Israelgo bahituen senideek negoziazioetan eragin asmo dute

Bost bahituren gorpuak berreskuratu ditu Israelek Gazan. Zazpi preso palestinar askatu ditu Tel Avivek; torturak salatu dituzte. Netanyahu Bidenekin bildu da Etxe Zurian.

(ID_14101476) USA ISRAEL NETANYAHU WHITE HOUSE
Benjamin Netanyahu eta Joe Biden, gaur, Etxe Zurian. SAMUEL CORUM / EFE
Igor Susaeta.
2024ko uztailaren 25a
17:00
Entzun

Israelgo Gobernuaren ordezkariak gaur ziren Dohara (Qatar) joatekoak, Hamasekin menia bat adosteko lanean ari diren bitartekariekin berriro negoziatzera. Egipto eta Qatarrarekin batera, AEBak dira bitartekarietako bat, eta Washingtongo funtzionario batek atzo gauean adierazi zien hedabideei sei asteko su eten bat lortzeko elkarrizketak «azken fasean» sartu direla. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Joe Biden AEBetako presidentearekin bildu da gaur, eta bilera horretan eztabaidagai izan dituztenak aztertu nahi ditu, atzera ordezkariak bidali aurretik. Negoziatzaileak datorren astean dira Dohara joatekoak, Israelgo zenbait hedabidek gobernuko iturriak aipatuz kaleratu dutenez.

Eta horrek joan den urriaren 7an Hamasek bahitutako israeldarren senideak haserretu ditu. Bahituen Senideen Foroak «berehalako bilera bat» eskatu dio gaur talde negoziatzaileari. Mossad Israelgo zerbitzu sekretuen buru David Barnea da talde horren burua, eta, senideen foroaren ustez, «argitu» beharko luke zer gertatu den, «krisi bat» sortu baita  elkarren arteko «konfiantzan».

Israelek erabakia hartu du, gainera, noiz eta Gazako zerrendan, Khan Yunisen hain zuzen, bost bahituren gorpuak berreskuratu dituzten egunean. Armadak ohar batean jakinarazi duenez, gorpuetako lau militarrenak dira. Horrenbestez, Israelgo datuen arabera, talde islamistak bahitu zituen 251 pertsonetatik 111 Gazan daude; horietako 39, hilda. Azken bederatzi hilabeteetan, bestalde, 24 bahituren gorpuak berreskuratu dituzte, eta 116 onik itzuli dira Israelera; horietako gehienak, iazko azaro amaieran indarrean egon zen astebete inguruko menian.

21

EBri Israelekin duen politika aldatzeko eskatu dioten europarlamentariak. Europako Parlamentuko 21 parlamentarik —berdeak eta sozialdemokratak, nagusiki— gutun bat kaleratu dute, eskatuz Europako Batzordeari alda dezala Israelekin duen politika. Gutunean nabarmendu dutenez, horretarako aintzat hartu dute Nazioarteko Justizia Auzitegiak joan den astean ebatzitakoa: Israelen kolonizazio politikek nazioarteko legea urratzen dutela.

Senideen ustez, ordea, bahitu guztiak Israelera itzuli ahal izango dira aldeek itun bat sinatzen dutenean «soilik». Horregatik, eskatu diote lehen ministroari «agindu argi bat» eman diezaiela: «Akordio bat lortu berehala». Senideek hilabeteak daramatzate manifestazio handiak egiten, eskatuz Netanyahuri ahaleginak bideratu ditzala bahituak askatzera. Gainera, lehen ministroari leporatzen diote berari komeni zaizkion kalkulu politikoak egiten aritzea, eta gobernuan bera baino are eskuin muturrerago daudenei amore ematea. Netanyahu AEBetako Kongresuan mintzatu zen atzo, eta azaldu zuen arren bahituak askatzeko lanean ari direla, ez zuen xehetasunik eman.

Bestalde, zazpi preso palestinar askatu ditu gaur Israelek, Palestinako Ilargi Gorriak jakinarazi duenez. Horietako bik Wafa Palestinako berri agentziari adierazi diote torturatu egin dituztela. Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi zuen, herenegun, Israelek gizateriaren aurkako krimenak egiten dituela preso palestinarren aurka. Uztailean, hainbat aldiz aske utzi dituzte Israelgo kartzeletan zeuden preso palestinarrak; Tel Aviven arabera, tokirik ez dagoelako. Ez dago argi Israelek zenbat pertsona atxilotu dituen Gazan urriaren 7az geroztik; Zisjordanian 10.000 inguru izan dira azken bederatzi hilabeteetan, Palestinako iturriek diotenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.