Gizadiak 11 urteko epean eten beharko lituzke karbono isuriak, Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatu eta klima aldaketaren ondoriorik larrienak saihesteko, baldin eta isuriak gutxitzeko neurri eraldatzailerik hartzen ez badu. Global Carbon Project egitasmoak bere azken txostenean iragarri du hori. Mundu osoko zientzialari sare horrek berotegi gasen isuriei buruzko datuak biltzen ditu, urte batetik besterako aldaketak neurtzeko. Horrez gain, gizadiari gelditzen zaion «karbono aurrekontua» kalkulatzen du. Hau da, zenbatekoa den gizadiak isur dezakeen gehienezko karbono kantitatea Parisko Hitzarmeneko akordioak betetzeko.
Proiektuaren txostenak azaltzen duenez, gizadiak 420 giga tona karbono dioxido (Gt CO2) isur ditzake gehienez atmosferara, klima aldaketaren ondoriorik larrienak saihestuko lituzkeen 1,5 graduko muga ez gainditzeko. Aurrekontua 1.270 Gt CO2koa litzateke berotzea bi gradutara mugatzeko. Zenbaki horiek urteetara ere itzul daitezke. 2021erako espero den isurien erritmoan, beste 11 urte izango lituzke gizadiak karbono neutraltasuna lortzeko, 1,5 graduko helburua betetzekotan. 32 urteko epea izango luke bi graduko xedea ez zapuzteko.
Horrek esan nahi du, karbono neutraltasuna 2050erako finkatuta, 1,4 Gt CO2ko murrizketak egin beharko liratekeela urtero, batez beste, mende erdira arte. Jaitsiera alderagarria da munduan iaz COVID-19aren eraginez izan zenarekin: 1,9 Gt CO2koa izan zen. Kantitateek, beraz, agerian uzten dute zenbaterainokoa den isuriak epe motzera nahiz luzera murrizteko erronka.
Aurrekaririk gabeko jaitsiera izan zen iaz munduan. COVID-19aren pandemiaren eraginez, %5,4 egin zuen behera erregai fosilen ondorioz isuritako karbono kantitateak, 2019ko datuekin alderatuta. Eten bat izan zen ia modu jarraituan goranzko joera mantendu duen urtez urteko isuri hazkƒundean. Baina eten laburra izango dela dirudi. Global Carbon Project egitasmoaren azken txostenak jasotzen duenez, 2021ean %4,9 inguruko hazkundea izango da berriz —%4,1 eta %5,7 artekoa iragarri dute—. Beraz, pandemia aurreko zenbakietara itzuliko da mundua, Lur planetaren berotzea 1,5 gradura mugatzeko beharko lukeen isuri kantitateetatik urrun.
Erregai fosilek eragindako isuriei gehitu behar zaizkie lurraren erabilerak sortutakoak. Deforestazioak eta paisaiaren degradazioak beste 2,9 Gt CO2 isuriko ditu aurten, txostengileen iragarpenen arabera.
Azken 50 urteetan izan diren beste krisi batzuetan gertatu zena gerta daiteke pandemiaren krisiarekin, estatu agintariek berehalako neurriak hartzen ez badituzte. Isuriek behera egin zuten petrolioaren lehen eta bigarren krisietan (1973 eta 1979), Sobietar Batasunaren desegitearen ostean (1989) eta Atzeraldi Handian (2008), baina berehala egin zuten kantitateek berriro ere gora, hazkundearen lerroa ia batere desitxuratu gabe.
Ikatzaren gorakada
Isurien hazkundea ez da ezustekoa izan, txostenak nabarmendu duenez, estatuak lehengo energia iturri berberekin ari baitira beren ekonomiak suspertzeko ahaleginean. Global Carbon Projectek erregai fosil desberdinen isuriak aztertu ditu banaka. Grafikoan ikus daitekeenez, ikatzaren errekuntza egonkortzen eta gutxitzen hasita zegoen 2010eko hamarkadan, baina handitu egin da 2021ean. Urte amaierarako igoerarik handiena erregai horrek izango duela espero dute: %5,7 ingurukoa. Gasak sortutako isuriak ere gehiago izango dira aurten iazkoen aldean, eta pandemiaren aurreko kantitateak gaindituko ditu. Hazkundea %4,3 ingurukoa izango da.
Petrolioari dagokionez, %4,4 isuri gehiago sortuko ditu, baina jaitsiera handiagoa izan zuen iaz, eta pandemiaren aurreko kantitateen azpitik segituko du. Halere, datozen urteetan zenbateko horiek gaindituko dituela uste dute zientzialariek, COVID-19arekin lotutako mugikortasun murrizketak indargabetu ahala, errepideko garraioaren eta hegazkinen joan-etorrien ugaritzeak ondorio hori ekarriko duela iritzita.
Mundu mailako datuez gain, herrialde bakoitzaren isuriak ere aztertu ditu Global Carbon Projecten txostenak. Txinaren isuriak dira pandemiaren hasieratik gehien haziko direnak, ikerketaren arabera. 2020an isurien hazkundean jarraitu zuen herrialde bakanetako bat izan zen (%1,4), eta 2021ean %4 handituko ditu. Txinak ikatzak eragindako isurietan izango duen gorakada nabarmendu dute: %2,4. Horrenbestez, 2013ko isuri kantitatera iritsiko da, urte horretan Txinak ikatzak eragindako isurietan goia joko zuela uste zuten arren. Munduko karbono dioxidoaren %31 isurtzen du.
Txinak baino isuri hazkunde handiagoa izango du aurten Indiak: %12,6. Lehenak ez bezala, baina, %7,3 murriztu zuen atmosferan askatutako karbono kantitatea. India da munduko karbono isurien %7aren arduraduna.
Global Carbon Projecteko adituek isurien hazkundea espero dute Europako Batasunean eta AEBetan ere. Bietako bakoitzak %7,6 isuri gehiago sortuko dituztela aurreratu dute, eta, beraz, biak izango dira 2019an isuri zituzten kantitateen azpitik. Europako Batasuna karbono isurien %7ren erantzule da, eta AEBek isurien %14 eragiten dituzte.
Gainerako herrialdeek —nazioarteko hegaldi eta itsaso bidezko garraio guztia barne hartuta— isuri kantitatea %2,9 handituko dute aurten, batez beste. Horrenbestez, %4,4 gutxiago isuriko dute 2019ko datuen aldean. Guztiek batera, mundu mailako karbono isurien %41 sortzen dituzte.