Israelgo Parlamentuak bidea ireki dio UNRWA «talde terroristatzat» jotzeko lege proiektua onartzeari

42 diputatuk lege proposamenaren alde bozkatu dute, eta seik kontra. Israelen ustez, gutxienez beste zazpi hilabete iraungo du gatazkak.

Knesset Israelgo parlamentua artxiboko irudi batean, aurtengo otsailean. ABIR SULTAN / EFE
Knesset Israelgo Parlamentua, artxiboko irudi batean, aurtengo otsailean. ABIR SULTAN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko maiatzaren 29a
17:05
Entzun

Iazko urriaren 7az geroztik, Israelek jomugan izan du UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa. Salatu izan dute lan bulego horretako langileek parte hartu zutela eraso hartan —baina ez dute frogatu—, eta, horren ondorioz, NBEren organoak finantzaketa iturri asko galdu ditu: hamasei estatuk diru laguntza kendu diote —gaur egun, hiruk funtsak blokeatuta dauzkate oraindik ere; tartean, AEB Amerikako Estatu Batuak—. Gaur beste pauso bat eman du Israelgo Parlamentuak, bidea ireki baitio UNRWA «talde terroristatzat» jotzeko lege proiektuari.

Israel Beitenu (euskaraz, Israel gure etxea) oposizioko alderdiko Yulia Malinovsky diputatuak aurkeztu du lege proiektua, eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren alderdiak babestu du proposamena, besteak beste. 42 diputatuk lege proposamenaren alde bozkatu dute, eta seik, aldiz, kontra.

Malinovskyk gogor egin du UNRWAren aurka azken egunetan, eta, hark esandakoaren arabera, lege proiektua onartu eta martxan jarriz gero, lan bulegoa «guztiz desegingo da». Are gehiago, diputatuak edozein motatako kooperazioak gaitzetsi ditu. Malinovskyren alderdiko diputatu Avigdor Libermanek X sare sozialean ospatu du lege proiektuari oniritzia eman izana: «Gaur inoiz baino argiago dago UNRWAk [...] ez diela errefuxiatuei laguntzen, baizik eta Gazako zerrendan dauden talde terroristei». NBEren bulegoak hainbatetan salatu ditu Israelen erasoak, argudiatuta Tel Avivek uste duela «lekuko deseroso» bat direla.

Gaurko onarpenak, hala ere, ez du esan nahi legea onartuko denik. Libermanek argitaratutako mezuan argi uzten duen modura, oraindik beste bi irakurralditan onartu behar dute testua lege bihurtu dadin. «Knesseten [Israelgo Parlamentuan] dauden indar sionistei gurekin bat egin dezatela eskatzen diet, bigarren eta hirugarren irakurraldiak ahalik eta lasterren onartzeko». Israelgo zenbait hedabidek azken egunetan argitaratu dutenaren arabera, lehen hesia gurutzatu duen arren, lege proiektuak ez du aurrera egingo, gobernuko koalizioak blokeatu egingo baitu hurrengo pausoetan.

Israel Gazan egiten ari den setioaren eta sarraskiaren beste urrats bat da UNRWAren aurkako hori, eta, dirudienez, ez da laster bukatuko. Israelgo Segurtasun Nazionaleko aholkulari Tzaji Hanegbik gaur adierazi duenez, gutxienez beste zazpi hilabete iraungo du: «Gerra luzea izango da».

NBEren espiriturik eza

NBEk ez du soilik Tel Aviven kolpea hartu. Ekialde Hurbiletik heldu da bigarrena ere; Ankaratik, hain zuzen. Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek erakundea kritikatu du, iritzita «Nazio Batuen espiritua» Gazan hil dela, eta ez dela gai haren langileak «babesteko». Israel Gazan egiten ari den «genozidioari» erantzun ez izana leporatu dio NBEri, eta herrialde islamikoei dei egin die, Palestina babestu dezaten: «Zeren zain gaude herrialde musulmanak Israeli erantzun bateratu bat emateko?». Are gehiago, Turkiako presidentearen ustez, «Israel ez da soilik Gazarentzako mehatxu bat», baizik eta mundu guztiari eragiten dion arrisku bat: «Ezein estatu ez dago salbu Israelek ez badu betetzen nazioarteko zuzenbidea eta ez bada sentitzen nazioarteko zuzenbideari lotuta».

Ildo horretatik, Aljeriak ebazpen bat proposatuko du NBEren Segurtasun Kontseiluan, Gazan menia bat ezartzeko. Su eten horren eraginez, Israelek «lehenbailehen» utziko luke bertan behera Rafahko operazio militarra. Egun, Rafahn ditu begiak Israelek. Atzo armada erdialdera sartu zen, eta han eutsi dio gaur. Rafahko igarobidea «guztiz» kontrolpean izan nahi du Tel Avivek, eta hori lortzetik gertu daudela esan du Hagbik: «%75 inguru eskuratu dugu».

Rafahko bonbak AEB-etan egin zituzten

Astelehenean, Israelek errefuxiatuen kanpaleku bat bonbardatu zuen Rafah inguruan. AEB Amerikako Estatu Batuetako The New York Times egunkariak gaur argitaratu duenaren arabera, AEBetan egin zituzten eraso hartan erabilitako armak. Gutxienez 45 pertsona hil ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.