Israel eta Hamas menia onartzera deitu dituzte AEBek eta beste hamasei herrialdek

Komunikatu bateratu baten bitartez, gobernuburuek eta estatuburuek adierazi dute ez dagoela «denbora galtzerik». Israelgo armadak UNRWAren eskola bati eraso dio Gazan, eta gutxienez 40 lagun hil ditu; 6.000 pertsona zeuden han.

Palestinar batzuk UNRWAren eskolan, Al-Nuseiraten (Gaza), gaur, Israelgo armadak egindako erasoaren ondoren. MOHAMMED SABER / EFE
Palestinar batzuk UNRWAren eskolan, Al-Nuseiraten (Gaza), gaur, Israelgo armadak egindako erasoaren ondoren. MOHAMMED SABER / EFE
ander perez zala
2024ko ekainaren 6a
14:30
Entzun

Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak joan den ostiralean aurkeztu zuen Gazarako su-eten proposamena mahai gainean dago oraindik ere. Eta, egunotako erabakiak eta adierazpenak aintzat harturik, badirudi Bidenek berak eta AEBen aliatuek asmoa dutela horrekin presio egiteko. Horren erakusle, Etxe Zuriak hamazazpi herrialderen komunikatu bateratu bat argitaratu du gaur, eskari argi bat jasotzen duena: Israel eta Hamas deitzen dituzte meniarako plana onartzera.

Estatu horietako gobernuburuek eta estatuburuek uste dute ez dagoela «denbora galtzerik», eta ezinbestekoa dela negoziazioetako bi aldeek «beharrezkoak diren azken konpromisoak» hartzea, «garai erabakigarria» delakoan. Sinatzaileak hauek dira: AEBak, Alemania, Argentina, Austria, Brasil, Bulgaria, Danimarka, Erresuma Batua, Errumania, Espainia, Frantzia, Kanada, Kolonbia, Polonia, Portugal, Serbia eta Thailandia.

Bidenek plana aurkeztu eta egun batera, Benjamin Netanyahuk adierazi zuen ez dela su eten iraunkorrik izango Gazan bere helburuak betetzen dituzten arte; hau da, besteak beste, Hamas «suntsitu» arte. AEBetako presidentearen arabera, hark jakinarazitako su eten proposamena Tel Avivek bidalitako negoziatzaile taldeak diseinaturikoa zen, baina Israelgo gobernuburuaren erantzunak iradoki zuen ez zegoela ados eduki horrekin; are, aste hasieran, Israelgo Gobernuak adierazi zuen Bidenek ez zuela plazaratu «plan osoa». Hamasek, berriz, berehala erreakzionatu zuen, eta lehen «erantzun positiboa» eman zion AEBetako estatuburuari, joan den ostiralean bertan —behin betiko erantzuna «datozen egunetan» emango du—.

Gaur, berriz, testua sinatu duten hamazazpi herrialdeek esan dute Israel «prest» dagoela su-eten proposamen hori onartzeko, eta erabateko babesa helarazi diote Bideni, uste baitute akordio horren ondorioz «berehalako su eten bat» sartuko litzatekeela indarrean Gazan, eta «luzera begirako bakea eta bi estaturen irtenbidea» gauzatzeari atea irekiko liekeela. Plan horrek jasotzen du, besteak beste, bahituak eta presoak trukatzea, menia iraunkor bat finkatzea eta zerrendaren berreraikitzea abian jartzea.

Komunikatu bateratuaren aurretik, argitara atera dute Israelgo armadak gutxienez 40 lagun hil eta dozenaka zauritu dituela Gaza erdialdean, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren eraikin bati eraso eginda, Al-Nuseiraten. Berez, bonbardaturikoa eskola bat da, baina lekualdaturiko herritarrentzako aterpe bilakatu da hilabeteotan. Eta zerrendako gobernuak, hain justu, gaur goizean jakinarazi du hildako gehienak errefuxiatuak direla: «Sarraski ikaragarria da». 6.000 pertsona zeuden han, UNRWAren mandatari nagusi Philippe Lazzarinik eguerdian azaldu duenez.

Gazako Gobernuak eman du erasoaren berri, goizean —eguerdian hildakoen kopurua eguneratu du—, eta Israelgo armadak gerora baieztatu du gertaturikoa. Ohiko argudioa erabili du egindakoa justifikatzeko: Hamasen eta Jihad Islamikoaren militante batzuk —«hogei eta 30 artean»— zeudela UNRWAren eskolan, eta bonbardaketa, berez, horien kontrakoa izan dela. Are, esan du Palestinako bi organizazio islamista horietako kideak daudela hildakoen artean; Reuters albiste agentziari egindako adierazpenetan, Ismail al-Thawabta Gazako Gobernuko Hedabideen Bulegoko bozeramaileak erantzun du hori guztia «gezurra» dela; Lazzarinik, berriz, adierazi du UNRWAk ezin duela akusazio hori «egiaztatu».

Eraso horri dagokionez, Israelgo armadak gehitu du aldez aurretik «pausoak eman» dituztela «zibilak zauritzeko aukerak txikitzeko», baina Al-Jazeera telebista kateak, Al-Nuseiraten zauriturikoekin hitz egin ondoren, argitaratu du horietako inork ez zuela bonbardaketen abisurik jaso.

Hildakoen gorpuak eta zaurituak Deir al-Balahra eraman dituzte, Al-Aqsako Martirien Ospitalera —eskola horretatik zortzi kilometro ingurura dago—, eta, AP Associated Press berri agentziaren arabera, beste eraso batean izandako sei hildakorenak ere eraman dituzte hara. Ospitale hori gainezka zegoen Israelgo armadaren erasoaren aurretik, eta, orain, artatu ditzakeen pazienteak halako hiru ditu.

«Egun gogorragoak» Libanoko mugan

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo adierazi zuen prest daudela Hezbollahren kontrako «ekintza bortitz bat» egiteko. Oraindik ikusteko dago zehazki zertaz ari zen Netanyahu, baina Benny Gantz gerra kabineteko kide eta gobernuburu izandakoa (2020-2021) Libanoko mugara joan da, eta, Israelgo lehen ministroak esandakoen harira, hango alkate batzuei ohartarazi die «egun gogorragoetarako prestatzeko».

Israelgo Channel 12 telebista kateak gaur jakinarazi duenez, Gantzek auzapez horiei esan die «borroka gogorragoak» izango direla, eta «ez kexatzeko orainaz», etorkizunean «arazo gehiago» izango dituzte eta.

Atzo, Hezbollahk suziriak bota zituen Hurfeish herrira (Israel), eta militar bat hil eta gutxienez hamar lagun zauritu zituen. Israelgo armadak Libano hegoaldeko Wadi Gilo bonbardatuta erantzun du gaurko ordu txikietan, herrialde horretako Albiste Agentzia Nazionalaren arabera. Ez da hildakorik izan.

Espainiak ere parte hartuko du Israelen kontrako Hagako salaketan

Mexikoren eta Txileren ostean, Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek gaur jakinarazi du bere herrialdeak ere parte hartuko duela Hegoafrikak Israelen kontra Nazioarteko Justizia Auzitegian egindako salaketan. Genozidioa leporatzen diote Israeli, Gazan egiten ari den erasoengatik. Albaresen agerraldiaren aurretik, Israelgo hedabideek argitaratu dute Israel kasu horretan ordezkatzen ari den Aharon Barakek postu hori uztea erabaki duela; dimisioaren berri emateko gutuna herenegungoa da, eta, horretan, Barakek «arrazoi pertsonalak» argudiatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.