Fukushima

Isurtzeak ez ditu urak baretu

Fukushimako zentral nuklearreko ur kutsatuak Ozeano Barera isuri dituzten arren, agintariek baieztatu dute segurtasuna bermatua dela. Hala eta guztiz ere, isurtze hori lehenbiziko erronka bertzerik ez da Japoniak normaltasunera bete-betean itzultzeko gainditu beharrekoen artean.

Arrantzale bat Ukedoko portuan, Fukushimako zentral nuklearretik gertu, lehengo astean. FRANCK ROBICHON / EFE.
Josep Solano
Tokio
2023ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Japonia orain dela astebete pasa, abuztuaren 24an, hasi zen Ozeano Barera isurtzen Fukushimako zentral nuklearreko istripuan kutsatu ziren urak, eta, tratatu egin bazituzten ere gai erradioaktibo gehien-gehienak kentzeko, prozesu hori protestak eragiten ari da oraindik ere Japonian bertan, baita handik kanpo ere; bereziki, arrantzaleak eta Txinako Gobernua kexatu dira.

Tepco Tokyo Electric Power Company elektrizitate enpresak eta Japoniako Gobernuak iragarri dute hamazazpi egun iraunen duela lehenbiziko isurtzeak, eta tarte horretan gutxi goiti-beheiti 7.800 tona ur botako direla itsasora. Behin lehenbiziko isurtzea eginda, enpresak barku bat bidaliko du inguru hartara, gunea bera eta ura nola dauden aztertzeko, eta, nahiz ez duen zehaztu zer tenoretan abiatuko duten prozesu hori, eskuratu ahala argitaratuko ditu datuak bere webgunean, «gardentasuna bermatzeko».

Halarik ere, bai Japonian eta bai inguruko herrialdeetan protestak izan dira urak isurtzearen kontra. Abuztaren 24an bertan, ehun bat arrantzalek eskaera bat aurkeztu zuten isurtzea geldiaraz zezaten, eta Hego Korean eta Filipinetan, bertzeak bertze, hainbat lagun atxilotu dituzte manifestazioetan.

Txinan, diplomaziaren arloan ere izan dira protestak: Wang Wenbin Atzerri Ministerioko bozeramaile eta Atzerri ministrordeak bilera batera deitu zuen Japoniak Txinan duen enbaxadore Hideo Tarumi, Japoniaren jokabidea gaitzesteko, iritzita «izugarri berekoia eta arduragabea» dela urak isurtzen segitzea «nazioartea arrunt kontra dela jakinik ere». Pekinek bertze urrats bat ere egin du, debekatu egin baitu Japoniako hamar prefeturatako produktuak inportatzea, eta, bertzalde, kontrolak ezarri gogo ditu herrialde hartatik datozen bertze produktu guzietarako.

Edozein modutan, analista batzuek uste dute Pekinen neurri horiek aitzakia bat bertzerik ez direla Japoniako produktuei Txinako merkaturako sarbidea hesteko azkenaldian Tokioko gobernuak AEBekin duen harremana estutu duenez gero, eta tokiko ekoizleei mesede egiteko. Zenbait adituren erranetan, baina, Fukushimako uretako gai kutsagarriak halako zazpi isurtzen dituzte Txina ekialdeko hiru zentral nuklearrek, Hongyanhe, Qinshan eta Yangjiangoek.

Batzuk, fidakor

Txinak aitzinera segitzen du Japoniaren izen ona kolokan paratzeko kanpainarekin; Hego Koreak, aldiz, adierazi du ez duela arrazoirik isurtzearen kontra egiteko, nahiz eta udaberrian hau da, Japoniak ur kutsatuak itsasora isuri gogo zituela erran zuenean— Pekin bezain kritiko agertu zen. Gobernu Politikak Koordinatzeko Bulegoaren lehenbiziko arduradunorde Park Ku-yeonek azaldu zuen gobernuak ez zuela ez eragozpen zientifikorik ez teknikorik ikusten ur kutsatua isurtzeko.

Ozeano Bareko uharteetako herrialdeak —hots, txosten zientifikoen arabera isurtzearen eragina gehien nabarituko dutenak— Pekin baino hagitzez moderatuago agertu dira. Are, duela zenbait aste Japoniara egindako bisita ofizialean, Surangel Whipps Jr. Palauko Errepublikako presidenteak adierazi zuen ulertzen zuela Tokioren plana, eta konfiantza zuela hartan. Preseski, 2011ko lurrikaraz eta tsunamiaz geroztik, Whipps izan zen atzerriko estatuburu guzietan lehenbizikoa bai Japoniako adituen azalpenak bertatik bertara aditzen eta bai Fukushimako zentral nuklearra bisitatzen.

Ozeano Bareko uharteetako bertze herrialdeak ez dira bat etorri Pekinek plazaratutako kezkekin, eta jakinarazi dute konfiantza dutela, uste baitute Tokiok modu eraginkor eta gardenean kudeatuko duela isurtzea. Japoniako Gobernuko zenbait funtzionario esker oneko agertu dira, «bertzeak bertze Palau, Fiji, Mikronesia eta Cook uharteak hain ulerbera agertu direlako».

Erronka handia

2050eko lehenbiziko urteak arte ariko dira urak isurtzen, eta gainditu beharreko erronka handietan lehenbizikoa baino ez da, inoiz ez bezalakoa. Txernobylgoaren gibeletik, inoiz izandako istripu nuklearrik okerrenetan bigarrentzat jotzen da Fukushimakoa, eta erradioaktibitate handiko erregaien hondarrak erreaktorearen nukleotik ateratzea izanen da gainditu beharreko traba nagusietako bat. «Inoiz ez bezalako erronka handi bati» buru egin beharko diote, bertze inon ez baitira saiatu halakorik egiten.

Zentralean fusio bat baino gehiago gertatu ziren, eta, horren eraginez, hondakinak berreskuratzeko operazioa hagitzez handiagoa eta zailagoa izanen da. Japoniaren eta Tepcoren asmoa da erregai urtua aire zabalean dagoen bitartean kentzea, zaila baita kaltetutako erreaktoreen nukleoak urez betetzea. Aire zabalean egonez gero, ordea, erregai hori arriskutsua da langileentzat, eta, horregatik, urrundik kontrolatutako robot bat garatzen ari dira.

Istripua dela-eta erradiazioz kutsatutako eremuko kutsadura kentzea izanen da erronka nagusietako bertze bat. Poliki-poliki hiriak eta errepideak ireki badituzte ere, gaitzeko zeregina izanen da erradiazioa eskualdeko baso guzietatik desagerraraztea, eta zenbait hamarkada beharko dira horretarako. Gaur-gaurkoz, kendutako lur kutsatuaren parte bat New Yorkeko Central Park halako lau den eremu batean dago bildua behin-behinean, baina oraindik ez dute jakinarazi hondakin horiek non utziko dituzten behin betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.