Israelgo Defentsa ministro ohia: «Iluntasun morala gailendu da herrialdean»

Israelgo defentsa ministro ohiak azaldu du Netanyahuk hiru arrazoirengatik kendu duela kargutik: ultraortodoxoak, bahituen trukaketak eta ikerketa batzordeak. Erabakiaren aurkako protesta handiak izan dira gauean.

Gallanten kargugabetzea salatzeko manifestazio bat, bart, Jerusalemen. VASSIL DONEV / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko azaroaren 6a
09:50
Entzun

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministro ohiaren ustez Israelen gailendu den «iluntasun morala» dago bere kargugabetzearen atzean. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gerra estrategian  «desadostasunak» zituztela aipatu zuen atzo; Gallantek, berriz, desadostasun horiek  aletu ditu: komunitate ultraortodoxoa, bahitu eta presoen arteko trukaketak eta ikerketa batzorde bat eratzeko eskaera. Milaka israeldar kalera irten dira bart, erabakiaren aurka protesta egiteko.

Gallantek Tela Aviven eginiko hitzaldi batean eman du bere bertsioa, eta hiru arrazoi horiek aipatu. Aurrenekoak dirudi nabarmenena, esan baitu komunitate ultraortodoxoa aurrerantzean ere soldaduskatik salbuetsita egoteko legea «ustela» dela. Haren ustez, salbuespen hori onartezina da, ikusita Israelek zer erronka izango dituen etorkizunean: «Ezin dugu onartu lege baztertzaile bat onestea eta, hala,  milaka lagun gerraren zama eramatetik salbuestea».

«Ezin dugu onartu lege baztertzaile bat onestea eta, hala, milaka lagun gerraren zama eramatetik salbuestea»

YOAV GALLANTIsraelgo Defentsa ministro ohia

Ultraortodoxoak —hau da, harediak— Israelgo herritarren %14 dira, eta, egun, ez daude behartuta armadara joatera. Komunitate hori urtez urte handitzen ari da, gainera, eta asko gazteak dira. Bestalde, haien eskubideak defendatzen dituzten alderdiak funtsezkoak dira Netanyahuk gehiengoari eusteko. Halere, Israelek soldadu asko behar ditu Gazako inbasioarekin aurrera jarraitzeko, eta pribilegio horri buruzko eztabaida publiko egin da azken hilabeteetan. Gallantek jendaurrean esana zuen 7.000 gazte ultraortodoxo deitzeko asmoa zuela.

Gallantek aipatu duen bigarren arrazoia preso palestinarren eta bahitu israeldarren trukaketa da. Gallanten ustez, egiteko modukoa da hori, eta, amore ematea «mingarria» izan arren, Israelek ahalegina egin beharko luke bahituak etxeratzeko: «Aurkakoa egitea zera litzateke, Israeli Kainen markak ezartzea», alegia, anaiari traizioa egitea.

%14

Komunitate ultraortodoxoa Israelek 9,5 milioi biztanle ditu, haietatik %14 judu ultraortodoxoak. Komunitate hori handitzen ari da, eta, soldaduska egiteko legezko adinean dagoen populazioaren lagina hartuz gero, %24 dira. Soldaduska egitetik salbuetsita daude, ordea.

Iazko urriaren 7ko gertakariei buruzko ikerketa batzorde nazional bat osatzeko aukera, horixe da Gallant eta Netanyahuren arteko hirugarren desadostasun handia. Gallant halako bat osatzearen aldekoa da, «egia argitara atera dezan», eta, aditzera eman duenez, lehen ministroak hainbatetan oztopatu du asmo hori.

Yoav Gallant
Yoav Gallant Israelgo ministro ohia. ISRAELGO GOBERNUA

Netanyahuk atzo kendu zuen kargutik Gallant, eta Israel Katz Atzerri ministroa jarri haren ordez. Netanyahuren alderdikoa da, soka berekoa, eta ez du zerikusirik Gallanten ahots kritikoarekin. Gobernuaren bazkide ultraortodoxoek ontzat jo dute kargugabetzea; beraz, ez dirudi erabaki horrek Gazako kanpaina leunduko duenik.

Greba zibilera deitu dute

Erabakia polemikoa da, eta milaka israeldar kalera atera dira bart Gallanten alde egiteko. Netanyahu irailean ere saiatu zen Gallant kargutik botatzen, eta orduan gertatu bezala, manifestazio handiak antolatu dira Jerusalemen eta Haifan, erabakia gaitzesteko. Tel Aviven, esaterako, poliziak berrogei pertsona atxilotu ditu, eta ur kanoiak erabili manifestazioak desegiteko.

Protestek gau osoa iraun dute, eta Hamasek bahituriko israeldarren senideek protagonismo handia izan dute. Haiek buru zituzten manifestazioek hainbat errepide eta autobide moztu dituzte. Horietako batean, alderdi laboristako aholkulari bat atxilotu du Poliziak. Deitzaileek «greba zibilera» deitu dute, bihartik hasita: «Ez diegu itxarongo sindikatuei eta eragile ekonomikoei: bihartik aurrera herrialde osoa geldituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.