Turkiako Poliziak Ekrem Imamoglu Istanbulgo alkatea atxilotu du, kutsu politiko agerikoa duen mugimendu batean. Turkian CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa alderdi laikoa da oposizioko alderdi nagusia, eta, ondo bidean, Imamoglu izango da haien hautagaia presidentetzarako bozetan. Ehunka agentek haren etxea erregistratu dute ustelkeria eta «terroristekin kolaboratzea» egotzita —Ankarak terroristatzat dituen PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin eta KCK Kurdistango Herri Konfederazioarekin—. Orain, atxikita dago polizia etxe batean.
Anadolu berri agentziaren arabera, fiskaltzak beste ehun lagun baino gehiago atxilotzeko agindua eman du. Gainera, zenbait errepide eta metroa itxi dituzte Istanbulen, datozen lau egunetan manifestazioak egitea debekatu dute, eta sare sozialetarako sarbidea ere mugatu dute. Turkiako Gobernuak protestak eragotzi nahi ditu.

Imamogluk berak bideo bat argitaratu du gaur goizean, atxilotua izan aurretik. «Tirania handi bati aurre egiten ari gara, baina argi utzi nahi dut ez dudala amore emango», ziurtatu du. Ozgur Ozel CHPko presidenteak, bere aldetik, gaurkoa «estatu kolpe bat» dela uste du: «Nazioak hurrengo presidentea libreki aukeratzea eragotzi nahi dute».
Atxiloketa orain gertatu izana ez da kasualitatea. Izan ere, CHPk igande honetan du alderdiko primarioak egiteko asmoa, presidentetzarako hautagaia aukeratzeko. Berez, 2028an izango dira presidentetzarako hauteskundeak Turkian, baina litekeena da aurreratzea.
«Geroz eta gertuago dago erabaki hori hartu dutenek historiaren eta justiziaren aurrean azalpenak eman beharko dituzten eguna. Gure herriak justizia eta demokrazia gosea ditu, eta ezin da gelditu bere martxa»
EKREM IMAMOGLUIstanbulgo alkatea
Imamogluk Istanbulgo Unibertsitatean ikasi zuen; atzo, ordea, unibertsitate horrek baliogabe utzi zuen alkatearen unibertsitate titulua, 1990. urteko lekualdatze batean ustezko irregulartasun batzuk topatu dituztelako. Titulu hori izatea ezinbesteko baldintza da presidente izateko.
Imamogluk salatu du legez kanpokoa dela unibertsitateak hartutako erabakia, motibazio politikoek bultzatutako neurria dela, eta errekurtsoa aurkeztuko duela. «Erabaki hori hartu dutenek azalpenak eman beharko dituzte historiaren eta justiziaren aurrean, eta egun hori gero eta gertuago dago. Gure herria justiziaren eta demokraziaren gose da, eta geldiezina da haren martxa», idatzi du X sare sozialean.
Aurkari nagusia
Aurrez ere, Istanbulgo Fiskaltzak zenbait prozesu judizial jarri ditu martxan politikari sozialdemokrataren aurka, eta horietako batzuengatik kartzela zigorrak eta inhabilitazioak exijitzen dizkiote.
2019an hautatu zuten Imamoglu Istanbulgo alkate, eta hori sekulako kolpea izan zen Erdoganentzat, aurreko 25 urteetan AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiak agindu baitzuen hamasei milioi biztanleko hirian. Orduan ere inpugnatu egin zituzten bozak, baina berriz egin zituztenean berriro gailendu zen Imamoglu. Iazko udal hauteskundeak ere berak irabazi zituen, eta gorakada agerikoa izan zuen CHPk. Erdogan haren beldur dela dirudi.