Israel laugarren hauteskundeetara begira jarri da, urtebete irauten ari den blokeo politikoak aldaketarako aukera gutxi erakutsi baititu. Paisaia politikoko bi protagonista nagusiak, Benny Gantz parlamentuko presidentea eta Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroa, ez dira ados jarri Reuven Rivlin presidenteak emandako epemugarako, eta, hortaz, Rivlinek 120 diputatuen esku utzi du egoera desblokeatzeko agintea. Hiru asteko epea izango dute horretarako, maiatzaren 7ra arte, baina Gantzen eta Netanyahuren arteko elkarrizketen porrotak arrakastarako ia itxaropenik gabe utzi ditu ordezkari politikoak.
Hiru hauteskunderen ostean, Israelgo egoera politikoak blokeatuta jarraitzen du, eta, orain ere, korapiloa askatzeko aukerak gero eta txikiagoak bilakatu dira, aurrekoetan gertatu bezala. Parlamentuko presidentearen jarrera aldaketak zirudien irtenbidea, jarduneko lehen ministroarekin negoziatzeko prest agertu zenean, baina herenegun gauerdira arte izaniko negoziazioek ez dute fruiturik eman. Hori bai, bi aldeek negoziatzen jarraitzeko asmoa berretsi zuten atzo, ados jarriz gero oraindik koalizio bat eratzeko denbora izango luketelako; izan ere, Gantz eta Netanyahu diputatuak dira, eta edozein ordezkarik du gobernu bat osatzeko aukera, parlamentuak baimena emango balio. Kasu horretan, hautagaiak bi asteko epea izango luke negoziazioak bide onera eramateko —iazko iraileko bozen ostean erabaki bera hartu zuen Rivlinek—.
Hortaz, parlamentuko presidenteak jaso zuen epea amaitu den arren, oraindik arrakastarako denbora dute Gantzek eta jarduneko lehen ministroak. Finean, bi politikari horiek dira, gaur-gaurkoz, koalizio bat osatzeko aukera eta beharrezko babesa duten bakarrak, eta horren jakitun daude balantza alde batera edo bestera mugitzeko; hori bai, Gantzi garesti atera zaio jokaldia, bere Urdina eta Zuria koalizioa zatitu egin baitzen Netanyahurekin negoziatuko zuela jakinarazi zuenean. Egun, martxoan lorturiko 33 diputatuetatik hamabost besterik ez zaio geratzen, eta litekeena da balizko laugarren hauteskundeetan haren alde egin zuten askok botoa aldatzea, kanpainan adierazi zuenaren kontrakoa egin duelako.
Netanyahuren kasuan, bozetara joateak ez lioke zertan kalterik egingo, azken inkestek diotenari erreparatuz gero; iragan martxoan aurreko bozetan baino lau diputatu gehiago jaso zituen, 36rekin geratzeraino, eta balizko laugarren hauteskundeetarako gehiago ere aurreikusi dizkiote, 40 ordezkarira igoko litzatekeelakoan. Hori beteko balitz, jarduneko lehen ministroa gehiengo osora iritsiko litzateke eskuineko blokeko aliatuen ordezkariak batuta, eta ez luke parlamentuko presidentearen beharrik izango.
Epaiketari begira
Horrez gain, jarduneko lehen ministroaren negoziazioetarako interesen artean dago haren aurka egitekoak diren epaiketa, eta horren arabera antolatu du asteotako estrategia.
Fiskaltzak hiru kasurengatik inputatu du, eta iruzurra, eroskeria eta uste onaren iruzurra egotzi dizkio. Epaiketa martxoko hauteskundeen ostean ziren egitekoak, baina koronabirusak sorturiko egoerak epaiketa atzeratu zuen, eta Netanyahuk denbora tarte gehigarri hori erabili nahi du justiziatik babesteko. Negoziazioetako iturrien arabera, jarduneko lehen ministroak Auzitegi Goreneko epaileak aukeratzeko prozedura aldatzea eskatu zion Gantzi koalizio bat osatzearen truke, baina hark ezezkoa eman zion; auzitegi horren erabakiak mugatzeko beharra ere jarri zuen mahai gainean jarduneko lehen ministroak.
Izan ere, kargu horretan jarraitzeak justiziatik babesteko balio dio Netanyahuri, eta hori lortzeko asmoa du datozen asteetan ere.
Israelgo Parlamentuak hiru asteko epea du laugarren bozak saihesteko
Gantz eta Netanyahu ados jarri gabe amaitu da koalizio gobernua osatzeko aldia, eta presidenteak diputatuen esku utzi du zeregina. Bi agintariek negoziatzen jarraitzeko asmoa berretsi dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu