Israelgo armadak Gazaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik lehen aldiz, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren aurkako greba orokorra egin dute herrialdean. Atzo, Palestinako milizia armatuek iazko urriaren 7an bahituriko beste sei herritarren gorpuak berreskuratu zituzten Rafahn (Gaza), eta heriotza horiek are gehiago handitu dute tentsioa. Atzo gauean bertan manifestazio jendetsuak egin zituzten herrialdeko hainbat hiritan —antolatzaileen arabera, milioi erdi lagun atera ziren kalera—, eta gaur harago joan dira gobernuburuaren kontrakoak, grebara deituta. Israelgo armadaren erasoaldia urtebetera iristear den honetan, Netanyahuren kontrako presioa handitu dute.
Goiz-goizetik, protestariek Israelgo errepide nagusiak eta trenbideak blokeatu dituzte, eta hiriburuan dagoen Ben Gurion Nazioarteko Aireportuan bertan behera gelditu dira hegaldiak; unibertsitateetan eta portuetan ere eten dituzte lanaldiak, esaterako. Manifestariek Gazarako beste su eten bat adosteko eskatzen diote lehen ministroari, horrek modua eman dezan bahituak askatzeko. Joan den urteko urriaren 7an 251 lagun eraman zituzten indarrez Gazara, eta iragan azaroko menian trukaturikoak eta hilabeteotan hildakoak aintzat harturik, egun 97 daude oraindik ere zerrendan; hori bai, Israelgo armadaren arabera, 33 hilik daude.
Bahituen senideek Israelgo Gobernuari leporatzen diote nahikoa ez egitea horiek askatzeko, eta sentsazio hori areagotu da Israelgo armadak atzo beste seiren gorpuak aurkitu zituelako. Israelgo hedabideen arabera, hiriburuko manifestazioetan, esaterako, honako lelo hauek idatzi dituzte: Bibik bahituak hiltzen ditu —Netanyahuren ezizena da hori—, eta Zergatik daude oraindik ere Gazan?.
Are, komunikatu baten bitartez, Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak —bahituen senideak ordezkatzen ditu— adierazi du, gaur, Israelgo lehen ministroak huts egin duela borrokak gelditzeko akordio bat lortzen, eta horren «ondorio zuzena» direla sei bahituen heriotzak. Eta Hamasen adar politikoko buruzagiorde eta su etenerako negoziazioetarako taldearen buru Khalil al-Hayyak kritika bera egin du, esan baitu hilketa horiek Netanyahuk elkarrizketetan izan duen jarreraren ondorio ere badirela.
Histadrut sindikatuak —herrialdeko handiena da— deitu du gaurko greba orokorrera. Horren buruzagi Arnon Bar-David, hain justu, bahituen senideekin batzartu zen atzo, eta bilkura hori amaitu ondoren hartu zuen gaurko ekinaldia egiteko erabakia —Yair Lapid oposizioburu eta gobernuburu ohiaren (2022) babesa jaso du—: «Akordio bat beste ezer baino garrantzitsuagoa da. Itun bat beharrean, gorpuen zakuak jasotzen ari gara».
Haserrea, hortaz, agerikoa da, eta hori erakustera atera dira kalera gaur milaka herritar; besteak beste, Defentsa Ministerioaren egoitzaren aurrean egin dute protesta, Israelgo hedabideen arabera. Asmoa zen Euskal Herriko 17:00etara arte egitea greba orokorra, baina Tel Avieko auzitegi batek 13:30etarako amaitzeko agindu du, «motibazio politikoak» dituelako, eta ez ekonomikoak; gerora, Histadruteko buruzagiak ordu horretan bukatzeko eskatu du —Poliziak esan du 29 lagun atxilotu dituztela—.
Eta su etenari dagokionez, Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirrek adierazpen gatazkatsuak egin ditu gaur eguerdian, greba orokor bete-betean, Haaretz egunkariak argitaratu duenez. Ahoan bilorik gabe, Ben-Gvirrek adierazi du saiatzen ari dela gobernuan duen boterea itunik ez lortzeko erabiltzen: «Egun, gobernuan boterea dugu, eta ez dut lotsarik zera esateko: hori erabiltzen ari garela ardurarik gabeko akordio bat eragozteko, eta oro har negoziazioak gelditzeko».
Hortaz, ikusteko dago AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernua meniarako egitekoa den proposamenak zer eragin izango duen Netanyahurengan eta bere erabakietan. Joe Biden AEBetako presidenteak gaur azaldu du «laster» dela testu horren edukia Tel Avivi jakinaraztekoa; hori bai, esan zuen Israelgo lehen ministroa ez dela nahikoa egiten ari itun bat lortzeko.
Hamasek bere gain hartu ditu Zisjordaniako bi eraso
Hamasen adar armatu Al-Qassam Brigadek bere gain hartu dituzte gaur Zisjordanian iragan ostiral gauean egindako bi eraso. Bonba-autoak leherrarazi zituzten, eta hiru lagun zauritu. Bi erasotzaileak hil egin ziren; bata, Israelgo armadako soldaduek tiro eginda, eta bestea, leherketan bertan.
Atzo, gainera, Israelgo armadako hiru soldadu hil zituzten Hebronen (Zisjordania) egindako eraso batean. Horren ondoren, militarrek operazio bat egin zuten, eta ustezko erasotzailea hil zuten, palestinar bat.
72.611Gazan zenbat haurri jarri dieten polioaren aurkako txertoa. Gazako Osasun Ministerioak gaur jakinarazi du 72.611 haurri ezarri dietela polioaren aurkako txertoa. Atzo hasi zuten txertaketa kanpaina, eta helburutzat daukate zerrendako 640.000 haur txertatzea; berez, hilaren 13ra arte iraun behar luke prozesu horrek. Gazako gerrako bi aldeek egunero geldialdi humanitarioak egitea adostu zuten, txertaketa kanpainari bide emateko.