Israelgo Gobernuak bihar egingo du su eten akordioaren inguruko bozketa

Akordioaren xehetasunak aldatzen saiatzea leporatu dio Netanyahuk Hamasi. Erakunde islamistak erantzun dio ituna betetzeko konpromisoa hartu duela. Azken orduetan, gutxienez 87 palestinar hil dituzte Gazan.

Israelen erasoek suntsitutako eraikinak, Deir al-Balahn, Gazan, iragan astean. MOHAMMED SABER / EFE
Israelen erasoek suntsitutako eraikinak, Deir al-Balahn, Gazan, iragan astean. MOHAMMED SABER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Igor Susaeta
2025eko urtarrilaren 16a
10:02
Entzun

Israelgo Gobernua gaur goizean zen erabakitzekoa Gazako su etenerako akordioari oniritzia eman edo ez, baina azken orduan, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bulegoak atzeratu egin du horri buruzko bilera. Hamasi egotzi dio akordioaren xehetasunak aldatzen saiatzea, eta, hala, «azken orduko krisi bat» sortzea. Palestinako erakunde islamistak ohar batekin erantzun dio: «Bitartekariek iragarritako su eten akordioa betetzeko konpromisoa hartu du Hamasek». Israelgo Gobernuko iturri ofizial batek Reuters berri agentziari jakinarazi dionez, ministro gehienek itunaren alde bozkatzeko asmoa zuten. Azkenean, espero da bozketa bihar goizean egitea.

Aintzat hartu behar da su eten akordioak arrakalak eragin dituela Netanyahuren kabinetean. Itun baten aurka agertu dira Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvir eta Finantza ministro Bezalel Smotrich. Eskuin muturreko posizio nabarmenenak dituzten ministroak dira, eta Smotrichek berak ohartarazi du gaur gobernua utziko duela, Netanyahuk ez badu gerrarekin jarraitzen meniaren lehen fasea «bukatu eta berehala». Mehatxu hori egin du ohar batean.

Eta kabinete barruan badaude, gainera, itunaren zirriborroan bertan jasotako puntuetako batzuk betetzeko prest ez daudenak. Orduan, Israelen asmoa da lehen fasean bere tropak mantentzea Filadelfia korridorea deiturikoan —Gazaren eta Egiptoren arteko mugan dago—, nahiz eta dokumentuak kontrakoa dioen. Hori adierazi dio Israelgo goi kargudun batek Efe berri agentziari.

120

EBk Gazari laguntzeko bideratuko duen milioi kopurua. EB Europako Batasunak 120 milioi euroko laguntza emango dio Gazari aurten. Hori jakinarazi du gaur Ursula von de Leyen Europako Batzordeko presidenteak, Israelek eta Hamasek menia bat adostu eta ordu batzuetara kaleratutako ohar batean. Nagusiki, gazatarrei laguntza humanitarioa emateko erabiliko dute diru sail hori.

Atzo arratsaldean ezagutarazi zen Israelek eta Hamasek meniarako akordio bat adostu zutelako albistea. Baina igandera arte ez da indarrean sartzekoa. Israelek zerrenda bonbardatzen jarraitu du azken orduetan, eta gutxienez 73 herritar hil, Qatarko Al-Jazeera hedabidearen arabera. Gazako palestinarrek akordioa ospatu zuten; hedabideetan eta sare sozialetan zabaldutako irudietan ikusi zen nola atera ziren herritarrak kalera bandera palestinarrak eskuan. Bart, ordea, Israelgo armadak kolpean eten ditu ospakizun horiek aire erasoen olde batekin.

Gaurko erasoek Gaza hirian eragin dute hildako gehien, zerrendaren iparraldean. Gutxienez 61 palestinar hil dituzte han. Beste eremu batzuk ere bonbardatu ditu Tel Avivek bart, hala nola Khan Yunis hiria, zerrendaren hegoaldean, eta Nuseirat errefuxiatuen kanpalekua, Gaza erdialdean.

Qatarko lehen ministro Xeikh Mohammed bin Abdulrahman al-Thanik baieztatu zuen atzo Israelek eta Hamasek menia bat ezartzeko akordioa adostu zutela. 2023ko urriaren 7an Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, Israelek 46.700 palestinar baino gehiago hil ditu zerrendan. Joe Biden AEBetako presidenteak ere eman zuen meniaren berri, baita astelehenean Bidenen lekua hartuko duenak ere, Donald Trumpek. Bidenek bere administrazioaren garaipentzat jo du akordioa; Trumpek, ostera, esan du bera Etxe Zurira itzuliko delako atera dela aurrera ituna —2017 eta 2021  bitartean ere AEBetako presidente izan zen—. Negoziazioetan, AEBak, Qatar eta Egipto aritu dira bitartekari.

Nazioarteko hedabideek negoziazioetako iturriak aipatuz kaleratu zutenez, meniak lau hilabete pasatxo iraungo du, eta hiru fase izango ditu, bakoitza 42 egunekoa. Fase horietako bakoitzean, Hamasek aske utziko ditu hainbat gatibu, eta, trukean, Israelek zenbait preso palestinar askatuko ditu. Informazio horien arabera, lehenengo fasean eten egingo dituzte lurreko borroka guztiak, baina Israelek aire erasoak egiten segitu ahalko du, neurri txikiagoan betiere. Bigarren fasetik aurrera, eraso oro eten beharko du. Eta, hirugarren fasean, asmoa da Gaza nola berreraiki argitzeko eztabaidei ekitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.