Asteon bigarrenez, eremu humanitario bati eraso egin dio Israelgo armadak. Gaza erdialdeko Al-Nuiserat hiriko eskola bat bonbardatu zuen atzo iluntzean, eta eskola hori kudeatzen duen UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak jakinarazi duenez, gutxienez hemezortzi lagun hil dituzte, eta beste hainbeste zauritu; horien artean, erakunde horretako sei langile humanitario. Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak gaitzetsi egin du bonbardaketa gaur goizean, eta Israeli egotzi dio nazioarteko zuzenbidea urratzea. «Gazan gertatzen ari dena onartezina da», salatu du.
Ohi duen moduan, Israelgo armada erasoa justifikatzen saiatu da, arabierazko komunikazioaz arduratzen den bozeramaile Avichay Adraeek X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez, eta argudiatu du Hamasek «kontrol estrategikorako» eraikin gisa erabiltzen duela Al-Nuiserateko eskola. Haren arabera, hil dituzten gehienak erakunde islamistako kideak ziren, eta Israelen eta Israelgo soldaduen aurkako «eraso askotan» parte hartua zuten.
UNRWAko zuzendari nagusi Philippe Lazzarinik gaur goizean zabaldutako prentsa oharrean azaldu duenez, ordea, bonbardaketan hil dituzten langile humanitarioak han babes hartzen zuten palestinar errefuxiatuei laguntza ematen aritu dira asteotan. Are, jakinarazi du Israelgo armadak UNRWAko 220 langile humanitario hil dituela urriaren 7az geroztik. Bide beretik, Gazako Babes Zibilerako bozeramaile Mahmud Bassalek salatu du eskola horri eraso egiten dioten bosgarren aldia dela.
Qatarrek ere gaitzetsi egin du Al-Nuiserateko eskolaren aurkako bonbardaketa, eta eskatu du «berehala» abian jar dezatela nazioarteko ikerketa bat Israelek Gazako eremu humanitarioen aurka egin dituen erasoak aztertzeko. «Hilketa masibo krudel horrek argi erakusten du nolakoa den okupazioa, baita nazioarteko zuzenbidea nola mespretxatzen duen ere», adierazi du Qatarko Atzerri Ministerioak, gaur kaleratutako komunikatu baten bidez.
AEB Ameriketako Estatu Batuekin eta Egiptorekin batera, Gazarako su eten bat adosteko bitartekari ari da Qatar. Horren inguruan ere mintzatu da asteon, eta eskatu dio nazioarteari «presio handiagoa» egin diezaiotela Israeli, oldarraldiari «irtenbide bat» eman ahal izateko. Eta, horrekin lotuta, Hamasek atzo gauean zabaldutako prentsa ohar batean berretsi zuen prest dagoela AEBek maiatzean proposatutako eta erakunde islamistak uztailean onartutako menia «noiznahi» indarrean jartzeko.
Osasun arreta jasotzeko
OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusi Teydros Adhanomek gaur goizaldean jakinarazi duenez, larriki gaixo dauden eta tratamendua behar duten 97 palestinar ebakuatu dituzte. Gaza hegoaldeko Kerem Xalom pasabidetik atera dituzte zerrendatik,eta Israelera eraman; handik Abu Dhabira joatekoak dira (Arabiar Emirerri Batuak).