Italiak Mediterraneotik heldutako migratzaileentzako zentroak eraiki ditu Albanian, eta gaur goizean iritsi dira bertara lehendabiziko hamasei migranteak: hamar bangladeshtar eta sei egiptoar, guztiak gizonak. Zentro horiek migratzaileak identifikatzeko eta kontrolatzeko balio dute, eta handik kudeatuko dituzte migratzaileen asilo eskaerak, Italiako Gobernuaren arabera. Ezezkoa bada, euren herrialdera itzuliko dituzte. Mediterraneo erdialdean atzeman zituzten hamaseiak, Libiatik alde egin eta Italiara iristeko ahaleginetan zirela.
Hango hedabideek Albaniako Poliziaren adierazpenak aipatuz kaleratu dutenez, gaur, iritsi berritan, Shengjin herrian (Albania) osasun eta identifikazio kontrolak eginen dizkiete; iritsierak kudeatzeko zentro batean egongo dira, portuan bertan dagoen zentro batean. «Estatuko Poliziak beharrezko segurtasun neurri guztiak hartu ditu, baita mugako prozedurak azkartzekoak ere». Behin lehen kontrolak igaro eta gero, Gjader zentrora eramanen dituzte migratzaileak, handik hogei bat kilometrora.
Gjader Albaniako aireko indarren baseetako bat izan zen herrialdeko diktadura komunistaren garaian [1944-1985]; zazpi metroko garaiera duen horma batez inguratuta dago. Aste honetan jarri dituzte martxan bi zentroak —Shengjinekoa eta Gjaderekoa—, Matteo Piantedosi Italiako Barne ministroak larunbatean prentsaurreko batean adierazi ondotik Afrika iparraldetik datozen migratzaile irregularren lekualdatzea «lehenbailehen» hasiko zela. Horrez gain, nabarmendu zuen EBk Europako Batasunak kanporatze sistema indartzeko helburua ezarri duela. Hiru dira, dena dela, Italiak Albanian jarri dituen migratzaileen zentroak: 880 asilo eskatzailerentzako lekua duen egoitza bat; asilo eskaera lortu ezean jatorrizko herrialdera itzuli artean aterpe hartzeko 144 toki dituen bertze egoitza bat, eta, azkena, hogei lagunentzako kartzela bat.
Joan den urteko azaroan eman zuten Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak eta Edi Rama Albaniakoak migratzaileen zentroak Balkanetako herrialde horretan eraikitzeko akordioaren berri. Urtean 36.000 migrante iritsiko direla aurreikusi zuten, eta gutxi gorabehera hilabeteko egonaldia eginen du han bakoitzak, asilo eskaera egin bitartean. Giza eskubideen elkarteek ohartarazi dute jokabide horrek «urratu» egiten duela nazioarteko zuzenbidea. Melonik, trukean, Ramari erran zion bere esku zegoen guztia eginen zuela Albania Europako Batasunean sartzea ahalbidetzeko.
Von der Leyen, Italiara begira
Bihar eta ortziralean bilduko da Europar Kontseilua —EBko Atzerri ministroek osatzen dute—, eta, azken egunotan hainbat hedabidek kaleratu dutenez, migrazio politikaz arituko dira, bertzeak bertze. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europako Kontseiluko kideei gutun bidez azaldu die bilera egunetan errefuxiatuen zentroen erabilera aztertu dezatela eskatuko diela, eta, Italiaren eta Albaniaren akordioa eredu hartuta, Europako bertze herrialdeetan ere halako zerbait egin daitekeela proposatu du.
EBko estatu kide batzuk halako akordioen kontra agertu izan dira —Erresuma Batuko Gobernuak Ruandarekin egindako akordioan, kasurako—, baina oraingoan, eskuin muturraren migrazio politika ikusita, baliteke Von der Leyenekin nahiko ados agertzea.