Italiak beste 49 migrante bidali ditu Albaniara

Bi herrialdeen arteko akordioa indarrean sartu zenetik bidaltzen duten hirugarren etorkin taldea da; Italiara itzularazi zituzten aurrekoak, auzitegi baten aginduz. Gaurko migrante gehienak Bangladeshkoak, Egiptokoak, Boli Kostakoak eta Gambiakoak dira.

Migrante batzuk Albaniako Shengjin herrira iritsi berri, gaur. MALTON DIBRA / EFE
Migrante batzuk Albaniako Shengjin herrira iritsi berri, gaur. MALTON DIBRA / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urtarrilaren 28a
11:02
Entzun

Ontzi batean Mediterraneo itsasoan barrena Italiara zihoazela aurkitu, eta, hara eraman ordez, Italiako kostazainek Albanian eraikitako migratzaileentzako zentroetara eraman dituzte 49 migratzaile. Goizaldean iritsi dira Albaniako kostako Shengjin herrira; Italiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, orain «kasuak banaka aztertzeari» ekingo diote. Bost Italiara itzuliko dira adingabeak edo pertsonen salerosketen biktima direlako. Italiara iritsi asmo duten migranteak herrialdetik kanpoko zentroetara bidaltzeko hirugarren saiakera da oraingoa, Albaniara bidalitako aurreko bi migrante taldeak Italiara itzularazi baitzituzten, Erromako Auzitegiak hala aginduta. 

Aurreneko migrante taldea iazko urriaren 16an iritsi zen Albanian eraikitako zentroetara. Halere, hamasei migratzaile horiek apenas eman zituzten han bi egun; are, iritsi ziren egunean bertan itzularazi zituzten horietatik lau: bi adingabeak zirelako, eta beste biak «oso zaurgarri» zeudelako. Gainontzekoak Erromako Auzitegiaren ebazpen judizial baten ondorioz itzularazi zituzten Italiara. Horren arabera, migrante horien jatorrizko herrialdeak, hau da, Bangladesh eta Egipto ez ziren herrialde seguruak, eta, EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Italiako eta Albaniako migrazio akordioaren inguruan emandako ebazpen batek zehazten duenez, herrialde seguruetatik datozen migranteak soilik eraman ditzakete Albaniako zentroetara.

Arrazoi beragatik itzularazi zuten bigarren migrante taldea, iazko azaroan, nahiz eta ordurako Italiako lehen ministro Georgia Melonik dekretu bidez lege bihurtua zuen jatorrizko herrialde seguruen zerrenda bat, Italiako Gobernuak osatutakoa. Abendu amaieran, Meloniren alde lerratu zen Italiako Auzitegi Gorena, argudiatuta Italiako Gobernuari dagokiola herrialde seguruak zein diren zehaztea, eta beste ezein auzitegitako epaileek ezin dutela «sistematikoki» baliogabetu migrante guztien bidalketa, baizik eta «kasu bakoitza indibidualki» aztertu beharko luketela. Dena den, EBko Justizia Auzitegia akordioari buruzko ebazpen bat ematekoa da otsailaren 25ean. 

Gaur iritsi diren 49 migranteetatik gehienak Bangladeshkoak dira, baina badira Egiptokoak, Boli Kostakoak eta Gambiakoak ere. Herrialde horiek guztiak barne hartzen ditu Italiako Gobernuak Albaniarekin adostutako zerrendak. Shengjingo zentroan mediku azterketak egingo dizkiete, eta Italiara itzularaziko dituzte osasunez makal daudenak. Gainontzekoak, berriz, Gjaderko zentrora eramango dituzte; 3.000 pertsonarentzako lekua dago, zazpi metro garai den harresi batek inguratzen du, eta kameraz josita dago. 

Iritzi kontrajarriak

Italiak eta Albaniak 2023ko azaroan adostu zuten migrazio akordioa. Horren arabera, Albaniako zentroetara eramandako migratzaileek handik egin beharko dute asilo eskaera; baiezkoa jasoz gero, Italiara itzuli ahalko dira, eta, bestela, Albaniatik deportatuko dituzte jatorrizko herrialdeetara. 

Hala, akordioak helburu du Mediterraneo itsasotik iritsitako papergabeen asilo eskaerak EBko kide ez den herrialde batean kudeatzea. Proposamena begi onez ikusi dute talde komunitarioko beste estatu kide batzuek. Hainbat ekintzailek eta giza eskubideen aldeko GKE gobernuz kanpoko erakundek, berriz, behin baino gehiagotan egin dute akordioaren aurka, iritzita «arriskutsua eta bidegabea» dela.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.