsasoko goi aldeko ura berotu. 2024ko lehen datuek ere adierazten dute joera bera dela oraindik: 1991 eta 2020 arteko batez besteko tenperatura baino 0,76 gradu beroago dago uraren azala, Climate Reanalyzer plataformaren datuen arabera.

Ikerlari taldea ez da El Niño-reneta tenperaturen igoera «bortitzaren» arteko harremana plazaratzen duen aurrenekoa. Europako Batasuneko Copernicusek ere antzeko ondorioak kaleratu ditu duela gutxi.

Itsasoetako tenperatura beroek atmosferan «euri bonbak» sortu dituztela nabarmendu dute Advances in Atmospheric Sciences-en. 2023an uholde handiak zein lehorte luzeak eragin dituztela azaldu dute ikerlariek. Apirilean Afrika ekialdeak pairatutako lehortea, esaterako; azken 40 urteetako muturrekoena izan da. Azken urteetako joera da hori, ordea. 2022ko abuztuan Pakistanen gertatutako uholdea da horren adibide, non 1.500 lagun inguru hil baitziren. Pakistango montzoietan ere, klima aldaketak bere eragina izan zuen: azken 30 urteetan batez beste egindako euria baino ia %190 euri gehiago egin zuen.

Ikerketak azaleko uretan jarri du arreta, baina, nolanahi ere, ozeanoetan joera orokorra dela ohartarazi du ikerlari taldeak: «Ozeanoak berotu egin dira 2023an, baina ez bakarrik azalean. Tenperaturen igoerak lehen 2.000 metroei eragiten die».

Muturrerago

Ozeanoetako urak berotu izana ez da soilik tenperaturan islatzen. Uraren ziklo atmosferikoa ere aldatu baitu. Horren eraginez, ur gezetako eta gazietako ezaugarriek muturrera egin dute. «Gune gazietan gatz gehiago ari da metatzen, eta gune gezak zirenak geroz eta gezago bihurtzen ari dira», jakinarazi dute ikerlariek. Ozeano Bareak eta Indiako ozeanoak jasan dituzte aldaketarik handienak gezatzeari dagokionez. Gune gazietan, bestetik, Atlantikoa, Mediterraneoa eta Mendebaldeko Indiako ozeanoa izan dira muturrera gehien jo dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.