Israelgo armadak zortzi pertsona hil ditu Zisjordanian, sarekada batean

Su etena martxan den arren, Israelek areagotu egin ditu Zisjordaniako erasoak. Gazako Defentsa Zibilak jakinarazi du 10.000 gorpu inguru egonen direla hondakinen artean, eta hasia da horiek berreskuratzen.

Palestinar desplazatuak, atzo. MOHAMMED SABER / EFE
Palestinar desplazatuak, atzo. MOHAMMED SABER / EFE
Iratxe Muxika
2025eko urtarrilaren 21a
16:22
Entzun

Gazan su etenean diren bitartean, Israelgo armadak zortzi palestinar hil eta 35 zauritu ditu gaur, Jeninen egindako sarekada batean, Zisjordania iparraldean, Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Hura milizia palestinarren «gotorleku» dela argudiatuta egin du erasoa Israelek. Armadako indarrek airez bonbardatu dute Jenin hiria eta hango kanpalekua; erasoetako bat eskola baten ondoan egin dute. Joan den urtean, Israelgo armadak 491 palestinar hil zituen Zisjordaniako lurretan, gehienak errefuxiatuen kanpalekuetan. 

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi du «terrorismoa desagerrarazteko» egin dutela sarekada. Halaxe gaineratu du Smotrich Bezalel Finantza ministro kolonoak: «Geure buruari jarri diogun helburua lortzeko bertze urrats bat da hau: Zisjordanian segurtasuna indartzea». 

Horrekin lotuta, Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak salatu du Israelgo armada anbulantziei bidea galarazten ari zaiela, eta, hala, zaila egiten ari zaiela kanpalekuetako zaurituak artatzea. Eraso horien aitzinean, Hamasek borrokak areagotzeko deia egin du, Israelek egindako erasoei erantzuteko.

Gorpuak berreskuratzen

Gazako su etenaren lehenengo fasea indarrean denetik —igandean hasi zen, eta 42 egun irautekoa da—, gorpuak berreskuratzeko eginkizuna du Palestinako Defentsa Zibilak. Atzoko egunez 66 gorpu atera zituzten Israelgo armadak zerrendan suntsitutako etxe eta eraikin hondarretatik. Gerrak langile eta material falta eragin dien arren, Israelen supean egon behar ezak lanean aritzea ahalbidetu die Defentsa Zibileko kideei. 

Gaza hiriko eta iparraldeko eremuetan zortzi gorpu atera zituzten atzo; hegoaldean, berriz, 58. Sanad Palestinako albiste agentziak Defentsa Zibileko iturriak aipatuz gaur kaleratutako albiste baten arabera, su etena hasi zenetik 137 gorpu berreskuratu dituzte hegoaldeko Rafah hirian.

«Zibilek inguru horretan jasan dituzten sarraskien tamaina erakusten dute kopuruek», erran du Mahmud Sabal Defentsa Zibileko eledunak, eta gaineratu du Defentsa Zibila «berregituratu» eta «berreraiki» behar dela, hamabost hilabetean jasandako suntsiketek kalte handiak eragin dizkielako. Azken urte honetan 38.300 gorpu atera dituzte hondakinetatik.

Dena dela, eledunak ohartarazi du 10.000 gorpu inguru egonen direla hondakin artean, zeinak ez diren Gazako Osasun Ministerioaren biktimen estatistiketan erregistratuak izanen. Datu horien arabera, Israelek 46.913 palestinar hil ditu zerrendan 2023ko urriaren 7az geroztik.

Su etena indarrean egon arren, Israelgo armadak jakinarazi du «subjektu susmagarrien» aurka tiro egin duela Rafah herrian; Wafa albiste agentzia palestinarrak erran duenez, bi pertsona hil dira eraso horretan, tartean haur bat. Horrez gain, Gaza hirian bertan, drone batek bertze zibil bat zauritu du. 

Desplazatuen egoera

Palestinar desplazatuak etxera itzultzen ari dira, eta laguntza humanitarioa ere ari da, pixkanaka, Gazara iristen. Su etenaren akordioaren arabera, desplazatuek «libre» ibiltzeko eskubidea izanen dute zazpigarren egunetik aitzinera, eta egunero-egunero 600 kamioi joanen dira laguntza ematera. Bahituen hurrengo trukea larunbatean izanen dela espero dute. Atzo 915 kamioi iritsi ziren Gazara; igandetik gaur arte, 1.545 laguntza kamioi sartu dira Gazan, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. 

Israelgo armadak, bide batez, Gazako iparraldera itzultzeko baimena eman die desplazatutako palestinarrei, baldin eta Hamasek su etenaren akordioa errespetatzen badu —hain zuzen ere, su etenaren akordioan adierazita dago desplazatuek Gazara itzultzeko eskubidea dutela—. Zerrendaren hegoaldetik izanen dute sarbidea, eta, Xen Avichay Adraee IDF Israelgo Defentsa Indarren arabierazko bozeramaileak adierazi du «aurrerago» emanen dituztela horri buruzko argibideak.

QATAR, EBAZPEN ESKE

Qatarrek NBEko Segurtasun Kontseiluari eskatu dio su etenaren gaineko ebazpen bat kaleratu dezala, erabakia babesteko eta su etena bermatzen laguntzeko. Xeikha Alya Ahmed bin Saif Al-Thani NBEko Qatarreko ordezkariak berretsi du su etenaren akordioak Palestinako auzia konpontzeko balio behar lukeela, eta, gainera, bidea irekiko diela konponbideei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.