«Gobernuaren pagaburuak izan gara». Israelgo Gobernuaren kontra gogor mintzatu da gaur Yocheved Lifshitz 85 urteko emakumea. 16 egunez bahiturik eduki du Hamas Erresistentzia Islamikoko Mugimenduak, eta atzo gauean askatu zuten. Beste hainbat bahiturekin batera Gazako lurpeko pasabide sare batean eduki dutela adierazi du gaur. Egin duen kontakizunak hautsak harrotu ditu Israelen, baita askatu aurretik bahitzaileetako bati kameren aurrean bostekoa eman izanak ere.
A Sky News reporter asked a freed Israeli woman: “Why did you shake hands with Hamas fighters when they freed you?”
— Sprinter (@Sprinter99800) October 24, 2023
Yocheved Lifshitz, who was released from captivity in Gaza yesterday, responded: “Because they treated us very well.” pic.twitter.com/U46he7hpq0
Nir-Oz kibbutz edo etxalde kolektiboan bizi zen Lifshitz urriaren 7ko erasora arte, eta, iradoki duenez aspaldi somatzen zuten zer edo zer gertatzear zela. «Gobernuak abandonatu egin gintuen hiru aste lehenago», esan du Tel Aviven emaniko prentsaurrekoan. Izan ere, Israelek Gaza inguratzeko eraikitako hesiaren bestaldean protesta jendetsuak antolatu zituzten, eta su eman zieten handik euren etxaldeko soroei. «Israelgo Armadak ez zuen serio hartu», salatu du.
Azkenean, urriaren 7an, «hesi elektronikoa lehertu zuten, hau da, 2.000 milioi euro baino gehiago kostatu zuen hesi berezi hori, ezertarako balio izan ez duena». Orduan jendetza bat sartu zen euren etxaldean, eta «sarraskia» egin zuten.
Erasotzailetako batek motor baten gainean etzanarazi zuela kontatu du, eta horrela eraman zutela Gazara. Bidean makila batekin jo zutela adierazi du.
Zerrendara heldu zirenean, lurpera eraman zuten. Han «kilometroak» ibili zirela esan du, «amaraun tankerako tunel sare erraldoi batean».
Gela handi batera heldu ziren orduan, eta, han, beste 25 bahitu elkartu zituztela.
Bahituak gordetzeko sistema ongi prestaturik zegoela adierazi du. Bahitzaileek sendagile bat ekarri zutela, eta bakoitzari behar zituen botikak eman zizkiola. «Ondo artatu gintuzten, xehetasun guztiak zaindu zituzten... emakumeen higienea tartean». Kontatu duenez, ekintzaileek egunero lixibarekin garbitzen zituzten komunak. «Izurri bat sortuko ote zen kezkaturik zeuden». Bahitzaileak «adeitsuak» zirela eta bahituen janari berdina jaten zutela nabarmendu du.
Lifshitz eta beste bahitu bat, 79 urteko Nurit Cooper, askatu ditu goizaldean Hamasek. Egiptok eta Qatarrek egin dute artekari lanak.
🔴🔴 [ FLASH INFO ] Les Brigades Al-Qassam ont publié des images montrant le moment de la libération des deux détenues Nurit Yitzhak et Yocheved Lifshitz pour des raisons humanitaires et médicales impérieuses. pic.twitter.com/WFqDBvshtk
— 𓂆 🇵🇸 Gaza News+ (@GazaNewsPlus) October 23, 2023
Askatu dituzten unean, Lifshitzek atzera egin du, eta bostekoa eman dio Hamaseko ekintzaileetako bati, eta «Shalom» (bakea hebreeraz) esan dio. Haren senarra oraindik bahiturik dago.
Lifshitz eta senarra «bizitza osoan bakearen aldeko aktibistak» izan direla esan du haien biloba batek.