Itsaso Beltzaren eta Azoveko itsasoaren arteko Kerch itsasartean, ekaitz batek bi petroliontzi hondorarazi ditu. Guztira 9.000 tona galipot inguru zeramatzaten, eta, TASS Errusiako albiste agentziak adierazi duenaren arabera, 3.000 tona petrolio inguru isuri dira dagoeneko Tuzla eta Panagiya lurmuturren artean. Hala ere, isuriak gelditzea lortu dutela azaldu du TASSek, eta isuriak garbitzeko lanetan dabiltza larrialdi zerbitzuak. Atzo goizean jazo zen ezbeharra, ekaitz batek bi ontziei kalte egin eta haiek hondoa jo ostean.
Ontziak hondoratzen hasi eta berehala bertaratu ziren larrialdi zerbitzuak, eta bi tripulazioetako 27 kideak erreskatatu zituzten. Horietatik 11 ospitaleratu behar izan zituzten, eta bat hil egin da. Volgoneft 212 eta Volgoneft 239 dira ontziak, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak larrialdiari aurre egiteko talde bat sortzeko agindu zion Vitaly Savelyev lehen ministrordeari. Horrez gain, bi ikerketa penal abiatu dituzte gertatutakoa ikertzeko.
TASSen arabera, ekaitz batek kalte egin zien bi ontziei, eta biek hondoa jo zuten, kosta lerrotik gertu. Volgoneft 212 ontzian hamalau kide zeuden tripulazioan, eta horietako bat hil zen. Beste ontzian hamalau lagun zeuden, eta denak salbatu zituzten.