Israelgo Gobernuak Gazarako su-etena berretsi du

Euskal Herrian gauerdia pasata zela onartu du menia Netanyahuren exekutiboak, ia sei orduz bilduta egon ondoren. Hitzarmena igandean da indarrean sartzekoa; lehenengo faseak 42 egun iraungo du.

Israeldar batzuk akordioaren aldeko mobilizazio batean, herenegun, Tel Aviven. ABIR SULTAN / EFE
Israeldar batzuk akordioaren aldeko mobilizazio batean, herenegun, Tel Aviven. ABIR SULTAN / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urtarrilaren 17a
23:00
Entzun

470 eguneko sarraskian etena egitea onetsi du bart gauean Israelgo Gobernuak. Hamasekin adostutako su-eten akordioa onartzeko bilera egin du Benjamin Netanyahu lehen ministroaren exekutiboak, eta, batzarra sei orduz luzatu eta gero, Euskal Herrian gauerdia pasata zegoela eman dio oniritzia akordioari. «[Israelgo] Gobernuak onartu egin du gatibuak itzultzeko markoa]», azaldu du lehen ministroaren bulegoak. Menia hori bihar da indarrean sartzekoa, igandearekin.

Egun eta erdi atzeratu da Israelek egin beharreko bozketa Hamasekin adostutako menia akordioa onartzeko. Netanyahuk ostegun gauean adierazi zuenez, Hamasek «azken orduko» kontzesio batzuk lortu nahi zituela-eta atzeratu zuten bere gobernuko bozketa, eta nabarmendu zuen horrek desadostasunak eragin zituela. Ondoren, ordea, haren bulegoak jakinarazi zuen lortu dutela desadostasun guztiak argitzea eta Netanyahuk sinatu zuela akordioa. Israelgo Segurtasun Kabineteak oniritzia eman zion ostiralean meniari, eta Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako burua ere aldeko agertu da.

Arratsaldean hasi, eta gauera arte luzatu da gobernuaren bilkura. Aurrez, goizean, segurtasun kabineteak meniarako akordioa onartzeko proposatu dio gobernuari. «Elementu politiko, humanitario eta segurtasunezko guztiei erreparatu ondoren, eta aintzat hartuta proposatutako akordioak bat egiten duela gerraren helburuekin, Segurtasun Aferei buruzko Ministerio Batzordeak oniritzia eman dio su eten akordioari, eta gomendatzen dio Israelgo Gobernuari berak ere onartu dezala», azaldu du Netanyahuren bulegoak, ohar baten bidez. Ministerio nagusietako kargudunek osatzen dute Israelgo Segurtasun Kabinetea; hortaz, espero zen gobernuko gainerako kideek antzera jokatzea.

Halere, ikusi beharko da bozketaren emaitzak zer-nolako ondorioak dituen Israelgo Gobernuan, kiderik kontserbadoreenetako batzuek esana baitute dimisioa emango dutela kabinetearen gehiengoak meniaren alde egiten badu. Asmo hori dauka, besteak beste, Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro ultraeskuindar Itamar Ben-Gvirrek. «Akordio honen ondorioz, aske geratuko dira eskuak odolez zikinduta dauzkaten ehunka terrorista», esan zuen atzo, X sare sozialean idatzitako mezu batean. Haren iritzi berekoa da Finantza ministro Bezalel Smotrich. Nolanahi ere, biek ala biek adierazi dute gobernura itzultzeko prest egongo liratekeela baldin eta behin-behineko menia lehenengo fasean bukatzen bada, eta ez badago beste faserik. Gobernuak oraingoz bozketaren xehetasunik eman ez badu ere, Israelgo hedabide batzuek zabaldu dute 24 ministrok babestu dutela su-etena ematea, eta zortzik eman dutela kontrako botoa.

Egipto da bitartekari lanetan aritu diren herrialdeetako bat, eta hain zuzen, erantzun egin die Israelgo Gobernuko kide kontserbadore horien eskaerei, Atzerri Ministerioak kaleratutako komunikatu baten bidez. Hartan, bai Israeli bai Hamasi exijitu die Dohan (Qatar) negoziatzen aritutako akordioa osorik jartzea indarrean, eta adostu dituzten fase guztiak errespetatzea. G7koek ere gauza bera eskatu diete Tel Avivi eta Palestinako erakunde islamikoari, gaur kaleratutako ohar batean. «Espero dugu bi aldeek aktiboki parte hartzea hurrengo faseen negoziazioetan, behin betiko menia bat adostu ahal izan dadin», gaineratu du munduko herrialderik industrializatuenen taldeak.

David Barnea Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako buruak ere su etenari oniritzia emateko eskatu du segurtasun kabinetearen bilkuran. Menia lortzeko Dohako negoziazioetan parte hartu du Barneak; eta Israelgo Keshet 12 telebista kateak jaso duenez, Berneak goizeko bilkuran nabarmendu du haren ustez akordioa «etikoki eta moralki zuzena» dela.

7

Zenbat kolono askatuko dituen Israelek. Gaur bertan aske utziko dituzte atxiloaldi administratiboan zeuden zazpi kolono israeldar, herrialde hartako Defentsa ministro Israel Katzek jakinarazi duenez. Zisjordaniako lurrak hartzeko palestinarren aurka «indarkeriazko ekintzak» egitea leporatuta zeuden atxilo horiek guztiak. Menia indarrean sartu baino bi egun lehenago hartu dute erabakia.

Ondo bidean, lehenengo fasea igandean sartuko da indarrean. Igandean bertan geratuko dira aske 2023ko urriaren 7tik Gazan egon diren 33 gatibu. Itzulera horiek prestatze aldera, asteon Israelgo Osasun eta Defentsa ministerioek bilera batzuk egin dituzte zerrendan jarduten duten gobernuz kanpoko hainbat erakunderekin. Dena den, Hamaseko iturriak aipatuz Israelgo Haaretz egunkariak kaleratu duenez, erakunde islamistak egunean bertan jakinaraziko du zein gatibu utziko dituen aske. Gatibu guztiak aske uztearen truke, Israelek 990 eta 1.650 preso palestinar artean utz ditzake aske. Iturri ofizialek zabaldutako informazioaren arabera, lehenengo fasean 19 urtetik beherako emakumeak eta haurrak askatuko dituzte.

Sei astez behin-behinean etengo dituzte lehorreko borroka guztiak, eta Israelek «mugatu» egin beharko ditu aire erasoak. Hori baliatuta, asmoa da egunean seiehun kamioi humanitario sartzea Gazara; besteak beste, elikagaiekin eta ospitaleek funtzionatu ahal izateko erregaiarekin. Bestalde, zerrendatik irten ahalko dira osasunez larri dauden zaurituak. OME Osasunaren Mundu Erakundeak gaur emandako datuen arabera, 12.000 palestinarrek daukate Gazatik «berehala» irteteko premia, behar duten osasun arreta jasotzeko; haurrak dira horien herenak.

Erasoak, gogorrago

Su etena indarrean sartu arte, ordea, Israelek zerrendari eraso egiten jarraitzen du; are, herenegun akordioaren berri zabaldu zenetik, areagotu egin ditu Gaza hegoaldearen eta erdialdearen aurkako bonbardaketak. Gazako Babes Zibilerako Agintaritzak gaur jakinarazi duenez, Israelgo armadak 113 palestinar hil ditu herenegundik, eta 264 baino gehiago zauritu. Horietatik gehienak, 87 lagun, Gaza hiriaren aurka egindako erasoetan hil dira. Hildakoen artean, gutxienez 28 haurrak ziren.

Gazako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 46.800 pertsona baino gehiago hil ditu Israelgo armadak Gazan, eta 109.000 baino gehiago zauritu. Israelen, berriz, denbora tarte berean 1.200 lagun hil dira milizia palestinarrek eta Libanoko Hezbollah milizia xiitak egindako erasoetan; horietatik ia guztiak 2023ko urriaren 7ko erasoan hil zituzten.

Israelen «ahaleginik eza»

Nazioarteko gobernuburu eta lider mordo batek txalotu du Israel eta Hamas ados jarri direlako albistea; bada, ordea, menia «beranduegi» adostu dela uste duenik, baita Israelek «nahikoa ahalegin» egin ez duela iritzi dionik ere. Horixe salatu du, adibidez, Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusi Karim Khanek Reuters berri agentziari atzo egindako elkarrizketa batean. Tel Avivi leporatu dio «ahaleginik ez egitea» auzitegi horrek egotzitako gerra krimenen inguruko akusazioak ikertzeko. Iazko azaroan, Nazioarteko Zigor Auzitegiak atxilotze aginduak ezarri zituen Netanyahuren eta Israelgo Defentsa ministro ohi Yoav Gallanten aurka. Ebazpen horren harira, auzitegia zigortzeko neurri bat onartu zuten joan den astean Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.