MIGRAZIOA

Italiako kostazainek 1.400 bat migratzaile erreskatatu dituzte Itsaso Jonikoan

Herenegun eta atzo egin zituzten operazioak, Frontexen laguntzarekin.

30 migratzaile baino gehiago, 'Nadir' gobernuz kanpoko erakundeko itsasontziak erreskatatu ostean, matzean, Lampedusan, Italian. CONCETTA RIZZO / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 7a
18:03
Entzun

Italiako kostazainek asteazken honetan iragarri dutenez, 1.400 pertsona baino gehiago erreskatatu zituzten herenegun eta atzo, Itsaso Jonikoan, Italia hegoaldeko Crotona hiritik gertu. Kostazainek Mugak eta Kostaldea Zaintzeko Europako Agentziaren (Frontex) laguntza izan zuten bi operazioak egiteko.

Astelehen goizaldean egindako lehen operazioan esku hartu zuten Roccela Ionicako eta Cataniako kostazainen bi patruilaontzik eta Frontexen beste txalupa batek, eta arrantzontzi batean zihoazen 590 migratzaile erreskatatu zituzten, Crotonako kostaldetik 52 itsas miliara. Ondoren, iheslari horiek Italiako kostazainen Deciotti itsasontzian eraman zituzten.

Hain zuzen, ontzi horrek parte hartu zuen bigarren erreskate operazioan ere; gutxi gorabehera, beste 650 migratzaile erreskatatu zituzten. Maniobra horiek Frontexeko MAI 1107 itsasontziaren, Italiako kostazainen bi patruilaontziren eta inguruan zegoen atoiontzi baten laguntzarekin egin zituzten.

Geroago, Crotonako kostazainen beste patruilaontzi batek 47 migratzaile salbatu zituen, astelehen gauean; belaontzi bat noraezean zebilen, olatuen mende. Erreskatatuen artean bi haur zeuden, eta premiazko arta medikoa jaso behar izan zuten.

Operazio horiei guztiei, zehazki, 130 migratzaileren erreskatea gehitu behar zaie; Capo Rizzutotik 117 itsas miliara salbatu zituzten, eta atzo amaitu zuten operazioa.

Bost polizia atxilo, migratzaileak torturatzea egotzita

Italiako Verona hiriko bost polizia atxilotu dituzte migratzaileak eta etxegabeak torturatzea eta haiei lesioak eragitea egotzita. Horrez gain, atxilotuetako biri arraza beltzeko pertsonen eta afrikar migratzaileen aurkako gorroto arrazista delitua ere leporatu diete.

Ikertzaileen arabera, agenteek iheslariak eta etxegabeak «jipoitu» zituzten identifikazio prozesuetan. Gertakarietako batean, atxilotuetako biri egozten diete atzemandako pertsona bat, identifikaziorako, «lurrean txiza egitera behartzea» eta gero «zorua garbitzea, gorputza erabiliz», behin-behineko espetxeratze aginduan jasotako kasuaren dokumentuen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.