Italiak ez die utziko atzerriko GKEei etorkinak porturatzen

Salvinik ez du onartuko «kontrolik gabeko porturatzeen negozioa». Italiakoak ez diren bi ontzik etorkinak daramatzate Mediterraneoan

Ocean Viking ontzia erreskate bat egiten, iazko uztailean. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Matteo Salvinik neurri bat ezarri zuen 2018ko maiatzetik 2019ko irailera Italiako Barne ministroa izan zenean: Mediterraneo itsasoan migratzaileak erreskatatzen zituzten atzerriko GKE gobernuz kanpoko erakundeen ontziei debekatu egin zien Italian etorkinekin porturatzea. Joan den astetik presidenteordea eta Azpiegitura ministroa da Salvini, Georgia Meloni neofaxista buru duen gobernuan, eta atzo iragarri zuen orain lau urte hartutako neurria indarrean sartuko dela atzera. «Mezu bat gizakien trafikatzaileentzat eta beren konplizeentzat: eskuinaren hauteskunde programan esan genuen bezala, Italiak ez du toleratuko gehiago immigrazio klandestinoaren eta kontrolik gabeko porturatzeen negozioa», idatzi zuen Salvinik Twitterreko bere kontuan. Hura buru duen ministerioak du porturatzeen eskumena.

Hain zuzen, uneotan bi GKEren bi itsasontzi daude nazioarteko uretan, barruan Libiako kostaldearen parean erreskatatutako immigranteak daramatzatela. SOS Mediterraneeren Ocean Viking ontziak Norvegiako bandera du, eta 234 etorkin daramatza; Alemaniako Sos Humanityren Humanity One-k, bestalde, 180. «GKEk beren herrialdeetarako norabidea har dezatela, ez Italiarako norabidea», ohartarazi zuen Italiako Azpiegitura ministroak.

Orain lau urte, 2018ko abenduan, dekretu bat onartu zuen, zeinaren arabera atzerriko GKEek ezin zuten Italian porturatu horretarako baimenik gabe. Gainera, isunak ezarri zituen dekretuan jasotakoa betetzen ez zutenak zigortzeko. Italiako hurrengo gobernuak, nolanahi ere, bertan behera utzi zuen dekretua. Hala eta guztiz ere, orduan hartutako erabakien ondorioz, Salvini auzitara eraman zuten. Cataniako auzitegi batek kasuetako bat artxibatu zuen, baina beste auzibide bat martxan dago, Sizilian. 2019ko abuztuan Open Arms itsasontziari portuan sartzea debekatu zionean egotzi zioten pertsonen bahiketa delitu bat egin zuela. 150 bat migratzaile zeramatzan ontziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.