Israelgo armadak sartu-irten bat egin du Gazan, lurrez, inbasioa «prestatzeko»

Militarrek esan dute «Hamasen 250 helbururi baino gehiagori» egin dietela eraso. NBEk ohartarazi du zerrendan ez dagoela zibilentzako «toki segururik».

Palestinar batzuk Gaza Hirian hondakinen artetik neska bat ateratzen. MOHAMMED SABER, EFE
Ander Perez Zala - Jon Ordoñez Garmendia
2023ko urriaren 26a
07:14
Entzun

Israelgo armadak sartu-irten «selektibo bat» egin du Gaza iparraldean bart gauean, lurrez, militarrek gaur goizean baieztatu dutenez. Hasieran uste zen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak asteotan hainbatetan iragarri duen lurreko erasoaldia zela, baina tankeekin egindako sartu eta ateratzeko operazio bat izan da, iturri horiek azaldu dutenez; hain justu, iragarritako inbasioa «prestatzeko». «Hamasen 250 helbururi baino gehiagori» egin diete eraso, haien arabera.

«Operazioan segurtasun indarrek hainbat terrorista aurkitu dituzte, eta eraso egin diete; azpiegitura terroristak eta tankeen aurkako gordelekuak suntsitu dituzte, eta antolaketa lanak egin dituzte», esan du armadak. Operazioa amaitutakoan, Israelera itzuli dira soldaduak; Filastin Palestinako egunkariak esan du borroka bortitzak izan direla Gaza eki-erdialdean.

Bart gauekoa ez da izan Israelen lehen sartu-irtena Gazan hilaren 7az geroztik. Orain arteko handiena izan da, ordea, eta horrek alarmak piztu ditu. Joan den urriaren 14an iragarri zuen Netanyahuk lehorrez, airez eta itsasoz inbadituko dutela Gaza; bi aste pasatu dira, ordea, eta, zenbait iturriren arabera, armadako buruak urduritzen hasiak dira.

Ez dago zalantzan, baina, sartuko direla. Israelgo lehen ministroak, atzo gauean egindako agerraldi batean, berriz esan zuen lurreko inbasioa prestatzen ari direla, eta «soilik gobernuak» erabakiko duela noiz abiatuko duten, eta ez armadak; oraingoz, badirudi bahituen afera bideratu arte ez dutela hori egiteko asmorik. Afera horretaz, Netanyahuk aitortu zuen erantzun egin beharko duela Gazako milizia palestinarrek urriaren 7an egindako erasoengatik: «Hutsegiteak amaierara arte ikertuko dira. Denek eman beharko dituzte erantzunak, nik ere bai. Baina hori guztia gerraren amaieran gertatuko da».

Bien bitartean, ordea, Gazako beste bi milioi pasatxo herritarren antzera, Israelen etengabeko erasoen arriskupean daude bahitutakoak. Hamasek jakinarazi berri duenez, Filastin egunkariaren bitartez, gutxienez 50 bahitu hil dira Israelek jaurtitako bonbardaketen ondorioz.

Izan ere, zorrotz esan du gaur NBE Nazio Batuen Erakundearen Palestinako lurralde okupatuetarako koordinatzaile humanitario Lynn Hastingsek: «Gazan ez dago toki segururik zibilentzat». «Jendeak ezinezko aukerei aurre egiten die ebakuazioetarako bideak bonbardatzen dituztenean, borroken ondorioz jendea harrapatuta geratzen denean iparraldean eta hegoaldean, bizirik irauteko oinarrizko ondasunak urriak direnean eta itzulerarako bermerik ez dagoenean», deitoratu du Hastingsek komunikatu baten bitartez.

Gazako sartu-irtenarekin batera, Zisjordanian ere hainbat operazio egin ditu bart gauean Israelgo armadak, eta dozenaka palestinar atxilotu ditu. Filastin-en arabera, besteak beste, Jerusalem ekialdean, Ramallahn, Nablusen eta Betlemen izan dira operazio horiek, eta laurogei lagun atxilotu dituzte gutxienez. Wafa albiste agentziak, berriz, argitaratu du gutxienez 30 pertsona atxilotu dituztela Hebronen; Lama Jater kazetaria dago horien artean.

Borrokek ez dute etenik, ez Gazako mugan, ezta, azkenaldian, Libano hegoaldeko mugan ere. Hezbollah milizia ari da hortik Israeli eraso egiten; hori bai, hasi zirenetik, erasoaldiak ez dira areagotu, eta ez dira inguruko eremuetara zabaldu. Adierazitako elkartasunagatik eta borroketan parte hartzeagatik «eskertuta» dago Hamas, baina, The Associated Press berri agentziari talde armatuko goi kargudun batek esan dionez, «gehiago espero dute» eta «gehiago behar dute» Gazaren aurkako erasoaldia gelditzeko.

Gazarako «eten humanitario» bat eskatu dute EBko estatu kideek

EB Europako Batasuneko gobernuburu eta estatuburuak bildu dira gaur, eta, komunikatu bateratu baten bidez, Gazarako «eten humanitario» bat eskatu dute, desadostasunak alde batera utzita. Hainbat orduko eztabaidaren ondoren lortu dute ados jartzea. Aurretik ondutako dokumentuari zera gehitu diote: «Europako Batasunak babestu egiten du laster nazioarteko bake konferentzia bat egitea». EBko agintariek jarrera komun bat jakinarazi duten lehen aldia izan da.

Baina NBEren Segurtasun Kontseiluan, berriz ere huts egin dute Gazaren egoera humanitarioari eta, oro har, gerrari buruz aurkezturiko ebazpenek. Gaurko ordu txikietan egin dituzte bozketak. AEB Ameriketako Estatu Batuek aurkeztu zuten lehena, «eten humanitario bat» eskatzea jasotzen zuena, eta Txinak eta Errusiak betoa ezarri zioten, argudiatuta ez zuela su etena eskatzen; bigarrena Errusiak aurkeztu zuen, «berehalako menia bat» exijitzeko, eta, kasu horretan, AEBek eta Erresuma Batuak jarri zioten betoa.

Washingtonek kritikatu zuen testu hori «azken ordukoa eta kontsultarik gabea» izatea, eta adierazi zuen lan egiteko modu hori ez dela «egokia». Bi testu horiek kontuan harturik, NBEren Segurtasun Kontseilua lau aldiz saiatu da ebazpen bat onartzen Gazako milizia palestinarren eta Israelen arteko gerrari buruz, eta kasu guztietan huts egin du.

Israelgo militarrek gutxienez 7.000 lagun hil dituzte zerrendan hilaren 7az geroztik —horietako 2.913 haurrak—. Egoera horren harira, Hamasek protestara deitu ditu palestinarrak biharko eta iganderako; besteak beste, Rafahko (Egiptoren eta Gazaren arteko mugan) pasabidea berriz ere irekitzeko eskatzeko manifestazioak dira, organizazio politiko islamistaren arabera. Bide hori da Gazan laguntza humanitarioa sartzeko bakarra, beste guztiak itxita baitaude; gaur beste hamabi kamioi sartu dira, ura, janaria eta sendagaiak banatzeko, Palestinako Ilargi Gorriak jakinarazi duenez.

Hain justu, Ekialde Hurbileko hainbat estatuk gaitzetsi egin dituzte Gazako zibilen aurkako «zigor kolektiboa» eta behartutako lekualdatzea. Adierazpen bateratu bat sinatu dute Arabiar Emirerri Batuek, Jordaniak, Bahrainek, Arabia Saudik, Omanek, Qatarrek, Kuwaitek, Egiptok eta Marokok. Horien arabera, Israelen «defentsarako eskubideak» ez ditu justifikatzen «palestinarren oinarrizko eskubideen urraketak».

Egoera humanitarioarekin lotuta, EB Europako Batasuneko gobernuburu eta estatuburuak gaur eta bihar bilduko dira, eta, desadostasunei aurre egin ostean, «eten humanitario bat» eskatuko dute Gazarako. EBko agintariek jarrera komun bat jakinaraziko duten lehen aldia litzateke.

Hamaseko kideak, Moskun

Moskun izan da gaur Hamasen delegazio bat, Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak jakinarazi duenez. Borrokak hizpide izan dituzten arren, bahitutakoen aferaz aritu dira gehien, iturri horren arabera. Bisita horrek, ordea, ez dio graziarik egin Tel Avivi. «Israelek gaitzetsi egiten du Hamaseko kideak Moskura joateko gonbita. Ekintza horrek terrorismoa babesten du, eta legitimatu egiten ditu Hamasek egindako basakeriak», esan du Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramaile Lioir Haiatek. Gero, delegazio hori Errusiatik kanporatzeko eskatu du.

Bisita hori da, hain justu, Errusia gatazkan izaten saiatzen ari den bitartekari rolaren adibide bat. Su etenerako deiak egin ditu Moskuk, baina ez ditu gaitzetsi ez milizia palestinarrek urriaren 7an egindako erasoa, ez Israelen okupazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.