Ekialde Hurbila

Israelgo Defentsa ministro berriak esan du ez dela su etenik izango Libanon

Israel Katzek adierazi du eraso egiten segituko dutela Hezbollah armagabetu eta Litani ibaitik harago erretiratu arte. Gazan, Tel Avivek ez du bete AEBek laguntza humanitarioa handitzeko eman zioten 30 eguneko epea.

Israelek Beirut hegoaldean bonbardatutako zenbait eraikin, gaur goizean. WAEL HAMZEH / EFE
Israelek Beirut hegoaldean bonbardatutako zenbait eraikin, gaur goizean. WAEL HAMZEH / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko azaroaren 12a
13:30
Entzun

Israelgo Defentsa ministro berriak ez du norabidea aldatzeko asmorik. Estrategia militarrean desadostasunak zituztela argudiatuta, Benjamin Netanyahu lehen ministroak joan den astean kendu zuen kargutik Yoav Gallant. Israel Katzek hartu du haren lekukoa, eta gaur, sare sozialetan, argi utzi du zer asmo dituen Libanorako: «Ez da su etenik izango: ez diegu arnasa hartzen utziko».

Irailaren amaieran Hezbollahko buru Hassan Nasrallah hil izana lorpen nagusitzat jo du Katzek, eta talde xiita garaitzen ari direla ziurtatu du. Horregatik, esan du eraso egiten segitu behar dutela. «Hezbollahri gure indar guztiekin erasotzen jarraituko dugu gerrako helburuak lortu arte», esan du. Katzen hitzetan, Hezbollah armagabetzea eta talde xiita Litani ibaitik harago erretiratzea da xedea.

Azpimarratu du ez dutela su eten bat negoziatzeko asmorik. Akordio bat sinatzeko baldintzatzat jarri ditu Israelek «terrorismoa bere kabuz suntsitzeko duen eskubidea» bermatzea eta aipatutako gerrako helburuak betetzea.

«Hezbollahri gure indar guztiekin erasotzen jarraituko dugu gerrako helburuak lortu arte»

ISRAEL KATZ Israelgo Defentsa ministroa

Defentsa ministro berriaren eta Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroaren hitzak ez datoz bat: azken horrek atzo bertan esan zuen su etenaren negoziazioetan aurrerapausoak ematen ari direla. Hezbollahk, ordea, esan du ez dela elkarrizketa horietan parte hartzen ari.

Irailaren erdialdean Libanon erasoak hasi zituenetik, Israelek 3.000 lagun baino gehiago hil ditu han, eta milioi bat lagun baino gehiago lekualdarazi. Gaur ere ari da herrialde horretan erasoak egiten: ekialdeko Hermel hirian gutxienez lagun bat hil du, eta Beirut hiriburuaren hegoaldean ere zenbait eraikin bonbardatu ditu, baina biztanle gehienak ebakuatuta zeuden ordurako.

Israel iparraldean ere, milaka lagunek alde egin behar izan dute etxetik. Eskualde horretako alkateek gutun bat igorri diote gaur Netanyahuri, eta eskatu Hezbollahrekin su etenik ez sinatzeko talde xiita Litani ibaitik harago urruntzen ez den bitartean.

Libanon bezala, Gazan ere erasoan ari da Israel. Bart gauetik, gutxienez 25 lagun hil dituzte zerrendan. Bi eraso Israelgo armadak berak «gune humanitario» izendatutakoetan izan dira, Associated Pressen arabera. Gazan desplazatutako palestinarrei gune horietan biltzeko esan die Tel Avivek, baina gaur hamalau lagun hil dituzte gune horietan egindako bi erasotan.

Tel Avivek ez du epea bete

Laguntza humanitarioaren inguruan ere bada gatazka. Laguntza ematen duten nazioarteko zortzi erakundek salatu dutenez —Oxfam eta Save The Children, besteak beste—, Israelek ez du bete AEB Amerikako Estatu Batuek eman zioten agindua: Joe Biden presidenteak gaur amaitu den 30 eguneko epea eman zion Tel Avivi Gazan laguntza humanitario gehiago sartzen uzteko —gutxienez 350 kamioi egunean—, eta ez da halakorik gertatu.

«Israelek ez ditu bete AEBek jarritako baldintzak; are gehiago, egoera okertzeko neurriak hartu ditu, batez ere Gaza iparraldean», gaitzetsi dute nazioarteko erakundeek ohar bateratu batean. Gaza iparraldeko egoera «apokaliptikoa» dela gehitu dute, eta zenbait gunetan gosetea berehala helduko dela ziurtatu.

AEBek Israeli esan zioten agindutakoa betetzen ez bazuen laguntza militarra murriztuko ziotela, baina ez dute neurririk iragarri

Bidenek adierazi zuen AEBek Israeli laguntza militarra murriztuko ziotela agindua betetzen ez bazuen. Tel Avivek neurri batzuk agindu ditu, baina AEBetako iturri ofizialek azken orduetan esan dute ez direla nahikoak. Hori zigortzeko zer egingo duten, ordea, ez dute iragarri.

Saar Atzerri ministroak garrantzia kendu dio epearen gaiari, eta kazetariei ziurtatu «kontua argituko» dela. Litekeena da Bidenen gobernuak eragiteko ahalmen gutxiago izatea orain, hauteskundeak galdu ostean. 

The Times of Israel egunkariaren arabera, Tel Avivek aitortu du ez dituela bete eskaera guztiak. Gobernuko kide baten hitzak aipatuta, dio «neurri gehienak» martxan jarri dituztela, baina beste batzuk ezetz, «segurtasun arrazoiengatik». 

NBE Nazio Batuen Erakundearen datuek erakusten dutenez, urrian Gazan egin ziren laguntza humanitariorako operazioen %43 galarazi zituen Israelek, eta %16k arazoak izan zituzten, blokeatu edo atzeratu egin zituztelako. Beraz, %37 soilik izan ziren arazorik gabe heldu ziren operazioak.

500.000

Zenbat gazatar dauden urak hartu ditzakeen eremutan. Israelen erasoaldiaren ondorioz desplazatuta dauden 500.000 gazatar baino gehiago luze gabe urak hartu ditzakeen eremuetan daude, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak atzo ohartarazi zuenez. Neguan euri sasoia hastekoa da han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.