Itsas zabalean deportatuta

Sea Watchen ontziari eraso egin zioten duela astebete, salbatze lanean ari zela; Libiako kostazainek iheslariak lurreratu zituzten, nazioarteko uretan zeuden arren.

Alemaniako Sea Watch gobernuz kanpoko erakundearen ontziak egindako erreskate baten irudia. Mediterraneoan ari dira lanean. FABIAN MELBER / SEA WATCH.
2017ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Libiako kostan, aurrez aurre, zurezko txalupa bat iheslariz betea, salbamendu itsasontzi bat eta zodiak bat. Ohiko salbamendu bat da Sea Watch 2 salbamendu ontziarentzat; Alemaniako izen bereko gobernuz kanpoko erakundearena da. Aginte zubitik, Libiako kostazainak gerturatzen ikusi ditu kapitainak. Bizkor datoz, zuzenean haiengana, eta bi itsasontzien brankak noranzko berean datoz. Aurrera segitu dute. Itsasontziek mirariz ez dute jo elkar, zentimetro batzuengatik.

Maiatzak 10 zituen, eta goizeko zortziak ziren. Sea Watch 2-ri jakinarazpen bat bidalia zion Erromako itsas salbamendurako koordinazio zentroak. Errefuxiatuak zeramatzan itsasontzi batek laguntza behar zuen. Hogei itsas miliara zeuden. «Esan ziguten Libiako kostazainekin batera arituko ginela salbatzeko lanean. Arraroa iruditu zitzaigun, ez baita hala izaten», azaldu dio BERRIAri Borja Olabegogeaskoetxeak, ontziko makinetako buruak.

Eskifaiak zodiaka hedatu zuen, eta txaluparaino gerturatu zen: «Migratzaileei azaldu genien haiek salbatzera gindoazela, eta toki seguru batera eramango genituela. Orduan, kostazainak ikusi genituen, ziztu bizian gugana, eta ospa egin behar izan genuen handik», argitu du marinel eibartarrak.

Ofizialek kostazainen itsasontzira aldatu zuten zurezko txalupako jendea, eta Tripolirantz jo zuten. Kaira iritsitakoan, mezu elektroniko bat bidali zuten, non poza adierazten zuten 350 bat pertsona salbatu zituztelako.

Legez kanpoko ekintza

Itsasoko legeen arabera, legez kanpokoa izan zen ekintza hura: Libiaren subiranotasun eremupeko hamabi itsas milietatik kanpo zeuden. «Unean bertan egindako itzulketa baten lekuko izan ginen. Eta arriskuan ere jarri zuten gure itsasontzia: gerraontziak jo izan bagintu, latak irekitzeko batekin bezala urratuko zigukeen kroskoa», zehaztu du Olabegogeaskoetxeak.

Libiako kostazainek ere bidali zioten halako mezu elektroniko bat Frontexi, Europako mugazainei, Erromako koordinazio zentrokoei eta Europako Sophia misio militarraren kuartel nagusikoei —pertsonen trafikoaren kontra dihardu—.

Egoera zaila izanagatik, guztiak zeuden jakinaren gainean. «Libia sekulako ahaleginak egiten ari da erakusteko bere eginbeharrak betetzen ari dela», argudiatu du Ane Irazabal kazetariak —aurreko asteetan izan da eremu horretan,kostazainekin, besteak beste—.

Eginbeharrek ordain bat dakarte, eta zuritu egin behar izaten dira: joan den otsailean, Europako Batasunak 120 milioi euro onartu zituen Libiako kostazainak trebatzeko eta ekipamenduz hornitzeko. Hala, haien esku uzten dute migratzailez beterik itsasoratzen diren ontziak geldiarazteko erantzukizuna. Halaber, beste 10,8 milioi euro ere jarriko dituzte giza laguntzarako.

Irazabalek zera galdetu du: «Europa jabetzen al da norekin ari den itunak egiten?». Eta hauxe erantzun: «Zentzugabea da Libiako kostazainei buruz hitz egitea. Ez dago inolako erakunderik, bere hartan; hiri bakoitzak subiranotasun osoa du bere uren gainean, eta zeinek bere unitateak ditu».

2011n, Muammar Gaddafi kargutik kendu eta hil zuten, eta, harrezkero, bi parlamentutan zatitua dago estatua, estatu gisa diharduten bi hiritan, beren milizia eta tribu liskartu eta guzti—nazioartearen esku dago hirugarren gobernua—.

«Badira ezkutuko kostazain ofizialak mafietan. Badakite nondik irteten diren txalupak, eta pasatzen uzten diete», azaldu du Irazabalek.

Frontexen jazarraldia

Borja Olabegogeaskoetxea urriaren amaieratik dabil Mediterraneoan jendea salbatzeko lanetan. Lehendik ere Grezian ibilia da, Kios uhartean, SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearekin. Orain, ordea, aldaketa bat ikusi du Frontexen jarduteko moduan. «Txalupa bat aurkitzen dugunean, deitu egiten diegu; hala dio protokoloak. Baina ez dira agertzen, eta ez dituzte bidaltzen beren itsasontziak».

Maiatzaren 6an, ahalik eta ate gehien jo zuten laguntza eske. Sea Watch 2-n, 290 pertsona zeuden, salbatu berriak, eta itsasoan, gomazko beste zortzi ontzi. Horietako bakoitzean, 160-180 bat pertsona. «Frontexi eman genizkion koordenatuak, gure arrantzontzia beteta geneukalako, eta maniobrarik txikiena egin ezinda genbiltzalako. Gu bakarrik geunden eremu hartan», kontatu du marinel eibartarrak.

Salbamendu itsasontziko eskifaiak jarraipen seinale automatiko bat egin ahal izan zien txalupetako biri, eta horri esker egiaztatu ahal izan zuten Libiara itzuliak zirela. «Baina hutsik egiteke esan dezakegu 960 pertsonatik gora galdu direla: beste seien artean, baziren motorra apurtuta edo neurriz gain zamatuta zeukaten itsasontziak», zehaztu du makinetako buruak. «Frontex ez zen agertu, eta hantxe utzi behar izan genuen jende hura dena».

Olabegogeaskoetxearen itsasontzian, 56 orduan 290 lagun salbatu zituzten. Eremu hartako gainerako itsas ekipamenduek ehunka pertsona aurkitu zituzten, eta horregatik jo zien hain luze haiek sorostera joateak.

Itsas Salbamendu Humanitarioko kide ohi bat, Iñigo Mijangos, Bruselara joateko deitu zuten apiril hasieran, beste salbamendu talde batzuekin batean. Frontexekin elkartzeko bilera zen hura. GKE-ek aurre egin nahi zieten, hain zuzen, Frontexeko zuzendari Fabrice Leggerik urte amaieraz geroztik haien kontra eginak zituen kritikei. Zera nabarmendu zuen: boluntarioek erakartze efektu gisa funtzionatzen dutela, mafiekin elkar harturik.

Europako mugazainik ez zegoen bileran. «Libiako eskualderako kanpo harremanetarako bulegoko norbait bidali zuten, eta bideo konferentzia bat egin genuen Adriano Silvestrirekin, giza eskubideen bulegokoarekin», adierazi du Mijangosek. Honetaz konbentzituta irten zen handik: «Europak direnak eta ez direnak egingo ditu salbamenduetan itsasontzirik erabil ez dezagun». Mediterraneoan, GKE-ek egiten dituzte salbamendurik gehienak, Frontex misioko ontziak ez direlako joaten 60 itsas miliaz harago Italiako kostaldetik.

«EBk nahi du muga natural arriskutsutzat hartzea jendeak Mediterraneoa. Haien ustez, zenbat eta gehiago hil, orduan eta gutxiago ahaleginduko dira hura zeharkatzen», dio Mijangosek. Iaz 5.000 ito ziren itsasoan. Aurtengo bost hilabeteotan, berriz, 1.316 dira jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.