Israelgo armadak Yemengo hiriburua bonbardatu du aurreneko aldiz

Tel Avivek argudiatu du Yemendik jaurtitako misil bati erantzunez egin duela erasoa, eta «helburu militarrak» zituela jopuntuan. Hamasek arriskutsutzat jo ditu erasoaldiak.

Yemengo hainbat energia azpiegitura, Israelgo erasoen ostean. YAHYA ARHAB / EFE
Yemengo hainbat energia azpiegitura, Israelgo erasoen ostean. YAHYA ARHAB / EFE
Iratxe Muxika
2024ko abenduaren 19a
15:22
Entzun

Israelek eta Yemenek behin baino gehiagotan egin diote elkarri eraso iazko urriaren 7az geroztik; azkenekoz, gaur goizaldean. Israelgo armadak gaur ohar bidez jakinarazi du Yemengo matxino huthien «helburu militarrak»  bonbardatu dituela, Yemenek jaurtitako misil bat atzeman ondotik. Erasoaren ondorioz, mendebaldeko kostaldea eta Yemengo barnealdea izan dira kaltetuak; lehendabiziko aldiz jo du Sana hiriburua. Huthien —matxino xiiten— kontrolpean dago Sana, eta hango portua eta zenbait energia azpiegitura bonbardatu ditu. Israelgo armadak gaineratu du Yemengo matxino huthiek «helburu militarretarako» erabiltzen zituztela eremu horiek, eta, horiei eraso egin ostean, bertzeak bertze, Irango armen kontrabandoa «eragotziko» dutela. 

Al-Masirah huthien telebista kateak adierazi du Israelgo armadak lau aire eraso egin dituela; bereziki, Al-Hudaida hiriko portuaren kontra, eta bertze bi eraso egin dizkietela Ras Isako petrolio instalazioei. Gutxienez bederatzi lagun hil dituzte eta hiru zauritu, Al-Masirahk jakinarazi duenez. 

Iazko azaroan hasi ziren matxino huthiak Itsaso Gorrian erasoak egiten. Misilak eta droneak erabilita, Israelgo armadaren ontziei edo haiekin zerikusia dutenei egin diete eraso. Gaur, ordea, zuzenean jo dute Tel Aviven kontra: bi misil jaurti dituzte. Yahya Sarea huthien bozeramaile militarrak erran du haien erasoak «helburuak» jo dituela, nahiz eta Israelgo armadak erran duen jaurtigaiak atzeman dituela. Hori ikusita, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak ohartarazi du «indarrez» eginen dietela eraso, eta ez dutela onartuko «tiropean eta mehatxupean» jarraitzea.

Israelen arabera lehen erasoa Yemendik iritsi bada ere, kontrakoa esan dute huthiek. Sarearen arabera, matxino xiiten erasoa Israelek egindakoaren «une berean» gertatu da, eta, hortaz, erantzuna «legitimoa eta naturala» izan da. Israelgo armadak ohar bidez kaleratu duenez, Yemengo jaurtigaiek inor zauritu ez duten arren, hondakinek kalteak eragin dituzte Ramat Gan hiriko eskola batean. Erasoaldia eta haren ondoriozko kalteak «aztertzen» ari dira oraindik, baina bozeramaile militarrak dagoeneko adierazi du herritarrak huthien erasoetatik «defendatzen» jarraituko duela, eta, horretarako, Ekialde Hurbilean herrialdea «mehatxatzen» duen «edozeinen» aurka eginen duela. 

Palestinako Hamas talde islamistak gaitzetsi egin du «Yemen anaiaren» aurka Israelek egindako bonbardaketa, eta argitu du «arriskutsuak» direla goizaldeko erasoaldiak, haiei ere eragiten baitiete. «Gure herri palestinarraren, Siriaren eta eskualde arabiarraren aurkako erasoen gorakada eta hedapena da gaurkoa», adierazi du gaur, ohar bidez.

Israelen «genozidioa» Gazan

HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko GKE gobernuz kanpoko erakundeak «sarraskia eta genozidioa» egitea leporatu dio gaur Israeli, Gazako palestinarrei ura eskuratzea eta horren erabilera ukatzeagatik. Tirana Hassan HRWeko zuzendari exekutiboak ohar bidez adierazi duenez, milaka pertsona hil dira deshidratazioaren eta gaixotasunen ondorioz. «Israelgo Gobernuak urtebete baino gehiago darama zerrendako palestinarrei bizirik irauteko gutxienekoa ukatzen». Gainera, erakundeak argi du «nahita» ari direla ura segurtasunez erabiltzeko aukera kentzen. 

Txostena osatzeko, testigantzak bildu ditu erakundeak: Gazako 66 palestinar, zaborra biltzeko udal enpresako lau langile, osasun arloko 31 langile eta NBE Nazio Batuen Erakundeko eta nazioarteko bertze erakunde batzuetako hamabost langile. Gainera, satelite bidezko irudiak, argazkiak eta bideoak aztertu dituzte. Halaxe adierazi du Hassanek: «Hau ez da arduragabekeria izan, hau kontzienteki eta lehendik prestatutako mugimendua da».

Alegia, Israelgo armadak Gazako ura tratatzeko azpiegituren aurka hainbat eraso egin ditu, eta, hortaz, ur kutsatua bertzerik ez dute eskura. HRWekoek erran dute gutxienez bitan ahalegindu direla Israelgo agintariekin hitz egiten eta informazioa lortzen, baina sekula ez dutela erantzunik jaso.

HILDAKO BAT ZISJORDANIAN

Israelgo armadak Zisjordania okupatuko iparraldeari eraso egin dio berriz. Nablus hiriko Balata errefuxiatuen kanpamentuaren kontra egin ondotik, 80 urteko emakume bat hil du eta bertze hiru palestinar zauritu. Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak salatu du Israelgo armadak erasoa egiteaz gain zaurituak artatzea «oztopatu» egin duela, eta anbulantzien inguruan tiro egin duela. Gazako zerrendan gerra gaiztotu zenetik Israelgo armadak gogortu egin ditu Zisjordaniako palestinarren kontrako erasoak, eta ordutik 800 palestinar baino gehiago hil dituzte —horietatik 168 haurrak dira—. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.