Israelgo Auzitegi Gorenak ebatzi du ultraortodoxoek zerbitzu militarra egin beharko dutela

Orain arte, salbuetsita egon dira. Epaiak eragina izan dezake Netanyahuren koalizio gobernuan, bi alderdi ultraortodoxoen sostengua baitu.

Ultraortodoxo bat, zerbitzu militarra derrigortzearen aurka protesta egiten, apirilean. ABIR SULTAN / EFE
Ultraortodoxo bat, zerbitzu militarra derrigortzearen aurka protesta egiten, apirilean. ABIR SULTAN / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko ekainaren 25a
13:40
Entzun

Israelgo Auzitegi Gorenak aho batez ebatzi du israeldar ultraortodoxoek zerbitzu militarra egin beharko dutela aurrerantzean. Are, auzitegiak gobernuari agindu dio eskola erlijiosoei finantzaketa ken diezaiela ikasleek ez badute armadan izena ematen.

Orain arte, Israelgo Estatua sortu zutenetik, ultraortodoxoak ez zeuden behartuta armadan egotera. Izan ere, tratu berezi hori babesten dutenen iritziz, ikasketa erlijiosoak funtsezkoak dira erlijio judua babesteko; hortaz, defendatzen dute «armada bezain garrantzitsua» direla ikasketa horiek.

Gazako gerrak, ordea, aldatu egin du testuingurua, eta auzitegiak ondorioztatu du gerraren ondorioz desberdintasun handiagoak daudela ultraortodoxoen eta gainontzeko herritar juduen artean. «Ez dago esparru juridikorik bereizten dituenik eskola erlijiosoetako ikasleak eta armadara joateko gainerako hautagaiak; hortaz, estatuak ez du eskumenik modu orokorrean erabakitzeko nork egin diezaiokeen uko errekrutatua izateari», adierazi dute epaileek. Eta gaineratu dute gobernuak Israelgo defentsa zerbitzuen legearen arabera jokatu beharko duela. «Gerra gogor baten erdian, desberdintasunaren zama inoiz baino gogorragoa da, eta konponbidea behar du», zehaztu du Uzi Vogelman auzitegiko jarduneko presidenteak.

Auzitegi Gorenaren erabakiak eragina izan dezake Netanyahuren koalizio gobernuan. Bi alderdi ultraortodoxoren babesa du Netanyahuk: Xas eta Tora Judaismo Batuarena. Horiek gogor egin dute beti gazte ultraortodoxoak armadan egotearen aurka. Azken asteotan, Netanyahuk eskatu dio Parlamentuari onar dezala lege bat gizonezko ultraortodoxoak armadatik salbuesteko.

Ultraortodoxoen eta armadaren arteko auzia aspaldi sortu zen. 2012ra arte, Tal Legea indarrean egon zen; araudi horrek zerbitzu militarra atzeratzeko aukera ematen zien ultraortodoxoei, behin betiko salbuespena eskuratu bitartean. Urte horretan, Israelgo Auzitegi Gorenak ebatzi zuen «lege diskriminatzailea» zela, eta Netanyahuri adierazi zion salbuespenei eutsi nahi bazien lege bat onartu beharko zuela horretarako. Hurrengo gobernuek eta alderdi ultraortodoxoek hainbat akordio lortu izan dituzte, salbuespen horri eusteko. Azkenean, baina, neurriaren aurka bat egin dute hainbat alderdik, eta auzitegietara jo dute.

Gorenak aurtengo martxoaren amaierara arteko epea ezarri zion gobernuari proposamen bat egin zezan; Netanyahuk 30 eguneko atzerapena eskatu zuen, lege berri bat adosteko. Baina ez du lortu.

Erretiro adina, gora

Armadarekin zerikusia duen beste erabaki bat hartu du Israelgo Parlamentuak: erreserbisten erretiro adina atzeratzea helburu duen lege proiektu bat onartu du. Horren helburua litzateke armadan nahikoa militar izango direla bermatzea. Lege proiektuak aldeko 51 boto jaso ditu, eta kontrako 47.

Erreserban dauden soldaduak errekrutatzeko adina atzeratuko luke legeak: 40 urtetik 41era soldaduentzat, eta 45etik 46ra ofizialentzat. Horrez gain, medikuek eta aireko tripulatzaileek 50 urte izan arte lan egin beharko dute, eta ez 49 urte izan arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.