Giza eskubideak errespetatzea Thailandiako gizartearen ezaugarri nagusietakoa da», dio Abhisit Vejjachiva Thailandiako lehen ministroak. Baina errealitatea beste bat da NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu duenez.
Urtero milaka etorkin itsasoan murgiltzen dira Thailandiara edo Malaysiara iritsi eta bizimodu berri bati ekiteko asmoz. Militarrek horietako asko Thailandiako uretan atxilotu eta torturatu egiten dituztela salatu dute Nazio Batuen Erakundeko ordezkariek: «Torturatu ostean, itsasoan uzten dituzte, motorrik gabeko txalupetan, jatekorik gabe, eta eskuak lotuta batzuetan». Militarrek ukatu egin dituzte akusazio horiek, eta komunikabideei leporatu diete beren izena zikindu nahi izatea.
Etorkinak Poliziaren esku geratzen direnean, aldiz, auzipetu eta jatorrizko herrialdera bidaltzen dituzte. Myanmarrera itzultzea ez da irtenbide egokiena izaten, ordea, amesgaiztoaren hasierara bueltatzea, baizik.
Etorkinen eskubideak ez direla errespetatzen ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeak, eta horiek jasaten duten egoera ikertzeko eskatu dio Thailandiako Gobernuari. Thailandiak zin egin du ikerketari ekingo diola, baina NBE ez da fidatzen Bangkoken jarrerarekin. Izan ere, behin baino gehiagotan eskatu dio Thailandiako Poliziak atxilotuak dituen etorkinak ikusten uzteko, baina Bangkokeko gobernuak uko egin die eskakizun horiei.
Baztertutako etnia
Joan den urtean, 4.886 lagun iritsi ziren Thailandiako kostara, iturri ofizialen arabera; beste erakunde batzuen arabera, ordea, askoz gehiago dira. Horietako gehienak Myanmar mendebaldeko rohingya etniakoak dira. Izan ere, Myanmarren budistak nagusi dira eta rohingyak baztertu egiten dituzte musulmanak direlako. Denera, 800.000 lagun inguruk osatzen dute rohingya etnia, eta horietatik 250.000 baino gehiagok herrialdea utzi behar izan dute, jasaten dituzten indarkeria erasoengatik.
1982. urtean, herritartasun legea indarrean jarri zuten Myanmarren. Bertan, rohingyei herritartasuna ukatu zieten musulmanak zirela argudiatuta.Herritartasunik ez dutenez, eskubiderik ez dutela dio Gobernuak. Ordunik, budistek bultzaturiko garbiketa etnikoari aurre egiten saiatu dira, eta hainbat erakunde lege hori baliogabetzeko borrokan ari dira.
Askatasunak erabat murriztuta dituzte rohingyek. Herrialdean zehar bidaiatzeko baimenik ez dute. Ikasleei, esaterako, debekatu egiten zaie unibertsitateko ikasketak egiteko bidaiatzea, beraz, hezkuntza mugatzen zaie. Gainera, oso zaila izaten dute lana aurkitzea edo osasun zerbitzuetara jotzea. Ezkontzeko baimena lortu nahi badute, berriz, Myanmarko Gobernuari ordaintzera behartuak daude. Ezkontzeko onespena, armadako goi karguek ematen diete, eta batzuetan, nahiz eta baimena ordainduta izan, ezin izaten dute ezkondu. Horrez gain, jaioberri eta hildako bakoitzagatik Gobernuari ordaindu behar izaten diote. Guztiagatik zergak ordaindu behar izaten dituzte rohingyek. Nahiz eta Myanmarren beste etnia batzuk badauden, rohingyena da errepresioa jasaten duen bakarra. Musulmanak izatea da rohingyen errua, Myanmarko Gobernuaren ustez.
Horrez gain, budistak nagusi diren Thailandia eta Myanmarren, musulmanak ekintzaile islamiarrekin lotzen dituzte. Horregatik baztertzen dituzte. Islamofobiaz hitz egiten dute batzuek. Ondorioz, musulmanen aurkako diskriminazioa ohikoa da.
Hori dela eta, rohingyak Malaysiara ihes egin nahi izaten dute. Izan ere, Malaysian rohingyen komunitate handi bat dago, 20.000 kide inguruk osatzen dutena. Bertan, musulmanak onartzen dituzte eta lanerako aukerak izaten dituzte, soldata on baten truke.
Erasoetatik ihesi eta bizimodu hobearen bila abiatzen dira etorkinak Myanmartik, baina, askori itsasoan amaitzen zaizkie ilusioak, eta batzuetan baita bizitza ere.
Itsasoan itotzen dira ilusioak
Myanmartik ihesi, milaka etorkin itsasoan murgiltzen dira urtero. Gehienak Thailandia edo Malaysia izaten dute norako, baina asko Thailandiako militarren atzaparretan erortzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu