ITALIA

Italiak ez die utziko atzerriko GKEei etorkinak porturatzen

Salvini Azpiegitura ministroak esan du ez duela toleratuko «immigrazio klandestinoaren eta kontrolik gabeko porturatzeen negozioa». Orain, Italiakoak ez diren bi ontzi daude nazioarteko uretan, barruan 400 bat migratzaile daramatzatela-

Ontzi bat migratzaileak erreskatatzen, Mediterraneo itsasoan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 27a
18:02
Entzun

Matteo Salvinik neurri bat ezarri zuen, 2018ko maiatzetik 2019ko irailera Italiako Barne ministroa izan zenean: Italian etorkinekin porturatzeko debekua Mediterraneo itsasoan migratzaileak erreskatatzen zituzten atzerriko GKE gobernuz kanpoko erakundeen ontziei. Joan den astetik, Salvini presidenteordea eta Azpiegitura ministroa da Georgia Meloni neofaxista buru duen gobernuan, eta gaur iragarri du orain lau urte hartutako neurria atzera indarrean sartuko dela. «Mezu bat gizakien trafikatzaileentzat eta beren konplizeentzat: eskuinaren hauteskunde programan esan genuen bezala, Italiak ez du toleratuko gehiago immigrazio klandestinoaren eta kontrolik gabeko porturatzeen negozioa», idatzi du Salvinik Twitterreko bere kontuan. Hura buru duen ministerioak du porturatzeen eskumena.

Hain zuzen, orain, bi GKEren bi itsasontzi daude nazioarteko uretan, barruan Libiako kostaldearen parean erreskatatutako immigranteak daramatzatela. SOS Mediterranee-ren Ocean Viking ontziak Norvegiako bandera du, eta 234 etorkin daramatza; Alemaniako SOS Humanity-ren Humanity One-k, bestalde, 180. «GKEk beren herrialdeetarako norabidea har dezatela, ez Italiarako norabidea», ohartarazi du Italiako Azpiegitura ministroak.

Orain lau urte, 2018ko abenduan, dekretu bat onartu zuen, zeinaren arabera atzerriko GKEak ezin ziren porturatu baimenik gabe. Gainera, isunak ezarri zituen dekretuan jasotakoa betetzen ez zutenak zigortzeko. Italiako hurrengo gobernuak, baina, bertan behera utzi zuen. Nolanahi ere, orduan hartutako erabakien ondorioz, Salvini auzitara eraman zuten. Cataniako auzitegi batek kasuetako bat artxibatu zuen. Baina beste auzibide bat martxan dago, Sizilian. 2019koabuztuan Open Arms itsasontziari portuan sartzea debekatu zionean pertsonen bahiketa delitu bat egin zuela egotzi zioten; 150 bat migratzaile zeramatzan ontziak.

Ultraeskuineko gobernu bat du Italiak. FdI Italiako Anaiak-ek, Lega Nord-ek eta Forza Italiak osatutako koalizioak irabazi zituen parlamenturako bozak joan den irailaren 25ean, botoen %44 inguru bilduta. Matteo Piantedosi Barne ministroak esan izan du pentsatzen ari direla atzerriko GKEei portuak ixtea.


Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.