Musulmanak ramadana ospatzen ari dira, eta fededun palestinarrak Jerusalemgo Al-Aqsa meskitan, beren otoizlekurik sakratuenean, errezatzen ari ziren atzo goizaldean. Baina Israelgo Polizia han sartu zen indarrez, eta laurehun bat pertsona atxilotu zituen, Palestinako Wafa berri agentziak kaleratu zuenez. Gainera, hamabi pertsona zauritu zituen, Palestinako Ilargi Gorriaren arabera. Izan ere, zenbait hedabidek lekukoen hitzak aipatuta kaleratu zutenez, poliziek negar gasa eta granada itsutzaileak jaurti zituzten, eta borrekin jo zituzten han bildutakoak. Urte hasiera aspaldiko bortitzena izan da Jerusalem ekialdean eta Zisjordanian, eta baliteke Al-Aqsan gertatu denak tentsioa areagotzea.
PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Mohammad Xtayyehk adierazi zuen fededunen aurkako «krimen larri bat» dela gertatutakoa, eta ohartarazi «leherketa handi bat» eragin dezakeela. Horregatik, «arduraz» jokatzeko eskatu zion Israelgo Gobernuari. Benjamin Netanyahu lehen ministroak azpimarratu zuen, bestalde, Tel Aviv lanean ari dela «statu quo-a mantentzeko», eta «lasaitasunerako» deia egin zuen. Eskualdeko beste herrialde arabiar batzuek eta Europako Batzordeak gertatutakoa gaitzetsi zuten, baita Arabiar Ligak ere, eta erakunde hori urgentziazko bilera bat egitekoa da.
Israelgo Poliziak esku hartzea justifikatu zuen, argudiatuta behartuta sartu zirela meskitara, «maskaratutako asaldatzaile batzuk» han «gotortu» zirelako, suziriekin, makilekin eta harriekin. «Poliziak sartu direnean, asaldatzaile talde batek eraso egin die, granadak eta suziriak erabiliz», azaldu zuen Poliziak, ohar batean. Netanyahuren hitzetan, «muturreko musulmanak» ziren meskitan «gotortuta» zeudenak.
Gertaera horren ondoren, Gaza iparraldetik suziriak jaurti zituzten Israelera. Armadak esan zuenez, aireko defentsa sistemek bost suziri erorarazi zituzten, eta beste lau inor bizi ez den tokietan erori ziren. Israelgo armadak Gazako «gune militar bat» bonbardatuz erantzun zuen. Al-Jazeera telebista katearen arabera, errefuxiatuen kanpaleku bati ere eraso zion Israelek. Tel Avivek Hamas Palestinako antolakunde politiko islamistari egotzi zion erasoaren erantzukizuna. Hamasek du Gazaren kontrola, eta haren buru Ismail Haniyek esan zuen «inoiz ikusi gabeko krimena» dela Al-Aqsakoa, eta «ondorioak» izango dituela.
Al-Aqsa gatazka iturri bihurtu da azken bi hamarkadetan. Hiri Zaharrean dago, Meskiten Zelaigunean, 1967tik Israelek nazioarteko zuzenbidearen kontra okupatuta dauzkan lurretan. Baina judaismoak eremu sakratutzat dauka eremu hura. 1967ko akordioek ezarritako statu quo-aren arabera, musulmanak noiznahi joan daitezke zelaigunera; juduak, ordea, ordu jakin batzuetan, baina ezin dute errezatu. 1967ko itunean jasotakoa aintzat hartuta, Jordaniako Gobernuak gainbegiratzen du musulmanen eta kristauen Jerusalemgo leku sakratuen erabilera.
Hori bai, han otoitz juduak baimentzea deliberatu zuen Jerusalemgo epaitegi batek 2021eko urrian, aurrekaririk gabeko erabaki bat hartuta. Palestinarren sumina eragin zuen horrek. Eta palestinarrak kezkatuta daude, gainera, Israelgo eskuin muturrak ez duelako baztertzen Al-Aqsako azpiegitura islamiarra eraistea eta haren ordez tenplu judu bat eraikitzea.
Israelgo Polizia Al-Aqsa meskitara indarrez sartzeak tentsioa handitu du
Poliziak 400 bat palestinar atxilotu ditu. Netanyahuk esan du «'statu quo'-a mantentzeko» lanean ari direla. Hamasek ohartarazi du gertatutakoak «ondorioak» izango dituela. Arabiar Liga biltzekoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu